“Aurtengo zailtasun nagusia da talde txikiak ezin ditugula nahastu”

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 30a, 09:43

Ikasturte berriari ekin berri diote Ziortza Gazte Elkarteko kideek. Joan zen ostiralean jarri zuten martxan ikasturtea, eta aurtengoari dagokionaz eta beste hainbat kontuz hitz egin du Enara Arruti begiraleak NOAUA!rekin.

NOAUA! Aurreko astean hasi zenuten ikasturte berria. Nola antolatu dituzue taldeak aurten?

Enara Arruti: Joan den astean hasi genuen ikasturtea, eta aste honetan ere badugu saioa. DBHko mailekin eman dugu hasiera hau, eta jubenilak beste martxa batekin arituko dira; batxilergoko ikasleak.

 

Protokolo bereziren bat jarraitzen duzue saioetan?

Udan egin genituen kanpamentu ibiltarietan jarraitu genuen protokolo bera dugu oinarri. Zertxobait moldatu dugu orduko egoera eta oraingoa ez datozelako bat, baina oso antzeko neurriak hartuko ditugu. Gehienez hamar gazteko taldeak izango dira, taldeko begirale bat dutelarik. Hilabetean behin egiten ditugu taldeak, orduan aukera daukagu harreman desberdinak sortzeko ere. Hala ere, orokorrean bakoitza bere ingurukoekin mantentzen saiatuko gara gaixoren bat baldin bada ere transmisioa beste zirkulu batzuetara ez zabaltzeko. Horrez gain, musukoa derrigorrezkoa da, eta sartu aurretik gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitu behar dira. Hartu dugun beste neurri bat etxetik tenperatura hartuta etortzea da. 

 

Aurreko urteetako dinamikan aldaketarik egin duzue?

Dinamika orokorra beste ikasturteetako antzekoa da. Maila bakoitzarekin zer gai landu nahi diren erabakitzen dugu, eta horiek lantzeko jokuak prestatzen ditugu. Aurtengo zailtasun nagusia da talde txikiak ezin ditugula nahastu, baina elkarren aurka jolas daitezke, beti ere distantziak mantenduta. 

 

Urtero adina gazte hurbildu dira edo beherakada somatu duzue pandemiagatik?

Antzeko gazte kopurua etorri dela esango nuke nik. Urtero hartzen dugu kontuan zenbat gazte hurbiltzen diren saioetara kontrol bat eraman eta jokuak prestatzeko, eta aurten mantendu egin da. Kontua da aurten kontrol zorrotzagoa eraman behar dugula edukiera kontuagatik, eta horregatik aurrez izen ematea egin behar izan dugu aurten gauzak behar bezala antolatu ahal izateko. Urtero legez, DBH1eko ikasleak dira gehiengoa 30-40 inguru, eta beraz, 3 edo 4 taldetan banatuko ditugu. Ez genuen espero horrenbeste izango zirenik, baina moldatuko gara. Jubenilekin izan dugu beste sorpresa, azken bi urteetan inoiz baino jubenil gehiago animatu da saioetan parte hartzera, eta joera horrek jarraitu egingo duela ematen du. 30 edo 40 bat izan ziren aurreko urteetan eta aurten ere kopuru horiek mantendu dira. Azken hauek izango dira Ziortzako begiraleoi erreleboa hartuko digutenak, beraz, ezinhobe.

 

Zenbat begirale zarete aurten?

Hogei bat begirale gara. Begirale berri batzuk sartu dira taldean eta beste batzuek utzi egin dute, eta nolabait belaunaldi aldaketa tokatzen da aurten. 

 

Joan zen ikasturtean ezin izan zenuten amaitu eta udan ere kanpamentua ezin izan duzue egin urtero moduan.

Hilabete batzuetako saioak galdu genituen konfinamentuaren ondorioz. Gero, udan kanpamentua egin edo ez egin zalantza izan genuen hasieran, baina azkenean ez egitea erabaki genuen. Egoera oso gogorra zen, aisialdira bideratutako protokolo berezirik ez zegoen ezarrita, eta ezer ere ez egitekotan egon ginen. Erabaki genuen nahiz eta kanpamentua ez egin alternatibaren bat eskaini behar genuela, eta udaleku ibiltariak egin genituen. Oso esperientzia polita izan zen eta pozik gaude esperientziarekin. Bigarren txanda bertan behera utzi behar izan genuen Covid kasuak sortu zirelako inguruko herritako udalekuetan, eta segurtasunari lehentasuna eman behar geniolako.

 

Agian oso goiz da datorren urteko kanpamentuari buruz hitz egiteko, baina printzipioz asmorik baduzue aurrera eramateko?

Guk espero dugu baietz. Aurten kanpamentuarekin izan dugun arazo nagusia kokapena izan da. Errioxako herri oso txiki batera joaten gara, eta bertako biztanleria oso heldua da; adineko jende asko dago, eta beldurra ematen zigun haietakoren bat kutsatzeko geneukan arriskuak. Erantzukizun hori gure gain eroriko litzateke, eta ez genuen horrelakorik nahi. Datorren urtera begira ere, hori da daukagun kezka nagusia, baina esperantza daukagu egoera aldatu eta urtero moduan kanpamentua egiteko.