Koronabirusa

Neurri murriztaileen inguruko argibideak eguneratu ditu Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 3a, 13:02

Inposatzen zaizkigun neurri murriztaileekin, zer egin daitekeen eta zer ez, ez da argi izaten batzuetan. Eusko Jaurlaritzak iragan astean argibideokin argitaraturiko dokumentua eguneratu du aste hasiera honetan. "Herritarrek planteatutako zalantza berriekin eguneratu da. Galdera eta erantzun berriak sartu dira, eta erantzun batzuk zehaztu edo zuzendu dira, hobeto uler daitezen", dio Jaurlaritzak. Batetik, LABIren Batzorde Teknikoaren 10 aholkuak biltzen ditu dokumentuak, galdera-erantzun hainbat segidan eta baita, "beste dokumentaziorik aurkeztu ezin denean, lekualdaketaren arrazoia egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpenaren eredu bat eranskin gisa". Esteka honetan eskura dezakezue dokumentua osorik:  Eusko Jaurlaritzaren argibide sorta

GIZARTEARI ZUZENDUTAKO 10 GOMENDIO
Egoera larria da. Urriaren 26ko 36/2020 Dekretuak arauz ezarritako mugez harago, gizarteari hamar gomendio helarazi nahi zaizkio gizarteari, eta gomendio horiek betetzea bereziki sentikorra da prebentzio-neurriak indartzeko eta kutsatzeko arrisku handiena duten testuinguruak murrizteko.

Jarrera indibiduala

1. Eskuen garbitasuna, maskara, distantzia soziala eta bizikidetza egonkorreko taldetik kanpoko gizarte-topaketak mugatzea. Ezinbestekoa ez den eta atzeratu daitekeen edozein familia- edo gizarte-jarduera bertan behera uztea edo atzeratzea. Ahal den neurrian, barne-eremuetako gizarte-topaketak bizikidetza-talde egonkorrera mugatzea eta gizarte-elkarreragineko jarduerak ondo aireztatutako espazio irekietan egitea funtsezko prebentzio-neurriak dira, eta pertsona bakoitzaren menpe daude, eta une honetan areagotu egin behar dira. Banakako erantzukizunaren ildo beretik, herritarrei gomendatzen zaie erakundeek aktibatu dituzten APPak erabiltzea kasuen, kutsatzeen eta miaketaren jarraipena errazteko.

2. Banakako konpromiso-neurrien artean, garrantzi berezia dute autoisolamenduak eta autoorraste prebentiboak, COVID 19aren infekzioarekin bateragarria den edozein sintoma izanez gero. Sintomarik izanez gero, osasun-zerbitzuari jakinarazi behar zaio. Une horretatik aurrera, eta testa egin arte itxaron gabe, jarrerarik arduratsuena eta gizalegezkoena berehalako autoisolamendua da, eta azken bi egunetan izan ditugun kontaktu estuen zerrenda egitea (autorrastreoa), hala badagokio, mediku-zerbitzuetatik edo miaketa-zerbitzuetatik jasotzen diren oharrak jarraitzeko. Zorroztasun-jarrera bera izan behar da testaren emaitza iritsi bitartean eta emaitza jaso ondoren.

Bilerak

3. Familiako edo lagunen bilkurak edo ospakizunak ahalik eta gehien murriztea gomendatzen da. Kasu honetan, kontua ez da bildu daitezkeen pertsonen kopuruaren muga errespetatzea. Autolimitazio arduratsuaren printzipioa aplikatu behar da. Topaketa horiek atzeratzea edo ez egitea da kontua, egoera epidemiologikoa arrisku handikoa den bitartean.

Ostalaritza

4. Ostalaritzako espazioak erabiltzea futbol-partidak edo beste edozein kirol-ekitaldi edo bestelako ekitaldi taldean ikusteko, birusa transmititzeko arrisku handiko testuinguru objektiboa da.

5. Berriro azpimarratu behar da maskara behar bezala jarrita egon behar dela uneoro taberna, jatetxe edo ostalaritza-establezimendu batean gaudenean. Edaria edo janaria hartzen denean baino ezin da erretiratu. Testuinguru horietan maskara erabiltzean sortzen den erlaxazioa infekziorako arrisku-foku objektibo eta aproposa da.

