Azaroak 1

Hilerrira joan nahi dutenentzako Udalaren aholku sorta

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 1a, 08:50

Hildakoak oroitzeko azaroaren lehenari begirako aholku sorta plazaratu du Usurbilgo Udalak. Aurtengo oroimen eguna, covid19-ak baldintzaturikoa izango da.

Azaroaren lehen eguna dugu gaur, hildakoak oroitu eta omentzeko eguna. Igandez egokitu da aurten, izango da ziurrenik asteburuan zehar bai Usurbilgo zein Aginagako hilerrietara hurbiltzeko asmotan izango den herritarrik. Aurtengoa covid19-ak baldintzaturikoa izango da.

Horregatik, covid19-aren hedapena eta herritarren pilaketa saihesteko bisitei begirako aholku sorta plazaratu berri du Usurbilgo Udalak. Gogoan izan batetik, egunero moduan, ezinbestekoa izango dela musukoa jantzita eramatea. Pertsonen arteko gutxieneko segurtasun distantzia ere bermatu beharko da; 1,5 metro. Azaroaren 1a igandez egokitu denez, hilerrietara asteburuan zehar joatea aholkatzen du Usurbilgo Udalak. "Bezperan edo hurrengo egunean joan". Joatekotan, gehienez 6ko taldeetan joatea gomendatzen du. Eusko Jaurlaritzak seitik gorako bilkurak debekatu ditu. Eta jende gehien joan daitezkeen uneak saihestea ere eskatzen du Udalak. 

Ordutegi eta ibilbidea estreinatu dituen Taxibus zerbitzu berezirik ez
Aginaga eta Usurbilgo hilerriak goizeko 8:00etan irekiko dituzte eta iluntzeko 21:00etan itxi. Hilerrien edukiera, %50era mugatuta egongo da. "150 Usurbilgoan 23 Aginagakoan". Hilerrietara joan-etorriak errazteko Usurbilgo Udalak Taxibus zerbitzua antolatu izan du aurreko urteetan. Covid19-ak baldintzaturiko urte honetan ordea ez da "zerbitzu berezirik jarriko", ohartarazi du Udalak.

Gogoan izan, ibilbide eta ordutegi berria estreinatu ditu Taxibusak. 3 ibilbide osatuko ditu aurrerantzean astelehenetik ostiralera, egunero bost aldiz. Hemen Usurbilgo Udalak kaleraturiko ordutegi eta ibilbide berri zehatza. Gogoan izan, Udalaren ohar hau; "ohi bezala, adinagatik edo mugikortasun arazoak dituztelako geltokira hurbildu ezin dutenek 630 64 35 96 telefonora deitu eta etxeko atarian jasoko ditu Taxibusak".