#covid19

Azken ostiraleko elkarretaratzerik ez gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 30a, 10:23

Urriko azken ostirala gaur, preso eta iheslarien eskubideen alde mobilizatzeko eguna. Covid19-aren hedapenaren harira ordea, eremu gorrian diren udalerrietako elkarretaratzeak bertan behera uztea erabaki du Etxerat-ek.

Urteak daramatzate hilero azken ostiraletan Mikel Laboa plazan, edo azkenekoz duela hilabete bezala, euria bada frontoian, oraindik orain salbuespenezko espetxe politika aplikatzen zaien preso eta iheslarien etxeratzea eskatzen. Geure bizitzetako gainerako eremuen antzera, mobilizazioak ere baldintzatu eta eteten ere ari da covid19-aren ondorioz bizi dugun osasun krisialdia. Udaberri parteko azken ostiraletako elkarretaratzeak eten zituen.

Udazken honetako covid19-aren "bigarren olatua" ere eragiten hasia da berriz. Etxerat-ek ohartarazi duenez, urriko azken ostiral honetarako Euskal Herriko hainbat plazetan iragarriak zeuden elkarretaratzeak bertan behera uztea erabaki du, koronabirusa izaten ari den hedapena ikusita. Ez elkarretaratze guztiak, eremu gorrian diren udalerrietakoak baizik. "COVID-19ak sortutako alarma-egoera dela eta, gaur egun Eusko Jaurlaritzaren kolore-semaforoaren arabera kolore gorriz sailkatutako udalerriei dagokienez, eta hurrengo egunetan sailkapen horretan sardaitezkeenei dagokienez; Etxerat Elkarteak, arduragatik eta pertsonen zaintzari lehentasun handiena ematearren, datorren urriaren 30an, hau da, urriko Azken Ostiraleko egunean aurreikusten diren kontzentrazio eta ekintza publikoak bertan behera uztea gomendatzen du".

Usurbilek 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa 500etik gorakoa du aste hasieratik, eremu gorrian da. Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik gaurko (urriak 30) iragarria zuen elkarretaratzea bertan behera uztea erabaki dute. "Azaroan dauden elkarretaratzeen harira, aztertuko dugu aurrerago egoera nola dagoen eta horren berri emango dugu", iragarri du Etxerat-ek.

Gaur eremu gorrian ez diren udalerrietan antolatuak dauden mobilizazioei eustea erabaki du Etxerat-ek. "
Gorriz adierazita ez dauden udalerrietan eta baita Nafarroan ere, programatuta dauden ekimenak, kontzentrazioak eta gainerako mobilizazioak mantenduko ditugu; hori bai, segurtasun-neurri guztiak bermatuz eta maskaraketa eskatutako distantzia fisikoak mantentzeko ahaleginak areagotuz".