Kirola

6. Kirol-instalazio itxiak arrisku-guneak dira. Prebentzio-neurriak zorroztea gomendatzen da. Bereziki, gimnasioetan eta kiroldegietan aldagelak ez erabiltzea gomendatzen da. Ez da gomendagarria publiko gisa ingurune itxietako lehiaketetara joatea. Gogorarazi eta azpimarratu da kiroldegi, gimnasio eta aldageletako kirola maskararekin egin behar dela, eta gehienez ere sei pertsonako taldeetan antolatu behar dela, ezarritako gutxieneko distantziarekin.

Beste eremu batzuk

7. Espazio itxiak etengabe aireztatzea, airea berrituz, prebentzio-neurri eraginkorra da. Edonola ere, hori betetzea gomendatzen dugu, eta, bereziki, sotoetan edo erdisotoetan kokatutako lokaletan edo aireztapen txarra dutenetan. Testuinguru horietan, airea berritzeko aireztapena areagotzeaz gain, distantzia, garbitasuna, gehieneko edukiera eta maskara erabiltzeko prebentzio-neurriak zorroztu eta protokolizatu behar dira.

8. Arriskuko eremua dira unibertsitateetako ohiko elkarguneak (korridoreak, atondoak) eta tabernak. Gune horietako egonaldia eta joan-etorria arautzeko protokoloak zorroztea eskatzen da, eta erabiltzaileei gomendatzen zaie prebentzio- neurriak bereziki zaintzea: distantzia, maskara erabiltzea, garbitasuna eta harreman gutxi eta ez oso jarraitua taldeetan.

9. Garraio publikoaren erabilerari dagokionez, pilaketak saihestea gomendatzen da, batez ere puntako orduetan. Horretarako, oso komenigarria da garraio-maiztasuna eta unitate-kopurua handitzea ordutegi-tarte horietan.

10. Halaber, gomendatzen da hori posible den enpresetan telelana eta ordutegi irristakorrak sustatzea (malgutasuna sarrera- eta irteera-orduetan).


GALDERA-ERANTZUNAK

BILERAK
Bildu gaitezke sei pertsona baino gehiago lanean?
Bai. Sei pertsona baino gehiagoko taldeetan egoteko mugatik kanpo geratzen dira laneko, hezkuntzako eta erakundeetako jarduerak. Nolanahi ere, segurtasun-neurri guztiak bete beharko dira; alegia, metro eta erdiko gutxieneko distantzia gordetzea eta maskararen derrigorrezko erabilera, une oro. Gainera, bilera-gela aireztatu behar da.


MUGIKORTASUNA
Dibortziatua naiz. Dibortzio-epaiaren arabera, astean bitan egon naiteke seme-alabekin; baina bizi naizen udalerria ez den beste herri batean bizi dira. Bisita hauek egitera joan naiteke?
Seme-alabak zaintzeko joan-etorri bat, dibortzio-epai batean ezarritako araubideari jarraikiz, baimenduta dago, Lehendakariaren Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan jasotako salbuespenetako bat delako, zehazki, 2. artikuluaren "k) antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua".

Animalia batzuk zaindu eta elikatu behar ditut, nirearen mugakidea ez den udalerri bateko lursail batean daudenak. Mugitu naiteke? Nola justifikatzen dut?
Animaliak zaintzeko lekualdaketa bat baimenduta dago, Lehendakariaren Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan jasotako salbuespenetako bat delako, zehazki, 2. artikuluaren "j) ezinbesteko kausagatik edo beharrizan-egoeragatik" kasua. Animalien jabetza egiaztatzen duen edozein agiriren bidez justifika daiteke, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, arreta zein helbidetan emango zaien zehaztuta.

Kantabriakoa naiz, Bilbotik hegaldi bat dut, eta Autonomia Erkidegotik sar naiteke edo atera naiteke arrazoi horrengatik?
Joan nahiz etorrian, Euskal Autonomia Erkidegotik pasa daiteke bere helmuga Autonomia Erkidego honetatik kanpo badago; baina ezin du beste jarduerarik egin Euskal Autonomia Erkidegoan.

