Xua Gurasoekin Etxera

Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga Aranjuezko espetxetik Martutenekora lekuz aldatuko dituzte

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 4a, 16:15

Espetxe Erakundeetako idazkaritza orokorrak Aranjuezko kartzelan diren Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideei 3. gradua ezarri eta Madrilgo kartzela hartatik Martutenekora ekarriko dituztela jakinarazi du gaur. Gogoan izan, espetxealdiaren hiru laurdenak beteak dituzte 2018az geroztik Olatzek eta Patxik, eta egungo legedia eskutan, duela bi urtetik baldintzapean aske behar zuten.

Asteazken bazkalostean eman da ezagutzera albistea; Aranjuezeko espetxean diren herrikide Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangari 3. gradua ezarri diote eta handik Martuteneko espetxera lekuz aldatuko dituztela jakinarazi du Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Orokorrak. Egun, 2021eko ekainerako zuten ezarria irteera data. Duela bi urtetik, 2018tik espetxealdiaren hiru laurdenak beteta. Egun indarrean den araudia eskutan, baldintzapean aske behar zuten biek. 

Aipatu moduan ordea, asteazken honetan ezagutzera emandako albisteak goitik behera alda dezake bi herrikideon egoera; 3. gradua ezarri eta Aranjuezeko espetxetik Martutenekora ekarriko dituztela jakinarazi du Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Orokorrak.

Lekuz aldatzeko erabakia hala dela baieztatu diote Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik NOAUA!ri. Presoen eta haien senideen eskubideen alde herrian urteak lanean daramatzan bilgunetik gaineratu dutenez, "beste kontu bat da "noiz eta nola gauzatuko den". Baita "ze baldintzetan ere, berez Martutenen ez dago amen modulorik", ohartarazi du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.

Gogoan izan amen moduluan egon zen Olatz Lasagabaster Valentziako Piccasenteko espetxean, Xua jaio zenetik. Egun, udan jaio zen Maddi txikiarekin ere hala zegoen Aranjuezko espetxean. 

Bideodeiak egiteko eskaerari ere uko
Olatz eta Patxi Aranjuezko espetxean erabat isolatuak zirela heldu da albiste hau. Gogoan izan; iraila amaieran, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, frontoian egin zen elkarretaratzean salatu zutenez, ia 8 hilabete zeramatzaten orduan, Olatzek eta Patxik urte hasieran haiengandik bereizi zuten Xua ikusi eta besarkatu gabe. Eta ez nahi izan ez dutelako, ezta eskatzen ahalegindu ez direlako. Covid19-ak aurrez aurreko bisitak egitea eragotzi arren, telematikoki ere ukatu egin zieten bideodeien bidez, Olatz eta Patxiri alaba Xuarekin hartuemanetan jartzea. "Ez da egokia. Momentuz ez behar beste justifikatua". Horixe Patxi Urangak alabarekin komunikatu ahal izateko duela hilabeteko eskaerari espetxeko zuzendariak emandako erantzuna.  

Isolatuak
Alabarekin komunikatzeko bide bakarra eten zieten espetxe barruan egoera gogorra bizi duten Olatzi eta Patxiri. Hala zioten iraila amaierako elkarretaratzean. "Olatz dagoen moduluan Covid19ko kasu bat eman zela-eta, isolatua eta inolako bisitarik gabe egon da oraintxe arte. Euskal preso politikoak dauden Espainiako 44 espetxeetatik 30etan aurrez aurreko bisitak etenda daude. Lokutoriokoak ere gero eta zailtasun handiagoekin egiten dira. Xua lokutorio bateko bisitara, hau da, kristala tartean duen kabinetan egiten diren bisitetara eramatea, pentsaezina da. Hiru urtera arte, egunero, amarekin bizi izan den haur batentzat, ez bere ama eta ezta aita ere besarkatu ezinak sekulako frustrazioa eragingo lioke. Hala eta guzti ere, bideodeiak egiteko baimena: ez da egokia. Ez dago aski justifikatua". 

Ulertezintzat jo zuten familia honek bizi duen egoera "konponbidea dagoenean". Bi neurri sorta hartuta; urrunketa desaktibatu eta presoak Euskal Herriko espetxeetara ekarrita batetik, eta "nazioarteko erakundeek pandemiaren hasieran gomendatu zituzten neurriak aktibatuz; askatasuna hirugarren graduak eskura ditzaketen pertsonentzat, gaixorik dauden presoentzat eta arrisku-taldeak izateagatik 65 urtetik gorakoentzat".

Espetxe Erakundeek gaur hartutako erabakia gauzatzen denean, isolamendu hau hautsi eta etxera gerturatuko dituzte Olatz, Patxi eta Maddi txikia.