"Gerra galdu zutenen memoria berreskuratzera gatoz"

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 29a, 09:55

1936ko gerrak urte hartako irailean Usurbilen utzitako arrastoa azaleratu eta ahazturiko memoria eraikitzera datoz, jazotakoa betirako ahanzturan eror ez dadin. Dagoeneko ikerketa faseari ekin diote, garai hartako usurbildarren objektu eta lekukotzak bildu nahi dituzte, gudalekuak auzolanean berreskuratu. 2021eko irailean tropa faxistak udalerri honetan sartu zireneko 85 urte beteko direnerako borobildu nahi dute egitasmoa, ordura arte bildutakoa jendaurrean erakutsiz, Aitzol Arroyo historialariak, Aitor Azurki kazetariak eta Ionma herritarrak, Usurbilgo Udalarekin elkarlanean. “Gerra galdu zutenen memoria berreskuratzera goaz”, adierazi digute lerrootan.

NOAUA!  1936ko  irailaren  19an  zer jazo zen Usurbilen?
Aitzol  Arroyo:  Tropa  faxistak sartzen dira Usurbilen. Halere aurretik hemengo bataila odoltsu edo gordinenak iraila hasieran abiatzen dira,  irailaren 5eko gauean, hilaren 6tik aurrera. 10  egun iraungo zuten borroka latzak egon ziren hemen inguruko mendietan. Ikerketa lana dezente aurreratua dugu. Baditugu, errefortzu gisa armamentu desberdina hona, Usurbilgo frontera ekarri zutela dioten erregistroak. Nola ekarri zuten materiala bai Bilbotik, Bizkaiko Gobernu Zibiletik, zaurituen eta hildakoen erregistroak ditugu, badugu Usurbilgo frontean hilda suertatu zen sarjentu baten kasua... Orain arte gutxi aipatu izan den Usurbilgo fronteak bere garrantzia eta indarra izan zuen.
Aitor Azurki: Usurbilgo fronteak bere indarra, garrantzia izan zuen eta horren lekuko, nola Bizkaitik materiala ekarri zuten oso kontziente zirelako gune garrantzitsua zela. Usurbilgo herriarentzat sorpresa interesgarriak izango dira. Dokumentazio fasean zaudetela esan liteke.  

Zuen egitasmoaren abiapuntua ezta?
Aitzol Arroyo: Lehen fase bezala hartu genuen ikerketa lana, artxibo ezberdinen hustutzea. Covid19-ak ikerketa nahiko moteldu eta zaildu du ere artxiboetako sarrerak eta dokumentuak begiratzea. Lehen azkarrago egingo zena orain pixka bat luzatuko da, baina momentuz ikerketa fase horretan gaude; dokumentuak, iturri bibliografikoak aztertzen, fronteko lekuak edo toki belikoak ikertzen. Azkenean hori izango da guretzat oinarri nagusia aurrerago egingo dugun erakusketarako, baita ere kaleratuko dugun azkeneko argitalpenerako edo forma emango diogun azken proiekturako.
Aitor  Azurki: Orain arte Salamancako artxibo historikora joaten zinen eta kaxak banaka aztertzen joaten zinen. Kaxa bakoitzean karpeta ezberdinak topa daitezke. Lehen egun batean 30, 40, 50 kaxa begira genitzakeen eta orain bat edo bi. Horrek ikerketa lana asko zailtzen digu. Baina egoera horrela dago momentuz, ea aldatzen den.


“Parte-hartze prozesu bat hasiko dugu hurrengo urtean”
NOAUA!  Arreta  deitu  dizuen  daturik, pasadizorik?
Aitor   Azurki:  Oso deigarria da lehen aipaturiko sarjentu hori frontean nola hiltzen den.
Aitzol Arroyo: Abuztu bukaeran Gipuzkoako defentsa batzordeak dekretu edo agindu bat argitaratu zuen. Normalean lehen anbulantzia edo kamioien bidez herrira jaisten zituzten edo Donostiara eramaten zituzten, baina iraila hasieratik frontean hildakoak frontean utzi edo bertan lurperatu behar zirela agindu zuten. Zentzu horretan, sarjentu honen kasua aipatuz esan genezake, eta badakigu seguru ez dela bakarra  izango, zantzuak egon litezkeela oraindik ere mendian gorpuren bat topatzekoa. Hurrengo urte erdialdean, udaberritik aurrera gudalekuen berreskurapenarekin hasiko gara eta hor gerta liteke halako sorpresak topatzea, bai armamentu edo lubaki aldetik, horrelako kasuak ere gerta litezke. Prozesu honetan ere bidelagun izan nahi dituzue herritarrak.

Zer modutan lagundu dezakete memoria osatze lanotan?
Aitor  Azurki: Hurrengo urtean parte-hartze prozesu bat hasiko dugu eta zer eskatuko  dugu? Alde batetik lekukotzak, bakoitzak gogoratzen duena garrantzitsua izango  da. Herritarrak has daitezela etxeko adinekoei galdetzen, armairu eta ganbaretako  kaxetan izan dezaketen material hori begiratzen. Fase hau oso garrantzitsua, funtsezkoa iruditzen zaigu, hor   berreskuratzen delako alde batetik artxiboetan ikertu duguna, beste horrek osatuko du Usurbilgo herriaren gizarte memoria. 