Bisita ditzakete aitona-amonek bilobak, udalerri mugakideetan bizi ez diren kasuetan?
Ez dira “bisita” eta “zaintza” kontzeptuak nahastu behar. Familia-bisita bada, ezin da. Adingabea zaintzera joanez gero, bai, joan daitezke, Lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuaren 2.2.e) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Zer ulertzen da dela jarduera sozioekonomikoa?
Udalerri mugakideetan egin ohi diren jarduerak, eta 2. artikuluan jaso diren salbuespenen artean ez daudenak, esaterako: supermerkatura joatea, tindategira, jatetxera edo haurtzaindegira joatea, eta gure udalerrian bertan egin ditzakegun baina, hurbiltasunagatik eta irisgarritasunagatik, udalerri mugakidean egitea komeni zaizkigun jarduera sozial eta/edo ekonomikoak.

Pisu bat dut alokatuta beste autonomia-erkidego batean eta giltzak batzera joan behar dut, errentariak etxea utziko baitu. Irten naiteke erkidegotik?
arduera hori atzeratzerik ez badago, ezinbesteko kasutzat jo daiteke.

Etxe bat erosteko prozesuan dauden eta zenbait udalerritan etxeak ikusi behar dituzten pertsonek jarrai dezakete etxeak ikusten?
Ez, jarduera hori atzeratu beharko lukete, salbu eta jabetzan edo errentamenduan bere ohiko lehen etxebizitza edo "ohiko etxebizitza" eskuratzeko kudeaketak badira. Kasu horretan, eta udalerri mugakidea ez bada, bizilekua duen udalerria aldatu behar dela egiaztatu beharko da.

Joan gaitezke autonomia-erkidego berean dagoen bigarren etxebizitzara?
Ez. Mugatuta dago mugikortasuna bizitoki dugun udalerrira,

Zer gertatzen da dagoeneko bidaiatzeko hegazkin-txartela erosi badugu? Baliogabetu egin behar dugu?
Bidaiaren motiboa aisia bada, bai, ezin da bidaiatu. 2. artikuluan azaldu diren motiboetako beste edozein bada, hegaldiari eutsi lekioke.

Sar daitezke EAEn konfinatuta ez dauden erkidegoetako turistak?
2.2. artikuluan aurreikusten diren pertsonak baino ezingo dira sartu, eta behar bezala justifikatuta egon beharko dute

Atera dezakegu maskota 23:00ak ondoren?
Ezin dugu paseatzera atera 23:00etatik aurrera eta 06:00ak arte. 1.2. artikuluan aurreikusten diren jarduerak baino ezin dira egin; maskotak direla eta, larrialdiko motiboren batengatik albaitariarenera eraman daitekeela jaso da.

Sar gaitezke udalerri mugakidean, nahiz eta beste lurralde historiko batean egon? Eta beste autonomia-erkidego batean egonez gero?
Beste lurralde historiko batean egonez gero, bai, gainerako udalerrietan bete beharreko baldintza beretan. Ezin gara udalerri mugakidean sartu baldin eta beste autonomia-erkidego batean bagaude; izan ere, mugatuta dago EAEtik irtetea, Errege Dekretuan ezarritako salbuespenetan izan ezik.

Zer jotzen da udalerri mugakidetzat? Erreka bi udalerrien artean badago, mugikortasuna posible da? (Adibidea: Erandio eta Bilbao edo Getxo eta Portugalete)
Bizileku dugun udalerriaren ondoko udalerria da; udalerri mugakidera joateko zuzeneko bidea dugu, beste udalerri batzuetatik igaro beharrik izan gabe.

Nola justifikatuko litzateke agintaritza baten aurrean joan-etorri baten motiboa adinekoen edo adingabeen zaintza dela?
Pertsona arduradunak emandako egiaztagiriaren bidez; horretarako, familia- lotura frogatu beharko da eta zainduko den pertsonaren identifikazio-datuak eman beharko dira. Era berean, zaintzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiazta daiteke, artatuko den pertsonaren helbidea eta telefonoa zehaztuta. (Ikus eranskina)

Gure udalerriko supermerkatua txikia da, eta, normalean, beste udalerri bateko handiago batera joaten gara. Joan gaitezke?
Elikagaiak edo baimendutako beste produktu batzuk erosteko joan-etorriak bizitoki dugun udal-mugartean edo udalerri mugakideetan dauden merkataritza- establezimenduetara egin behar ditugu. Bizitoki dugun udalerrian edo mugakidean ematen ez diren zerbitzu eta hornikuntzen kasuan, salbuespen gisa, bizitoki dugun udalerritik hurbilen dagoen azalera handiko saltoki batera edo antzeko batera joan ahalko gara.

