Azaroak 1

Artisauen topaketarik ez gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 1a, 09:21

Covid19-ak izan duen hedapena tarteko, azaroaren lehen egun honetan ez da ospatuko Aitzaga Elkarteak antolaturiko Artisau Azoka. Izatez, egungo osasun krisialdira egokitutako hitzordua prestatua zuten, baina koronabirus kasuen gorakadaren aurrean, ekimena bertan behera uztea hobetsi du antolakuntzak.

Usurbilgo Udalaren kultur agendan ere iragartzekoak ziren, baina ohartxo batekin; covid19-aren hedapenaren arabera, hitzordua ospatu gabe geratu zitekeela argituz. Iragan astean zehar ordea, koronabirusagatik bizi dugun osasun krisialdiak okerrera egin zuela ikusita, igande honetan (azaroak 1) ospatzekoa zen Artisau Azoka bertan behera uztea erabaki zuen Aitzaga Elkarteak, urriaren 23an egin zuten bileran. Atsekabe handiz, baina denetariko ogibide eta artisauen bilgunea izan den hitzordua ez egitea adostu zuten. Pena handiz, hitzordua berez koronabirus garai honi egokitzeko ahalegina egina baitzuten.

Dakizuenez, Artisau Azokako postuak frontoian kokatu izan dituzte urtero. Osteratxoa egin edota erosketak egitera hurbiltzen zen jendea bertan elkartzen zen. Bizi dugun osasun krisialdia tarteko, antolatzaileek plan alternatibo bat diseinatua zuten; postuak frontoiko aterpean elkartu beharrean, herriko txoko ezberdinetan sakabanatzea. Eta modu horretan, bai artisauen baita bisitarien pilaketa eragoztea. Denetariko ogibideak ordezkatu asmo zituen 20 bat artisauen postu kokatzekoak ziren herri erdiguneko txoko ezberdinetan; bitxigintza, larrugintza, egur lanketa, zeramika, otargintza, metalgintza… Eskuz eginiko lan ederren erakustokia izatekoa zen Usurbil azaroaren 1ean. Aitzaga Elkarteak ordea, osasun krisialdiak okerrera egin duela ikusita, prebentzio gisa hitzordua bertan behera uztea hobetsi du. Ospatu izan balitz, edizio borobila izango zen 2020ko hau; 25. azoka hain zuzen.