Etxealdiako zubia itxita gaur, pasabideko lanak guztiz amaitzeko

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 6a, 08:40

Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, ostiral goizeko 8:00ak aldera Etxealdiako zubia itxiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak udan zehar egindako konponketa lanak guztiz amaitzeko. "Arratsalderako irekitzea espero dute", adierazi du Udalak.

Konponketa lanak guztiz amaitzeko, ordu batzuez itxiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak Etxealdiako zubia ostiral honetan, azaroaren 6an. Aldundia da lanok bideratzen ari dena iragan udatik. Ostiral honetan guztiz amaitu asmo ditu eta horregatik, goizeko 8:00ak aldera itxi eta arratsalderako berriz irekiko dutela espero du, Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez. 

Adi beraz, tren geltokira nahiz Santuene aldera joan edota Santuene aldetik Kaxko alderako bidea oinez egin asmo duzuenontzat. Udan gogorarazten genuen moduan, joan etorri hauetarako bi bide alternatibo izango dituzue: Zumartegi industrialdea edota Bizkarre. 

Udan itxita
Uztailaren 6an hasi zituzten berritze lanak, ""zubira igotzeko eskilarak eta aldapa egokitzen" aritu ziren. Eskilarak edo aldapa bietako bat erabilgarri izan zen lehen bi asteetan. Hilaren 20az geroztik ordea N-634 errepidea gainetik zeharkatzen duen pasabidea guztiz itxita izan zuten. Hasiera batean hilabeterako itxita egon behar zuen, baina aipatu moduan azkenean bi hilabetez egon zen etenda.

Tarte horretan, Bizkarretik edo Zumartegi industriagunea Kaxkora igo nahiz tren geltokira, Atallura edota Santuenea aldera jotzeko alternatibetan bilakatu ziren.

Usurbilgo Udalak aspaldiko eskaera gauzatzen ari direla jakinarazi zuen lanok hasi berritan. "Hainbatetan eskatu izan dio Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari Etxealdiako zubia konpontzeko". Egitura eta zoladura konpontzen aritu ziren udan zehar. Ostiral honetan, lanak guztiz bukatu asmo dituzte.