Esaterako, Durangon bizi gara, eta ohiko ile-apaindegia Bilbon dugu. Joan gaitezke haraino?
Ez. Jarduera sozioekonomikoa udalerri mugakideetan baino ezin da egin. Ile- apaindegia ez da Dekretuaren 2.2 artikuluan aurreikusten den salbuespenetako bat.


OSTALARITZA
Zenbat pertsona eseri gaitezke jatetxe batean jaten edo taberna batean zerbait hartzen?
Bai barruan bai kanpoan gehienez sei pertsona batu ahalko gara mahaiko edo mahaien multzo bakoitzeko. Gutxienez 1,5 metroko distantzia gorde beharko da bezeroen artean edo bezero-taldeen artean, eta une oro egon beharko dute eserita. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da une oro, kontsumitzeko unean bertan izan ezik. Barruko edukiera, guztira, ezingo da % 50etik gorakoa izan. Ezingo da barran kontsumitu.

Ordutegiaren aldetiko muga bera da Euskadiko taberna eta jatetxe guztientzat?
Bai. Guztiek, salbuespenik gabe, 23:00ak baino lehen itxi beharko dute, eta ezingo dute 06:00ak baino lehen ireki. Neurri hori asteko egun guztietan aplikatuko da, jaiegunetan barne.

Erregai-zerbitzuguneetako eta gasolindegietako tabernek eta jatetxeek ere 23:00ak baino lehen itxi beharko dute?
Ez, ordutegiaren aldetiko mugak jatetxe-zerbitzu horiek salbuesten ditu. Hala ere, ezingo dute alkoholik atera 23:00ak eta 06:00ak bitartean.

Ostalaritzako establezimendu bat badugu eta 23:00etan ixten badugu, itzul gaitezke etxera 23:00ak baino beranduago?
Bai. 1.2 puntuan aurreikusten diren salbuespenetan jaso da lan-motiboengatik edo artikulu horretan aurreikusten diren beste batzuengatik bide publikoetatik edo erabilera publikoko espazioetatik 23:00ak eta 06:00ak bitartean ibiltzeko aukera. Nolanahi ere, ordu-tarte horretan bide publikoan egoteko motiboa edo kausa egiaztatzeko gai izan beharko dugu, hala egiteko eskatzen badigute.

Egon daiteke jarduerarik ostalaritzako eta jatetxeko lokalen barruan, ezarritako orduetatik kanpo?
Bai. Baimenduta dago establezimenduaren barrualdean ostalaritzako langileek lokala prestatzeko lanak egiten jardutea, bai 23:00ak ondoren, bai 06:00ak baino lehen. 23:00etatik aurrera ezingo da etxera banatzeko zerbitzurik bete, ez eta jasotzeko zerbitzurik ere.

Joka dezakegu zutik taberna batean dagoen makina batean?
Ez. Aulkian eserita egon beharko dugu.

% 50eko gehieneko edukierak gainditu dezake hoteletako gune komunei (jangela, kafetegia etab.) aplikatzen zaien 30 pertsonaren kopurua?
Ez.

Segurtasun-distantziak berak dira lokalaren barruan eta aire zabaleko terrazan?
Bai. Gutxienez 1,5 metroko distantzia gorde beharko da bezeroen artean edo bezero-taldeen artean, eta une oro egon beharko dute eserita.


