Azaroak 1

Bisitariak tantaka, lore-sortez jantzitako hilerrian

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 2a, 08:34

Ezohiko mugimendua aurten, covid19-ak baldintzatuta ziur, hilerrian asteburuan izan diren joan etorrietan. Urtero bezala lore-sorta koloretsuez jantzita oroitu dira hildakoak, baina bisitak murriztu eta egun desberdinetara sakabanatu dira.

Gune ikusgarrian dagoen Usurbilgo hilerriak ez du beste urteetako azaroaren lehena bizi izan. Esan beharrik ez da, zerk eragina den. Covid19-ak bisitarien kopurua murriztu eta joan-etorriak egun desberdinetara sakabanatu ditu. Azaroaren lehena zen igande goiz honetan, 11:00ak pasatxoan hilerriak zuen itxura duzue ondoko irudian. Bisitari gutxi batzuk baino ez; prebentzio neurri gisara, 150 lagunentzako lekua baimendua zegoenean. Bidean ere kotxez joandako zenbait herritar. Beste batzuk, udaberri giro beteko eguraldia izanik, oinez joandakoak.

Hilerria lore-sorta koloretsuez jantzia zen, urtero moduan, hori iaztik hona ez da aldatu. Bai ordea, lore-sortak garraiatzeko modua; loreen saltzaileak izan dira hein batean, ardura hau hartu dutenak. Ziurrenik, kasu batzuetan, prebentzio neurri gisara, hilerrirako bisita saihesteko. Baina baita, izango zelako, Usurbila gerturatu ezin zuenik ere. Gogoan izan, covid19-aren eraginez indarrean diren neurri murriztaileen artean, debekatua dago udalerri batetik bestera mugitzea.

Testuinguru honetan, hildakoak oroitzeko egunaren harira, hainbat aholku plazaratu zituen Usurbilgo Udalak iragan astea, Usurbil nahiz Aginagako hilerrietara joan nahi zutenentzat. Ezinbestekoa zen musukoa jantzita eramatea. Pertsonen arteko gutxieneko segurtasun distantzia ere bermatu beharra zegoen; 1,5 metro. Azaroaren 1a igandez egokitu denez, hilerrietara asteburuan zehar joatea aholkatu zuen Usurbilgo Udalak. "Bezperan edo hurrengo egunean joan". Joatekotan, gehienez 6ko taldeetan joatea aholkatzen zuen. Eusko Jaurlaritzak seitik gorako bilkurak debekatu ditu. Eta jende gehien joan daitezkeen uneak saihestea ere galdegiten zuen Udalak. 

Ordutegi eta ibilbidea estreinatu dituen Taxibus zerbitzu berezirik ez
Aginaga eta Usurbilgo hilerriak goizeko 8:00etan ireki eta iluntzeko 21:00etan itxi zituzten. Hilerrien edukiera, %50era mugatuta dago. "150 Usurbilgoan 23 Aginagakoan". Hilerrietara joan-etorriak errazteko Usurbilgo Udalak Taxibus zerbitzua antolatu izan du aurreko urteetan. Covid19-ak baldintzaturiko urte honetan ordea ez da "zerbitzu berezirik jarriko", ohartarazi zuen Udalak.

Gogoan izan, ibilbide eta ordutegi berria estreinatu ditu Taxibusak. 3 ibilbide osatuko ditu aurrerantzean astelehenetik ostiralera, egunero bost aldiz. Hemen Usurbilgo Udalak kaleraturiko ordutegi eta ibilbide berri zehatza. Gogoan izan, Udalaren ohar hau; "ohi bezala, adinagatik edo mugikortasun arazoak dituztelako geltokira hurbildu ezin dutenek 630 64 35 96 telefonora deitu eta etxeko atarian jasoko ditu Taxibusak".