#Merkataritzahizpide

Lourdes Larrañaga Estetika Zentroa: "Segituan ohitu nintzen martxa berrira"

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 4a, 09:21

Argazkiaren egilea: Ion Markel Saez de Urabain (gertuago.eus).

Pandemia hilabete hauez eta erosketa-bonuen Gertuago kanpainaz mintzatu zaigu NOAUA!rako, Lourdes Larrañaga, Usurbilen duen estetika zentroko arduradunak, aste honetako "Merkataritza hizpide" atalerako.

NOAUA! Itxialdiaren osteko uneak nola gogoratzen dituzu?
Lourdes Larrañaga Estetika Zentroa: Nahiko gogorra egin zitzaidan. Ez nekien oso ongi zer espero, ez nola joango zen kontua eta beldur pixka batekin ekin nion. Behin hasita konturatu nintzen egoera ez zela horren konplikatua ere, eta neurri batzuk hartuta “normaltasunez” jarrai nezakeela lanean eta segituan ohitu nintzen martxa berrira.

Jendea hasieratik etortzeko prest egon zen edo kosta egin zitzaizun egoerari buelta ematen?
Jendearen erantzuna oso positiboa izan zen. Etxera deitzen zidaten batzuetan noiz ireki behar nuen galdetzeko, eta orokorrean zain zeuden. Beraz, behin irekita segituan hasi zen jendea mugitzen. Hilabeteetan tratamendurik egin gabe zegoen jendea eta bazuen gogoa berriz ere zaintzen hasteko.

Zein neurri ari zarete hartzen birusaren aurka?
Orokorrean hartu behar diren neurriak ari gara hartzen gu ere. Gel hidroalkoholikoa daukat sarreran, musukoa derrigorra da eta bezero bakoitzaren ostean lekua desinfektatu egiten dut.

Gertuagoko kanpainak zer moduz funtzionatu du zurean?
Orokorrean bezeroak pozik daude, baina batzuk ez dituzte bonuak erosi nahi. Gazteen artean izan dute arrakasta handiena. Adinekoek ez dute horren ongi hartu, agian Interneta ez daukatelako edo ez direlako ongi moldatzen. Ni ere hasieran pozik ibili nintzen bonuekin, erosketa bat zegoen bakoitzean mezua bidaltzen zidaten eta antolaketa aldetik oso txukun ibili ginen. Behin uda pasata, norbaitek erosketa egitean ez zait mezurik iristen eta bezeroa iritsi arte ez dut jakiten erosketa hori egin denik, eta kontu korrontean sartzean ikusten dut dirua sartu didatela. Orduan, orain pixka bat zailagoa da niretzat dena finkatuta eramatea. Badakit nire arazo berak izan dituztela beste gutxi batzuk ere, ez da denen arazoa, baina bai gutxi batzuena.