Euskaraldia, NOAUA!ren Kulturaldia edota Nafartarrak Taldearen zikloa, azaroko kultur agendan

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 2a, 09:28

Zikloen azaroa datorkigula jabetuko gara, Usurbilgo Udalak egunotan plazaratu duen kultur agenda eskuartean hartzen badugu; Nafartarrak Taldearena azaroaren 3tik 8ra, "Udazkena Liburutegian" hilaren 11n eta 17an, NOAUA!ren Kulturaldia hilaren 13tik 22ra eta Euskaraldia, hilaren 20tik abenduaren 4ra. Tartean hamaika hitzordu.

Covid19-aren hedapenak baimentzen badigu behintzat, azarorako ekitaldi ziklo ezberdinak iragarri dira, hala dio Usurbilgo Udalak egunotan etxez etxe banatu duen kultur agendak. Bizi dugun osasun krisialdi aldakorraren seinale dugu argitalpen hau ere. Iragan astean Eusko Jaurlaritzak indarrean jarritako neurri murriztaile berriek azken unean hainbat ekitaldiren ordutegiak berregokitu beharra eragin baitu. Gogoan izan, gaueko etxeratze-agindua dugu 23:00-06:00 artean.

Herriko kultur hitzorduen berri ematen digun paperezko euskarriak, oraingoan zikloak dakartza bereziki; lau zehazkiago esanda. Batetik, aste honetan bertan abiatzear den Nafartarrak Taldeak iragarritako "1620 Nafarroako Lo(r)aldia" izenekoa, aste osorako erakusketarekin. Horrekin batera, "Nafarroa Euskal Estatua... 2020?" (itxita dago jada izen ematea) eta "Iparraldekoen ikuspegia" hizpide izango duen hitzaldi bana ere iragarri dute, Mikel Markez eta Erramun Martikorenaren emanaldiarekin eta "1620 beheregaina" antzezlanarekin batera.

Kulturaldi oparoa
Urrian Yurre Ugarte eta Joseba Larratxeren "Joana Maiz" lanaz solasteko nahiz Ixabel Agirresaroberen bi ipuin kontaketa saioen ondotik, azaroan segida emango diote Sutegin "Udazkena Liburutegian" zikloari. Harkaitz Cano gonbidatu dute, "Enseres de ortopedia inútil" izeneko kontakizun laburren sortze lanaz hitz egitera, Ana Merino herritarrak gidatuko duen saioan. Azaroaren 11n izango da. Astebete beranduago, Ibon Martin ONIN sailaren idazlea dator kultur etxeko auditoriora.

NOAUA! Kultur Elkarteak ere prest du 2020ko Kulturaldia. Denetariko formatu eta hitzorduak adin guztietako herritarrentzat, azaroaren 13tik 22ra, bi asteburuetan banatuta. Koronabirusaren hedapenagatik hain zuzen, udan eskaini ahal izan ez genuen "Urpekakariak" 6-11 urte artekoentzako bertso antzerkiak abiaraziko du zikloa. Herritar batek emango dio segida; Peru Galbetek. "Ura sartu zen" laburmetraia aurkeztuko digu eta segidan "Nor zara zu?" diskoa taldekideekin batera. Film proiekzio eta solasaldi batek borobilduko du Kulturaldiko lehen asteburua; Oskar Alegriaren "Zurimiki" ikus-entzunezkoak azaroaren 15ean. 

Musika eta dantza bigarren asteburuan; azaroaren 20an Kultur Biran ikusi ahal izan ditugun Malen eta Maddi herritarrak oholtzan eta haiekin Anari! Biharamunean, Korrontzi Dantzan Usurbilgo Orbeldi Dantza Taldearekin. Eta amaitzeko, "Fadoak entzuten zituen gizona" antzezlana. 

Kulturaldia amaitzear dela abiatuko da, Ahobizi eta Belarriprest guztien jarduna, eta haiekin aurten, ariguneen bidez entitateen parte hartzea sustatu duen 2. Euskaraldia; azaroaren 20tik abenduaren 4ra hain zuzen. Hamabostaldi horretan, "Esnatu naiz" kabaret saioa programatu du ekimena Usurbilen sustatzen ari den herri batzordeak. Gogoan izan, Ahobizi nahiz Belarriprest guztiontzako izen ematea zabalik izango dela hilaren 19ra arte. 

Andatzako azterketa arkeologikoen aurkikuntzak
Zenbait jardunaldi, hitzaldi eta ikastaro, azaroa borobiltzeko. "Basoaren etorkizuna. Pinudiaren geroa eta basogintza eredu berriak" solasaldia tartean. Arantzadi Zientzia Elkartea azken urteotan egiten ari den azterketa arkelologikoei esker, "Txangostako Dolmenaren azterketan sakondu eta Irigaineko erromatar garaiko aztarnak topatu dira". Aurkikuntzon berri emateko aurkezpen ekitaldia deitu dute hilaren 19rako. 

Maria Jesus Etxeberria herritarrak bestalde, pintura lanak jarriko ditu ikusgai Sutegin eta Santuenean gozogintza tailer txikia antolatu dute. Covid19-ak uzten badigu behintzat, bada zer egina asteotan Usurbildik atera gabe.