HOTEL, NEKAZARITZA-TURISMO, TURISMO-OSTATU ETA KANPINETAN
% 50eko gehieneko edukiera hoteletako eremu komunetan (jantokia, kafetegia, etab.) aplikatzen den 30 pertsonako kopurua baino handiagoa izan daiteke?
Dekretuak gehienez ere % 50eko edukiera ezartzen du kanpin-hotelen eta turismo-ostatuen eremu komunetarako, eta gune horietan ezin da inoiz 30 pertsonako muga gainditu aldi berean eta pertsonen arteko 1,5 m-ko distantzia errespetatuz. Ostalaritza-instalazio horietako gainerako aretoek edo jantokiek % 50eko gehieneko edukiera errespetatu beharko dute, beren azaleraren arabera, eta jantokien kasuan, jatetxe-zerbitzuei aplikatu beharreko araudia errespetatu beharko dute, edo, bestelako ekitaldiak antolatuz gero, barne-espazioetako bilerei aplikatu beharrekoa.

Har dezakete ostatu logela, etxe edo bungalow berean elkarren bizikide ez diren pertsona-taldeek?
Taldekatze eta bilerak sei pertsonakoak izan daitezke, gehienez, bizikide izan ezean. Gogorarazten da mugikortasuna bizi garen udalerriaren eta mugakideen artean baino ez dagoela baimenduta.


HEZKUNTZA-JARDUERA
Joan gaitezke ikastera bizitoki dugun udalerrian ez dagoen zentro batera? Nola justifikatuko dugu?
Egoera hori berariaz jaso da 2.2 artikuluan: Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne. Baliozkotzat eta nahikotzat jotzen den edozein dokumenturen bidez egiaztatu beharko da.

Joan gaitezke semea edo alaba batzera, gure udalerritik kanpo egiten den eskolaz kanpoko jarduera batera?
Bai, betiere behar bezala justifikatzen bada; dena den, ezingo gara helmugako udalerrian umea batzeko behar baino denbora gehiago egon. Mugikortasuna eta kontaktuak ahalik eta gehien murriztu behar ditugu.


ESTABLEZIMENDUAK, INSTALAZIOAK ETA LOKALAK
Supermerkatuek edo elikagaien dendek sal dezakete alkohola 20:00etatik aurrera? Eta 20:00ak ondoren ixten badute?
20:00ak eta 08:00ak artean ezingo da alkoholik saldu, taberna eta jatetxeetan kontsumitu ezean. Era berean, ezin da bide publikoan kontsumitu, ostalaritza- zerbitzuei lotuta dauden terrazetan baino ez.


HIL-BEILAK ETA EHORZKETAK
Joan gaitezke bizitoki dugun udalerritik kanpo egiten den hileta, hil-beila edo ehorzketa batera? Eta autonomia-erkidegotik kanpora?
Ez, udalerrian bertan edo mugakideetan ez bada, eta honako atal honetan ezartzen diren neurriak bete beharko dira:
-Hil-beiletan, 30 pertsona batu ahalko dira, gehienez, aire zabaleko espazioetan, eta 6, espazio itxietan. Bertaratzen den pertsona-kopurua txikiagoa izanez gero, ezingo da baimendutako edukieraren %50 gainditu.
-Hildakoaren ehorzketan edo haren errausketarako agurrean, 30 pertsona egon ahalko dira, gehienez, betiere espazio irekian egiten bada. Espazio itxian eginez gero, gehienez 10 pertsona batu ahalko dira, eta, nolanahi ere, pertsonen arteko distantzia gorde beharko da.
-Kasu guztietan erabili beharko da maskara.


JARDUERA FIISIKOA AIRE ZABALEAN
Irten gaitezke ibiltzera edo perretxikotan taldean?
Jarduera fisikoa egin ahalko da aire zabalean, bakarka edo kolektiboan, gehienez sei pertsonako taldeetan, udalerriaren edo udalerri mugakidearen barruan.


KIROLA
Joan gaitezke taldean korrika egitera edo bizikletan ibiltzera?
Bereizi egin behar dira kirol-jarduera (eranskinaren 14. atala) eta aire zabaleko jarduera fisikoa (eranskinaren 19. atala). Aire zabaleko jarduera fisikoak kalean edo ingurune naturalean paseatzea bezalako jarduerak barne hartzen ditu. Eranskinaren 14. atalean finkatutako salbuespenak izan ezik (kirol profesionala, erdi-profesionala edo ikastaroetan programatutako jarduerak, gimnasioak maskararekin eta gehienez sei pertsonako taldeetan), ezin da kirola taldean egin; banaka bakarrik. Ondorioz, ez dago baimenduta txirrindulari taldeak zein runninga egiten ari diren taldeak.

