Merkataritza hizpide

N.I. Ileapaindegia: "Betiko martxan gabiltza urte sasoi honetarako"

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 4a, 09:24

Argazkiaren egilea: Ion Markel Saez de Urabain (gertuago.eus).

Pandemia hilabete hauez eta erosketa-bonuen Gertuago kanpainaz mintzatu zaigu NOAUA!rako, Ines Kamino, Usurbilen duen ileapaindegiko arduradunak, aste honetako "Merkataritza hizpide" atalerako.

NOAUA! Konfinamenduan ile-apaindegi guztiak itxita egon ziren, eta beraz, zuena ere bai. Nolakoa izan zen itzulera?
N.I. Ileapaindegia: Martxoaren erdialdean jaso genuen ixteko abisua, konfinamendua hasi baino egun bat lehenago. Jakina, datozen asteetarako eta apirilerako ere jendeak ordua hartuta zeukan ilea moztu eta tratamentuak egiteko. Horiek guztiak bertan behera geratu ziren, eta gero, maiatzean itzuli ginen berriro lanera. Urduri geunden jendeak nolako erantzuna izango zuen jakiterik ez dagoelako, baina azkenean dena ongi joan zen eta segituan hartu genuen martxa berriz.

Zein neurri hartu behar izan dituzue aurrera jarraitu ahal izateko?
Neurri batzuk hartu behar izan genituen bai. Leku guztietan bezala maskararen erabilera derrigorrezkoa da, eta sarreran gel hidroalkoholikoa jarri dugu bakoitzak bere burua babesteko. Horrez gain, aulkiak forratu egin ditugu, lurra produktu berezi batekin garbitzen dugu beti eta toallak ere bai. Hasieran plastikoa erabiltzen hasi ginen eta erabilpen bakarra ematen toallei, baina azkenean toalla normalekin jarraitzea erabaki dugu. Garbigailuan produktu berezi bat gehitzen diegu toallei, eta lixiba ere erabiltzen dugu zenbaitetan birusik izanez gero hil dadin, eta toallak berrebiltzen jarraitzeko.

Konfinamendua amaitu zenean, nola erantzun zuen jendeak?
Jendeak hasieratik oso ongi erantzun zuen eta uda aurreko eta udako hilabeteak normaltasun osoz joan ziren. Orain ere erritmo normalean ari gara lanean, nolabait betiko martxan gabiltza urte sasoi honetarako. Desberdintasun bakarra da ordu gutxixeago ari garela eskaintzen, baina gainontzekoan beti bezala gabiltza.