Koronabirusa

Gripearen aurkako txertoa jartzeko aukera edonork

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 3a, 11:00

Urria amaierara arte "arrisku taldeetako" kideek zuten griparen aurkako txertoa hartzeko lehentasuna. Orain jada, herritar orok eska dezake txanda, anbulatoriora deituta. Osasun etxeko beheko lokala egokitu dute, covid19-aren eraginez, aurten aurreratu egin duten gripearen aurkako txertaketa kanpainarako.

Urria amaierara arte, arrisku-taldeetako kideak diren 65 urtetik gorako herritarrek, gaixotasun kronikoren bat dutenek nahiz haurdun direnek. Haiek zuzen gripearen aurkako txertoa jartzeko lehentasuna. Azaroan sartuta, txertoa jarri nahi duen herritar ororen txanda da jada. Txertoa jarri nahi duenak aurrez hitzordua eskatu behar du anbulatoriora deituta; 943 36 20 13 telefono zenbakira. Anbulatorioan aipatu digutenez, aurten txertoa lehen aldiz jartzera joandako herritar bat baino gehiago gerturatu da bertara.

Bizi dugun osasun krisialdia tarteko, aurten ohi baino lehenago jarri du martxan Osakidetzak "Aurten, inoiz baino gehiago, gripetik aldendu!" aldarriaren bueltan, hiru faseetan eta ezohiko guneetan bideratzen ari da. Usurbilgo kasuan, anbulatorioaren azpialdean egokitu dute txertoa jartzeko gunea. Mikel Laboa plazatik gora ikastolara bidean, anbulatorioak eraikinaren azpialdean duen lehen sarbidean "gripe" dioen karteltxo bat aurkituko duzue gezi batekin. Gezi horri segita duzuen atetik sartuta jarri ahalko duzue gripearen aurkako txertoa.

"COVID19-aren ondorioz, segurtasun-neurri zorrotzagoak hartu dira eta, hori dela eta, aurten Osakidetzak berak emango dizkie hitzorduak arrisku handiko herritarrei. Gainera, aurtengo nobedadea da Osakidetzako saretik kanpoko ehun bat txertaketa-gune ezarri direla". Usurbilgo kasuan, aipatu moduan, anbulatorioaren azpialdea egokitu dute.

Covid19 garaiotan, gripearen aurkako txertoa hartzeko gonbita luzatu dute osasun agintariek. Ezohiko testuinguru honetan hartzen ari garen prebentzio eta higiene neurrien artean kokatzen du Osasun Sailak aurtengo kanpaina. "Gripearen aurkako kanpaina aukera bat dela prebentzioko eta higieneko oinarrizko ohiturak hartzeak duen garrantziaz kontzientziatzen jarraitzeko. Ohitura horietako batzuk, besteak beste, honako hauek dira: eskuak sarri garbitzea, maskara erabiltzea eta urruntze soziala gordetzea".

GRIPEAREN AURKAKO TXERTOA HARTZEKO KANPAINA DATUETAN
Bereziki arrisku-talde hauei zuzendua:
-65 urtetik gorakoei.
-Gaixotasun kronikoren bat dutenei.
-Haurdun dauden emakumeei.

Txertaketa, hiru faseetan:
-1. fasea (urriaren 5etik aurrera): egoitzeko langile eta egoiliarrei.
-2. fasea (urriaren 13tik aurrera): arrisku-taldeetako herritarrei.
-3. fasea (urriaren 31tik aurrera): gainerako herritarrei.

Tokia: Usurbilgo anbulatorio azpialdea.

Oharra:
-Gripearen aurkako txertoa jasotzeko hitzordua eskatu anbulatorioan, 943 36 20 13 telefono zenbakira deituta.

Inbertsioa: 558.000 dosi, 2 milioi euro. Bi txerto mota erosi ditu Eusko Jaurlaritzak:
-Azaleko antigeno inaktibatuaren gripearen aurkako txertoa (Chiroflu®), 6 hiletik aurrerako herritarrentzat.
-Azaleko antigeno inaktibatuen gripearen aurkako txertoa, MF59C.1 lagungarriduna. 65 urteko edo gehiagoko pertsona instituzionalizatuei zuzentzen zaie (Chiromas®).

2019-20 kanpainako EAE-ko datuak:
Gripearen eragina:
-Gripeak eragin handiena 65 urtetik gorakoen artean izan zuen.
-1.304 ospitaleratu.
-333 kasu larri.
-45 hildako.

Txertaketa-tasa:
65 urte edo gehiagoko pertsonak: %58,8.
Pertsona instituzionalizatuak: %95,5.
Haurdun dauden emakumeak: %44,3.
Osakidetzako profesionalak: %37,4.

Iturria: Osasun Saila.