Euskaraldia

Euskaraldian izena eman eta txapak jasotzeko mahaia gaur Zubietan eta Kaxkoan

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 5a, 08:40

Ahobizi nahiz Belarriprest guztiok ate joka dugun 2. Euskaraldirako izen emateko garaia dugu. Usurbilen ekimena sustatzeko hilabeteak lanean daramatzan herri batzordeak mahaia jarriko du gaurtik txoko ezberdinetan, inskripzioak bideratu eta txapak jasotzeko.

Badator 2. Euskaraldia, azaroaren 20tik abenduaren 4ra euskara ahotan gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hartzea sustatu nahi duen ariketa kolektiboa. Prestatzen hasteko garaia da jada. Batetik entitate parte hartzaileak izango ditugu; erakunde nahiz lantoki, talde, elkarte edota herri eragileak. Ariguneen edo euskaraz lasai aritzeko guneen bidez parte hartuko dute datorren Euskaraldian. Iraila amaieran itxi zuten haiei zuzenduriko izen ematea. Estreinako edizioan bezala, oraingoan ere norbanakoek parte hartuko dute; Ahobizi (lehen hitza beti euskaraz. Euskaraz ulertzen duten guztiekin beti euskaraz) eta Belarriprest-ek (euskaraz dakienari euskaraz aritzea eskatuko dio, egoeraren arabera euskara erabili). Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 19ra arte.

Izen emate eta txapa banaketa mahaia
2. Euskaraldia erakartzen ari den parte hartzearen adierazle argiak diren zenbait datu segidan; 421 udalerri eta 6.737 entitateek bat egin dute ekimenarekin Euskal Herri osoan. Entitateok 8.174 egoitza dituzte eta 25.091 arigune sortzeko prozesua abiarazi dute. Norbanakoei dagokienean, jada ia 70.000 herritarrek ere Ahobizi nahiz Belarriprest gisa parte hartzeko inskribatu dira.

Usurbilen Euskaraldia bideratzeko hilabeteak lanean daramatzan herri batzordea mahaia jartzera doa egunotan gune desberdinetan. Bi helbururekin; batetik, ekimenean izen emateko aukera egongo da eta era berean, txapa ere aldi berean jaso ahalko da. Lehen edizioko txapa jasoa baduzu hura berrerabil dezakezu datorren edizioan, bestela herri batzordearen mahaian eskatu, egun, toki eta orduotan:

Azaroak 5, osteguna
17:30-18:30 Zubieta.
18:00-19:00 Kaxkoa.

Azaroak 6, ostirala
19:00-20:00 Santuenea.

Azaroak 8, igandea
18:30-19:30 Kaxkoan.

Izen emateko beste bideak eta informazio gehiago:
QR kodearen bidez
izenematea.euskaraldia.eus
usurbil.euskaraldia.eus

Bi “rol” aukeran
-Belarriprest:
“Lekua, gaia edo egoeraren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, ez dut beti euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan”.

-Ahobizi:“Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila den arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean”.