"Belaunaldi berriek aurrekoek zer pairatu zuten ezagutzen lagundu dezake"
NOAUA!  Erlojuz  kontrako lana da hau guztia?
Aitor  Azurki:
 Erlojuz kontrako lana da, adinekoak hiltzen ari dira. Eta hortaz ahalik eta lasterren hasi nahi dugu. Herritarrak has daitezela etxeko ganbaran dagoen kaxoi edo kutxa irekitzen. Edozein gauza txiki  iruditzen  zaiena  guretzat  oso  objektu preziatua izan daiteke, azkenean hori delako ere herri baten memoria gorpuztea.

Hamarkada  luzeetan  etxe  askotan  isilarazia  izan  den  gaia  azaleratzen lagundu dezake.
Aitor  Azurki:  Proiektu honek belaunaldi  berriek aurrekoek  zer pairatu zuten ezagutzen lagundu  dezake,  bere  memoria. Norberak  ere  oso  altxor  politak topatuko ditu. Gertatu izan zaigu  jende  anonimoak  idatzi  izana,  “nire  familiaren  historiaren parte bat eman didazue, berreskuratzen  lagunarazi  didazue”  esanez.  Halakoak gertatuko dira seguru eta hori ere oso polita da, kanpora zein barrura begira.

Zein da  egitasmo honekin Usurbilen utzi nahi zenuketen arrastoa?
Aitzol  Arroyo:  Lehenengo  unetik,  proiektuaren lehenengo ideiak burura etorri eta egitasmoa alkateari eta zinegotziei aurkeztu  genienean, adierazten genuen oraindik bazegoela zerbait Usurbilgo herrian ahanzturaren kutxa batean galdua. Eta zerbait zor geniola ere hemengo herriari, gizarteari, oroimena sustatuz, ahanzturan ez geratzeko prozesu guztia. Oraindik ere ehunka eta ehunka dira ahanzturan daudenak. Zentzu horretan gure aletxoa jarri nahiko genioke 36ko gerran Usurbilen gertatu zenari, herriak merezi duelako. Berreskurapen lan horrek ere balioa du baita herria osatzeko, herrigintza egiteko, balio diezaioke gizarteari.
Aitor  Azurki: Gu ez gara zerotik hasiko, aurrez eginiko lan  historikoa osatzera, sakontzera dator.  Egin  izan da omenaldirik aurrez  Usurbilen;  zenbait  gudariri   eginiko   omenaldian   emandako plakak jartzen zuen moduan,  “izan  zirelako  gara  eta garelako izango dira”.

Iragana   argitu,   etorkizunean   berriz  halakorik  ez  errepikatzeko.
Aitzol  Arroyo:  Batez  ere  hori  da.  Edonork  aukera  izatea  jakiteko  benetan  zer  jazo  zen  duela 84 urte. Batez ere lanketa garrantzitsua dago gazteenekin, eskoletan. Gerrataz galdetzen badiezu, ez dakite ezer. Nik behintzat ezjakintasuna da sentitzen dudana orohar. Nahiko gogorra egiten zait historialari  bezala, horren gertu dugun gaia dela ikusirik. Beti aipatzen dugu 2. Mundu Gerran Auschwitz eta abar ikur bihurtu zirela, baina oraindik ere ahanzturan ari gara uzten, duela 84 urte gure aiton-amonek pairatu zutena; erbestera joatea, kartzela,  heriotz  zigorrak,  errepresioa... Hori guztia hemen ere gertatu zela eta oraindik ere orduko aztarnak badirautela. Beraz bisiten eta hitzaldi ezberdinen bitartez gaia gazteengana hurbiltzeko asmoa  dugu, beraiek  ere gizartearen  iragan kolektiboa zailtasunik  gabe ezagutu ahal izateko.

85. urtemuga bidean da.
Aitzol  Arroyo:  Proiektua  aurkeztu genuenean,   efemeride   gisa   hartu   genuen 2021eko  irailaren  19a, justu hurrengo urtean beteko baitira 85 urte faxistek Usurbil okupatu zutenetik. Nahita jarri genuen erakusketa urte horretan egitea,   inaugurazio ofizial bat egiteko egunean bertan. Omenaldi moduko bat izateko ere, zentzu batean buelta emateko. Nola  duela 85 urte faxistek Usurbil hartu zuten eta nola 85 urteren ondoren gerra galdu zutenen memoria berreskuratzera goazen. Duela 85 urteko gizartea merezi duen toki duin batean kokatzeko.

36ko gerraren memoriaren berreskuratzea, fasez fase
1.- Ikerketa lana (egungo  fasea): Informazio bilketa.
2.- Parte-hartze  prozesua (2021eko  udaberritik  aurrera): Memoriaren bulegoaren irekiera, dokumentu, argazki eta lekukotzak biltzeko. Gudalekuak berreskuratzea: “Usurbilgo  Frontea”  gunea  txukundu eta ezagutaraztea.
3.- Memoriaren bulegoan bildutako materialaren erakusketa. Inaugurazioaren balizko data: 2021eko irailaren 19a, tropa faxistak  Usurbilen  sartu  zireneko 85. urteurrenean.
4- Bildutako informazio guztiarekin liburu, dokumental edo webgune bat plazaratzea.

Sustatzaileak: Aitzol Arroyo historialaria, Aitor Azurki kazetaria, Ionma herritarra, Usurbilgo Udalarekin batera.