Koronabirusa

Herri bizitzari elkarlanean eusteko apustu irmoa

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 29a, 13:42
Udal eta herri eragileetako ordezkariek Udarregi Ikastolan egindako bilerako argazkia. Egilea: Usurbilgo Udala.

Elkarlanaren aldeko apustua berresten duen talde argazkia duzue ondokoa. Asteazken honetan Udarregi Ikastolan udal eta herri eragileetako ordezkariek eginiko bileran ateratakoa. Covid19-aren "bigarren olatu" betean alarma-egoera ezarri eta hainbat murrizketa martxan dauden honetan, ohiko prebentzio neurriak hartuta herri bizitzari elkarlanean eusteko apustua egin dute irudiko protagonistek; Usurbilgo herri ordezkaritza zabal batek.

Igandeaz geroztik alarma-egoeran da Hego Euskal Herri osoa, baita Usurbil ere. Aste hasieratik eremu gorrian, covid19 kasuen 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentziak 500 kasuko langa gainditu ostean. Astearteaz geroztik, gauez (23:00-06:00 artean) etxeratze-agindua martxan da, mugikortasuna murriztua (ezin atera ez Usurbildik ezta EAE-tik ere, salbuespen kasuetan izan ezik).

Testuinguru zail honetan, martxoko "lehen olatuan" gertatu zena ez dute errepikatzerik nahi, albiste honi atxikia duzuen argazkiko protagonistek; asteazkenean Udarregi Ikastolan egindako herri bileran parte hartu zuten udal eta eragileetako ordezkariek. Orduko hartan egun batetik bestera herri bizitza zeharo etenda geratu zen; ekitaldiak bertan behera, oinarrizkoena saltzen zuten establezimenduak salbu, gainerakoak itxita... 

Oraingoan ez lukete berriz halakorik gertatzerik nahi; elkarlanean, beharrezko prebentzio neurriak hartuta, herri bizitzari eutsi nahi diote covid19-aren "bigarren olatu" betean gauden honetan. Horretarako lanabesa badute; elkarlana. Bizi dugun osasun krisialdiaren uneaz eta horretaz, testuinguru zail honetan herri bizitzari eusteko apustuaz hitz egiten aritu ziren Udarregi Ikastolako asteazkeneko bileran. Udal gobernu taldetik eragileei eskerrak helarazi nahi izan zizkieten, ekitaldiak antolatzeko egiten ari diren ahaleginagatik. Egoera aldrebes honi herri gisa erantzuteko beharra azpimarratu zuten, "komunitate bakar gisa... lan filosofia eta ikuspegi berarekin aritzeko beharra". 

Prebentzio neurriak hartuta
Hilabeteon ildotik segitzeko asmo argia adostu dute; beharrezko segurtasun eta prebentzio neurriak hartuta, Usurbilgo herriari neurri berrietara egokitutako eskaintza plazaratzeko asmoa berretsi dute. Aste honetan indarrean diren neurri murriztaile berriekin ere halaxe gertatu da; kasu batzuetan ordutegia egokitu behar izan dute datozen hainbat ekitaldietan, besteetan (hainbat ikastaro, entrenamenduen kasuan) berrantolatu behar izan dituzte. Usurbilgo Udalak egunotan plazaratuko duen kultur agendan jasoko dituzue xehetasunak.

Horrekin batera, gogoan izan, Usurbilgo tokiko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko laguntza lerro berezi bat jarri duela martxan Udalak, covid19-aren eraginez establezimenduotako langileek egin behar izan dituzten inbertsioak diruz laguntzeko. Sektoreko ordezkariekin ere bildu da Udala asteazken honetan. Haien beharrak entzun eta laguntzeko prestasuna adierazi die Usurbilgo ostalari eta merkatariei.