Azaroak 1

“Ez dut uste heriotza ikusteko modua aldatu denik, heriotza ospatzeko modua baizik”

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 1a, 08:25

“Sarritan galdetzen didate nire lanaz; nire lana bizitzari segida ematea da, bizitza heriotzik gabe ez litzateke posible izango. Baina gaiak oraindik tabua izaten segitzen du”. Eta tabua den heriotzari buruz hitz egiten aritu gara Usurbilen aurkezpen gutxi behar duen Gonzalez ehorztetxeko arduradun Victor Gonzalezekin, covid19-ak baldintzaturiko azaroaren 1a ate joka dugun honetan.

Nolakoa izango da aurtengo azaroaren lehena?
Victor Gonzalez: Zaila izango da, ez dakigu covid19-aren eraginez zer gertatuko den egunotan. Hilerri hau oso zabala da, hemen ez dago jendea pilatzeko arazorik. Azaroaren 1a gainera igandez egokitu da aurten, beraz jendea ostiralean etortzen hasiko da hilerrira. Zorte handia dugu hilerri hau izateagatik.

Zer berezitasun ditu Usurbilgo hilerriak?
Mendian zaude. Hemen dugun askatasuna, aire librea, beste hilerri batzuk ez dute. Pandemia hilabeteotan herritarren bat hil eta tanatoriora jende asko erakarri duenean jendearen sartu irteerak bikain kontrolatu dira. Tanatorio honek gainerakoetan egitea beldurra emango lukeen hori egitea ahalbidetzen du. Hemen hildakoak inongo arazorik gabe beilatzen ari dira, beti jendearen sartu irteera kontrol zorrotzarekin. Hemen tanatorio barruan egon beharrik ez dago. Senide eta lagunek hildakoa bisitatzen dute, doluminak eman eta kanpoan geratzen dira denak, inor ez da barruan geratzen. Hori da leku honek duen alderdi ona.

Azaroaren 1ean hildakoak oroitzeko ohitura aldatu da?
Aldatzen ari da baina ez hilerrira etortzeko modua, pertsona bat hiltzen denean egoera horretan erabakiak hartzea dagokien pertsonen pentsaera baizik. Helduenek oraindik hilerrira loreak jartzera etortzeko ohitura dute azaroaren 1ean. Halako erabakiak hartzen ari diren pertsona gazteagoek jada ez dute pentsatzeko modu hori. Ez dute egun zehatz batean hilerrira etortzeko beharrik. Askotan sinbolo txikiekin aski zaie.

Zure ustez heriotzarekiko ikuspuntua aldatzen ari da?
Ez dut uste heriotza ikusteko modua aldatu denik, heriotza ospatzeko modua baizik. Helduenek ziurrenik hileta elizkizuna eta hilerrian lurperatzea hautatuko dute. Gazteagoek agian zer aukera dituzten galdetuko dute. Ditugun aukeren berri ematen diegu; agurrerako hileta elizkizuna antolatzea, tanatorioan egitea, errautsen parkean, Sutegin... Aurten halako hainbat egiteko aukera izan dugu eta benetan ilea lazten duten agurrak izan dira. Beste hainbatek urna biodegradagarri batean errautsak sartu eta leku sinboliko batean lurperatzen dute eta hara joaten dira nahi dutenean. Ehorztetxean hildakoaren errauts pixka bat gordetzen duten lepokoak ere saltzen ditugu eta jendeak zintzilik eramaten ditu, oroimen hori egunerokoa izateko.

Errautsen parkea zer moduzko harrera izaten ari da?
Herritarrak pixkanaka erabiltzen hasiak dira. Gunea oso ikusgarria da, egin den obrarik onenetakoa. Sinbolismo oso handia du. Agurra egiteko oso modu politak daude; hildakoak gustuko zuen zuzeneko musika ekar daiteke, hitz batzuk adierazi... Errotzen doa ohitura hau pixkanaka, oraindik Usurbilen hildakoa norabait eramatearen ohitura handia baitago.

Halako une bat heltzean, zuengana jotzen dutenek nahiko argi izaten dute zer egin?
Ez. Ehorztetxeko langilea ez da soilik hildakoa prestatzen duen teknikaria, gida lanak egin behar ditu heriotza gertatzen den unetik azken dokumentua entregatu arte. Hor gida on baten egitekoa sartzen da, aukera guztien berri eman, agurra nahi den moduan antolatu eta lasai sentiarazten lagunduko dizuna. Halakoak oso une zailak izaten dira, eta ez da jakiten zer egin.


“Gogorrena, azken agurra ukatzera behartzen gintuztenean izan zen”
Pandemia garaiotan nola aldatu du zuen lan egiteko modua?
Oso gogorra izan da. Zorionez, Usurbilen pandemiaren lehen olatuak ez zigun eragin, ez zen covid19ak eragindako hildakorik izan.

Beste urteetan baino hildako gehiago izan dela nabaritu duzue?
Hori konfinamendu ostean nabaritu genuen. Osasun egoera delikatuan etxean egotera derrigortua zegoen bati baino gehiagori eragin dio Gipuzkoa mailan. Mota honetako zerbitzu asko egin genituen Usurbildik kanpo. Gogorrena halere, konfinamendu garaian, hildakoak covid19-a izan edo ez, azken agurra egitera ukatzera behartzen gintuztenean izan zen. Oso gogorra ni bezalako pertsona batentzat, familiak hartzera ohitua nagoenean, haiek egin nahi dutena egitera ohiturak gaudenean. Ezin gure lana egin eta familia hauei azken agurra ukatu behar, ezin haiek lagundu. Eman ahal nien kontsolamendu bakarra zen, neroni izango nintzela hildakoa erraustera eramango zuena eta errauts-kutxatila emango zizuna.

