Errepresio frankistaren egile nagusietako bat 60. eta 70. hamarkadetan, 1975-79 ministro zela “errepresio odoltsuaren erantzule izan zen, krimen larriak gauzatu baitziren: Gasteiz (1976), amnistiaren aldeko astea edota 1978ko Sanferminak” adibide gisa har daitezke. Hala dio urriaren 29ko udalbatzarrean onartu zuten mozioak. Egun inputatua dago Villa, “gizateriaren aurkako krimenak egotzita”. Usurbilen pertsona “non grata” izendatzea erabaki du udalbatzak. Horrekin batera, Argentinako agintari judizialek bere estradizioa eskatu zioten Espainiako Gobernuari, baina Ministroen Kontseiluak ukatu egin zuen eskaera. Erabaki hura bertan behera uztea eskatzen dio iragan astean onarturiko mozioak. Horrez gain, frankismo nahiz “trantsizio” deituriko garaietan “gauzatutako gizateriaren aurkako krimenak ikertu eta epaitzea, bereziki Martin Villaren erantzunkizuna izan daitezkeenak”.
Argentinan Maria Servini epaileari “frankismoko krimenen zigorgabetasunarekin amaitzeko egiten ari den lana eskertu, Gobernu Espainiarrak jarritako oztopo guztien ondotik, presidente izandakoek eta beste zenbait ordezkarik gutun bidez Martin Villari eman babesa salatu eta Argentinako epaitegia egiten ari den lanaren jarraitzea eskatu” ere galdegiten du testuak.
Mozioaren alde bozkatu zuen EHBilduk, PSE eta EAJ-ren udal ordezkariak abstenitu ziren. EAJ-tik frankismo garaian nahiz gerora gizateriaren aurkako krimenengatik kondenatuak izan direnak ere pertsona “non grata” izendatzearen aipamena mozioan txertatzea proposatu zuen. Baina eskaera ez zen onartua izan. “Ez da halakorik gertatu tamalez. Ez da inor kondenatua izan”, zioen alkate Agurtzane Solaberrietak. Halakorik gertatuko balitz bai txertatuko litzateke esaldi hau. Inpunitate hori da hain zuzen mozio honekin salatu nahi zutena. Baina Villaren kasuak “bide bat irekitzea espero” dutela aipatu zuen.
PSE-ren udal ordezkari Patxi Suarezek mozioarekiko adostasuna agertu zuen, ez ordea testuaren dialektikarekin. Abstenitzea erabaki zuen. Gizateriaren aurkako delitu mota asko daudela gogorarazi zuen eta “pertsona asko delitu mota hori burutu duena”. Baina ez zuela proposatuko pertsona “non grata” izendatzea haiek guztiak. Bestela, “ez dugu bukatuko inoiz. Interesatuagoa nago beneetako elkarbizitzan, normalkuntza lortzean”.
_________________________________________________________________________________________________________
MARTIN VILLA PERTSONA "NON GRATA" IZENDATZEKO MOZIOA
Estatu espainiarraren inpunitate politika, diktadura frankistan eta trantsizio politiko deiturikoan gauzaturiko gizateriaren aurkako krimenen ikerketa eta auzipetze ezari dagokionez, gaur egungo arazoa da, gizartean eta gutxieneko estandar demokratikoak bete nahi dituen Estatu ororen oinarrizko zimenduetan eragina duena.
Rodolfo Martin Villa politika eta errepresio frankistaren egile nagusietako bat izan zen 60 eta 70eko hamarkadetan, SEUko buru nazional, sindikatu bertikaleko idazkari eta Bartzelonako gobernari zibil izan baitzen. Gero, Arias Navarroren gobernuarekin Harreman sindikaletarako zein gobernazio ministro eta, ondoren, Suarezen gobernuarekin Barne Ministro izan zen. Haren aginte pean, ministro zela 1975eko abendua eta 1979ko apirila bitartean, errepresio odoltsuaren erantzule izan zen, krimen larriak gauzatu baitziren: Gasteiz (1976), amnistiaren aldeko astea edota Iruñea (Sanferminak 1978), Euskal Herrian, eta baita hemendik kanpo, Madril, Malaga, Tenerife, Bartzelona, Alacant...
Martin Villa inputatua izan da, justizia unibertsalaren printzipioa aplikatua, Argentinako Errepublikaren Krimen gaietarako eta zentzategi federaleko 1. Epaitegi Nazionalean gizateriaren aurkako krimenak egotzita, haren jarduna giza eskubideen urraketa masibo, sistematiko eta antolatuen esparruan gauzatu baitzen, berrogei urteetan zehar, diktadura frankistan eta Trantsizio deiturikoan.
Gizateriaren aurkako krimenak direnez, preskripzioa ez da ezartzen, eta aipaturiko delituak ez daitezke ez amnistiatu, ezta indultatu ere. Horregatik, Argentinako agintari judizialek haren estradizioa eskatu zioten Gobernu espainiarrari. Ministro Kontseiluaren 2015eko martxoaren 13ko Erabakiak ukatu zuen eskaera.
Dena den, eta aipaturiko kereilaren tramitazioari utzi gabe, Estatu espainiarrak Giza Eskubideen eta nazioarteko zuzenbide penalaren arloan hartutako eginbeharrak behar bezala betetzeko, beharrezkoa da dagokien prozesu judizialak hastea, Martin Villak izan dituen erantzukizun penalak zehaztu eta garbitzeko.
Ez dirudi ordea horretarako asmoa duenik, Espainiako aginte eremu ezberdinetatik kereilaren tramitazioa galarazten saiatzeaz gain, irailean Maria Servini epaileak Martin Villari deklarazioa hartu bezperan, Gobernu presidente izandakoek eta beste zenbait pertsona esanguratsuk gutuna atera zuten Martin Villari babesa eskainiz, frankismoaren biktimentzat irangarria eta justiziaren jardunean eragiteko ahalegin onartezina.
Aurrekoa oinarri harturik, Usurbilgo Udalaren Osoko Bilkurari eskatzen diogu ondoko mozioa har dezala:
MOZIOA
1-Gobernu espainiarra premiatu 2015eko martxoaren 13an Ministro Kontseiluak hartutako erabakia bertan behera uzteko, alegia Maria de Servini epaileak Martin Villari deklarazioa hartzeko egindako estradizio eskariari zegokiona.
2-Nazioarteko Zuzenbidearen "estraditatu edo epaitu" printzipioa aplikatuz, Estatuak behar bezalako neurriak har ditzan auzitegi espainiarrek diktadura frankistan eta Trantsizio politikoa deitutakoan gauzatutako gizateriaren aurkako krimenak ikertu eta epaitu ditzaten, eta, bereziki, Martin Villaren erantzukizuna izan daitezkeenak.
3-Udalerri honetan Martin Villa pertsona "non grata" deklaratzea.
4-Maria Servini epaileari frankismoko krimenen zigorgabetasunarekin amaitzeko egiten ari den lana eskertu, Gobernu Espainiarrak jarritako oztopo guztien ondotik, presidente izandakoek eta beste zenbait ordezkarik gutun bidez Martin Villari eman babesa salatu eta Argentinako epaitegia egiten ari den lanaren jarraitzea eskatu.
5-Erabaki hau ondoko hauei helaraztea: Justizia Ministerio espainiarrari, Auzitegi Nazionalaren buruari, Auzitegi Gorenaren buruari, Estatuko Fiskaltza Nagusiari eta Argentinako Errepublikaren Krimen gaietarako eta zentzategi federaleko 1. Epaitegi Nazionalari.