Nahitaezkoa al da maskara erabiltzea jarduera fisikorako eta kirolerako?
Dekretuak baimendutako taldeko kirol-jardueretan, hala nola ikastaroetan, gimnasioetan eta kiroldegietan programatutakoetan, maskara erabiltzea nahitaezkoa da uneoro. Transmisio-arrisku handiko testuingurua da. Aire zabaleko jarduera fisikoan, nahitaezkoa da maskara erabiltzea hiriguneetako ibilaldietan edo jendea biltzen den lekuetan. Maskara ez da derrigorrezkoa mendi ibilaldietan.

Mugakide duzun udalerrira joan zaitezke jarduera fisikoa aire zabalean egiteko?
Bai, banakako kirol-jarduera eta aire zabaleko jarduera fisikoa egin ditzakezu bizi zaren udalerrian edo aldamenekoan.

Aldagelak eta dutxa-guneak erabil daitezke?
Baimenduta badago ere, instalazioaren berezko protokoloak eta babes-arauak eta pertsonen arteko gutxieneko distantzia fisikoa 1,5 metrokoa izanik, LABIko Batzorde Teknikoak aldagela kolektiboak ez erabiltzea gomendatu du.

Egin dezakegu kirola taldean, espazio itxietan?
Ez, kirola bakarka baino ezingo da egin. Gimnasioetan programatutako ikastaroak edo jarduerak salbu; haietan, maskara erabili beharko da. Taldeko klaseetan, sei parte-hartzaile egon ahalko dira, gehienez.

Entrena dezakegu gure taldearekin eta partidak jokatu?
Baimenduta daude lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean dauden taldeen kirol-entrenamenduak eta -lehiaketak. Profesionala edo erdi profesionala ez den federazio-lehiaketa eten egingo da, bai eta eskola-kiroleko lehiaketa ere. Baimenduta daude federatutako edo eskoletako taldeen kirol-entrenamenduak, baina seiko taldeetan eta barkarka.

Joan gaitezke beste udalerri batera partida bat jokatzera?
Lehiaketa profesionaletan edo erdi profesionaletan baino ez.

Zer ulertzen dugu kirolari erdi profesional diogunean?
Egutegi ofizialeko Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan eta Euskal Federazioak antolatutako maila goreneko lehiaketetan parte hartzen duten kirolariak dira, guztiak kategoria absolutuan. Atal honetan kategoria absolutuko maila goreneko bertoko kirol-lehiaketak sartzen dira.

Joan gaitezke kirol-jarduera bat egitera beste udalerri bateko kiroldegira?
Bai, baldin eta bizi naizenudalerriaren mugakidea bada.

Joan gaitezke beste udalerri edo erkidego batzuetara jarduera zinegetikoak edo arrantza-jarduerak egitera?
Ez. Bi jarduera horiek bizitoki dugun udalerrian edo mugakideetan baino ezingo dira egin.

Nahitaezkoa al da maskara erabiltzea kirol-lehiaketa, -ekitaldi edo - ikuskizunetara joaten den jendearentzat?
Bai, maskara nahitaez erabili behar da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun- tartea 1,5 metrokoa izan.


GARRAIO PUBLIKOA
Gaueko zer ordutara arte egongo da garraio publikoa?
Hiru lurralde historiko bakoitza baino eremu gutxiagoko garraio publikoaren azken irteera 00:00etan izango da. Taxia edo gidaridun ibilgailua izan ezik.

Jan edo edan daiteke garraio publikoan?
Bidaia-denbora bi ordutik beherakoa bada, ezin da, baina bai edan.

Badago okupazio-mugarik garraio publikoan?
Ez, garraio publiko eta pribatuetan ibilgailuak duen plaza adina pertsona joan ahalko da, betiere maskara jantzita.


KULTURA-EREMUA
Jarduera bat eskaintzen den kontzertuetara, museoetara, zinema eta antzokietara edo bestelako kultur etxeetara joan naiteke?
Sarrera-salerosketa bat dagoen kasuetan, jarduera sozioekonomiko bat dagoela ulertuko da. Beraz, kasu horietan, bizilekuaren ondoko udalerri batera joan ahal izango da. Lekualdatzen den pertsonak bere sarrera eraman beharko du joan-etorrian.