Zauriak hor geratu dira.
Sentsazio gazi-gozo bat geratzen da, hildako pertsona horrek merezi zuena egin ahal ez izateagatik. Hilabeteotan irtenbideak eman dira familiak guztiz babesgabeak senti ez zitezen; streaming bidez zuzenean eskaini dira errausketak adibidez. Baina halere ezin izan dute tanatoriora etorri, ezin izan dute hildakoa ikusi, agurtu eta hori memorian grabatua geratzen da. Oso egoera gogorra bizitzea tokatu zaigu denoi. Animo asko herri osoari, aurrera begira jarraitu beharra dugu.

Doluaren ezinbesteko zati bat da ukatu dena, agur presentziala.
Doluaren oinarrizko zati bat eten dugu; senidea hil dela barnerateko, dolua hasteko hildako pertsonaren bistaratzea.

Azken agur hori berriz debekatu dezatekela uste duzu?
Ez. Mugak egon daitezke, baina martxoan egin zen horretatik ikasita orain irtenbideak eman dira. Covid19 gabeko hildakoak presta ditzakegu, inolako arazorik gabe aurkeztu eta kontrol oso zorrotzarekin tanatorioak ireki, familia horiek hildakoa agur dezaten. Hildakoak covid19a badu, ez zaigu manipulatzea baimentzen baina tanatorioan erakustea bai, estalkia itxita. Kasu horretan hildakoaren argazkia jartzen dugu. Pertsonak etorri eta hildakoa agurtu dezakete. Edozer gerta ere pandemia honetan familiar gertukoenek behintzat hildakoa agurtu ahal izatea lortu dugu. Lortutakoa pauso oso garrantzitsua da.

Nolakoa izan zen zuen egunerokoa konfinamendu asteetan? Usurbildik kanpo ere lan egiten duzu.
Lanagatik ezin izan genuen etxean konfinatu. Inoiz baino gehiago kanpora joan beharrean aurkitu naiz eta inoiz baino hurbilago ikusi dut gertatzen ari zena. Zertxobait arraroa, psikologikoki barneratzen zaila, kalean bakarrik baitzaude. Etxera itzultzerako desinfektatu, arropa aldatu. Prozesu oso zaila eta konplexua da. Ikusitakotik, pandemia hau esan zena baino lehenago hasi zela ikusi dugu.

Urte hasieran jada nabaritu zenuten.
Sektore honetan lan egiten dugunok beti diogu, urtarrila eta otsaila hilabete zailak izaten direla, baina autengo bi hilabeteok oso zailak izan ziren eta pandemiak zerikusirik izan zuelakoan gaude. Urte hasieratik ez dugu gelditzeko tarterik izan.

Nola tratatzen ari gara heriotzaren gaia pandemia hilabete hauetan?
Gai konplexua da. Bakoitzak heriotzari oso modu ezberdinean aurre egiten dio.
Gai hau enfokatzeko bi modu daudela uste dut; bat, herritarrek gertukoak nola agurtu dituzten. Jendeak beldurra dio pilaketari eta tanatorio zein elizetara joateari utzi diote askok. Bestetik, jendeak heriotza zer basakeriarekin ikusi eta ulertu behar izan du. Batzuk ez zekiten hildako senidea non zen, hori izugarria da. Gure memoriatik ezabatzea kostako zaigu.


“Ehorztetxe familiar bat egin nahi genuen”
Ehorztetxea aspaldidanikoa da, tradizio luzekoa.
Aitak hartu baino lehen Kalparsorotarrek kudeatzen zuten. Beti izan da Usurbilgo ehorztetxea. Gure lan egiteko modua gaur egun ere hala da, Usurbilgo parte gara. Ehorztetxeak konfiantza hori eman nahi du, zure senideekin agurtu ahal izatea baina hau kudeatzen duen pertsona ere horren parte izatea.

Baltsamatzaile bakarretakoa ere bazara inguruotan?
Ehorztetxe familiar bat egin nahi nuen, herriarentzat eta beharra zutenentzat. Tratu hurbilekoa eskaini. Gero hildakoekin lan egiteko modu ezberdin batean espezializatu nahi nuen. Inguru honetan ez zegoen nik izan nahi nuen hori ikasteko modurik. Europako bi baltsamatzaile onenetakoekin Parisera joan eta haiekin eskuz esku lan egitekoa aukera ederra izan nuen. Hildakoen baltsamatzaile eta eraikitzaile gisa titulatu nintzen. Teknika honen bidez, hildakoen berezko tonalitatea berreskuratzea lortzen dugu. Guk inoiz ez dugu hildakoa makillatzen, senideek eskatzen ez badigute. Hori da gure zigilua. Teknika hau eskaintzen diegu, gainerako enpresei ere. Horregatik leku askotatik deitzen naute. Artelan bat dela deritzot.

Zure ezagutzaren transmisioan egon liteke etorkizuna?
Duela 10 urte ehorztetxean eta geroago baltsamazioekin hasitako lanari segida eman nahi nioke. Pandemiagatik gauzatu izan ezin ditudan zenbait proiektu ditut. Helduko da ikasitako eta egindako guztia, alor guztietara zabaldu eta zigilu hori transmititzeko unea.