EROskopoa

Azaroko EROskopoa hemen da

Noaua Aldizkaria 2020ko azaroaren 4a

Puntapaxeko sorginak azaroko iragarpenak bidali dizkigu. Ea zer berri dakarren hilabete honetarako.

ARIES

Aurten ez dugu izango ez Artisau ezta Erle azokarik ere, eta penatuta zabiltza. Hileko aholkua: San Ferminetan esaten duten bezala: egun bat gutxiago geratzen da datorren urtekoa ospatzeko!

 

TAURUS

Ordu aldaketak zeharo nahastuta utzi zaitu eta dagoeneko ez dakizu goiz edo berandu zabiltzan. Hileko aholkua: Etxeko ordulari guztiak ongi errebisatu!

 

GEMINI

Katarroa hartzeko aukera duzu eta lotsa pasako duzu publikoan eztula egiten duzun bakoitzean, jendeak gaizki begiratzen dizulako. Hileko gomendioa: Eztula disimulatzeko puzkerra bota eta arazorik ez!

 

CANCER

Musukoak dagoeneko zure gorputzeko beste zati bat bihurtu dira, eta ia ez dituzu lotarako ere kentzen. Hileko aholkua: Zure irribarrea ikusi nahi dugu berriro!

 

LEO

Sei pertsona baino gehiagoko bilerak ezin direla egin eta kezkatuta zaude, bazkari bat egin nahi duzulako lagunekin. Hileko aholkua: Baina ba al dituzu sei lagun?

 

VIRGO

Euskaraldia datorrela eta ilusioz beteta zaude, ariketa duela bi urte baino finago egin nahi duzulako. Hileko aholkua: Ez, ezin duzu Ahobizi eta Belarriprest bezala batera izena eman!

 

LIBRA

Triste xamar zaude alarma egoeran gaudelako berriro. Pizgarri bat behar duzu hilabete honetan. Hileko aholkua: Zatoz Noaua!ko kulturaldira, bertan aurkituko duzu eta bizipoza!

 

SCORPIUS

Aurtengo urtebetetze ospakizuna alarma egoeran ospatuko duzu, beraz, baliatu ezazu zerbait berezia egiteko. Hileko aholkua: Badakizu behintzat goiz etxeratuko zarela...

 

SAGITARIUS

Musukoaz kokoteraino zaude, baina erabili behar ez baduzu, beste segurtasun neurri batzuk hartzea komeniko zaizu. Hileko aholkua: Ezta okurritu ere gel hidroalkoholikoa edatea!

 

CAPRICORNIUS

Garai zailak dira maitasunarentzat, baina zure azukre koxkorrarekin egoteko ahal duzun guztia egingo duzu. Hileko aholkua: Hasi herrian zehar zirri-tokiak aurkitzen!

 

AQUARIUS

Kontuz ibili beharko duzu datozen asteetan, dagoeneko dendetan turroiak eta polboroiak atera baitituzte. Hileko aholkua: Produktu hauen ondotik pasatzen zarenean, jarri musukoa begietan.

 

PISCIS

Tabernak eta terrazak zure gotorleku bilakatu dira, bertan sentitzen zarelako erosoen. Hileko aholkua: Noizean behin atera zaitez zure konfort gunetik!