Normaltasunez gara dezakegu abesbatzen edo musika-banden jarduera)? Eta beste udalerri batera joan behar badugu?
Abesbatzen entseguak edo kontzertuak arrisku-jardueratzat hartu behar dira; beraz, ahalik eta gehien zorroztu behar dira prebentzio-neurri guztiak (edukiera, 1,5 m-ko distantzia, aireztapena eta beti maskara). Baldintza horietan, beren jarduerarekin jarrai dezakete. Hala ere, kideen edo abesbatzaren edo musika-bandaren joan-etorriak, oro har (kontzertu baterako, adibidez), bizi diren udalerriaren edo mugakidearen barruan bakarrik egin ahal izango dira. Abesbatzek edo bandek eremuko profesionalak kontratatuta badituzte (zuzendari bat, pianista bat, kantuko irakasle bat, etab.), horiek jarduera profesional bat garatzeagatik, entsegua edo kontzertua egiten den lekura joan daitezke, nahiz eta haien bizilekua edo mugakidea ez izan. Abesbatzen edo musika-banda profesionalen edo elitekoen kasuan, jarduera profesionala denez, bizi diren udalerritik edo udalerri mugakideetatik harago joan ahal izango dira (bai entseguetarako, bai kontzertuetarako), abesbatzak edo taldeak emandako frogagiriarekin.


BESTE BATZUK
Egin al daitezke erkidegoen, jabeen batzarren edo akziodunen batzarren bilerak?
Bilerak egin ahal izango dira, betiere topaketak egiten diren lokaletan ezarritako edukiera-mugak betetzen badira. Hala ere, bertaratutakoen joan-etorriei dagokienez, kontuan hartu beharko dira indarrean dauden mugikortasun- mugak, eta beti errespetatu beharko dira.

Erre daiteke bide publikoan?
Bi metroko gutxieneko distantzia gordetzerik badago bakarrik.

Derrigorrezkoa da erabilera publikoko establezimendu eta lekuak aireztatzea?
Bai. Ahalik eta maizen aireztatu beharko dira, eta, gutxienez, egunean hiru aldiz.

Baimenduta al dago adinekoen egoitzetara joatea?
Bai, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren barruan, betiere zentroak berak baimendutako bisitak badira.

Baimenduta al dago espetxeetara joatea?
Bai, baina, horretarako, Espetxeetako Agintaritzak emandako baimen egokia beharko da.

Baimenduta al dago ibilgailuen tailerretara eta kontzesionarioetara joatea?
Bai atzeratu ezin diren, derrigorrezkoak diren eta aurrez aurre egin behar diren kudeaketen kasuan.

Baimenduta al dago erlijio- edo kultu-zerbitzuetara joatea?
Bai, salbuespen gisa, bizitoki dugun udalerrian halakorik ez bada eta, betiere, hurbilen dagoen lekura.

Baimenduta al dago mugikortasuna udalerritik kanpora, saltokietan eta halal harategietan erosteko beharra dagoenean?
Bai. Bizitoki dugun udalerrian zerbitzu hori egon ezean, joan-etorriak egin ahalko dira zerbitzu hori duen eta gure udalerritik hurbilen dagoen udalerrira.

Joan gaitezke aireportura, geltokietara eta bestelakoetara pertsona baten bila?
Bai, edozein familiartekoren bila, bakarrik bizilekura bueltatzeko.

Bisita daitezke mendeko familiartekoak, desgaitasuna duten pertsonak edo pertsona bereziki kalteberak?
Ez. Haien etxera laguntzera eta zaintzera baino ezingo gara joan.

Baimenduta dago baratzeetan lan egiteko mugitzea?
Bai, bizitoki dugun udalerrian eta mugakideetan dauden baratzeetan.

Baimenduta al dago arrazoi sindikalengatik, alderdi politikoen, enpresa- elkarteen eta antzekoen jarduerengatik lekualdatzea?
Bai. Jarduera instituzional edo profesionaltzat jotzen baitira.


Dokumentua osorik ondoko estekan klikatuta eskura dezakezue: argibideak