Koronabirusa

Ostalaritza guneen itxiera eta etxeratze-agindua 22:00etarako, larunbatetik aurrera indarrean izango diren neurri berrietako batzuk

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 6a, 09:25

10 egun igaro dira, Eusko Jaurlaritzak urriaren 26ko dekretuan ezarritako neurriak indarrean direnetik. Pandemiaren egungo egoerari lotutako datuak "ez dira lasaigarriak" adierazi berri du Iñigo Urkullu lehendakariak, LABI Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzordeak egin duen bilera amaierako agerraldian. Egoera hau iraultzeko neurri berriak iragarri ditu larunbatetik aurrera; ostalaritza guneen itxiera, etxeratze-agindua 22:00etara aurreratzea, kultur ekitaldiak 21:00etarako amaitzea... Helburu partekatu bat dute, Lehendakariak aurreratu duenez: "gabonetara ahalik eta baldintza onenetan iritsi" ahal izatea. Horretarako, bizitza soziala eta mugikortasuna ahal bezainbeste mugatzeko eskaera egin du Lehendakariak.

Covid19-aren hedapena geldiarazteko neurri berriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Urriaren 26an argitara emandako dekretua berrituko dute. 10 egun igaro baitira azken neurriak aplikatzen hasi zirenetik eta eskuartean dituzten datuak "ez dira lasaigarriak", Iñigo Urkullu lehendakariak, LABI Aholkularitza Batzordeak ostegun arratsalde honetan egin duen bilera amaieran egin duen agerraldian zioenez. "Birusaren transmisio komunitarioa geroz eta handiagoa da eta egoera geroz eta kezkagarriagoa", Lehendakariaren esanetan. 

Ospitaleetako ohe okupazioak gorantz egin duen arren, "ez dakar berehalako kolapsoa izateko arriskurik" ziurtatu du baina era berean, mehatxuzko egoeran garela aitortu du. Horregatik ezinbestekotzat jo du neurri berriak hartzea. "Birusaren transmisio kateak irmo hautsi behar dira", zioen.

Hala, urriaren 26ko dekretua gaur iragarritako neurriekin berrituko dute. Ostiralean argitaratu, eta larunbatean jarriko dituzte indarrean. Hasiera batean, egoera epidemieologikoak izan dezakeen bilakaeraren baitan beti ere, azaroa osoan zehar martxan izan nahi dituzte, Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldi bidez berri eman duenez.

Funtsezkotzat jo du bitarte horretan, bizitza soziala eta mugikortasuna ahal bezainbeste murriztea, bestela zioenez, "konfinamendu berrira kondenatuak egongo gara".

"Ahalegin kolektibo handia egiteko deia egiten dut, zailtasun handiko proba hau gainditzeko. Zaindu gaitezen denok, denok zaintzeko". Helburua Lehendakariaren esanetan, "gabonetara ahalik eta baldintza onenetan iritsi" ahal izatea litzateke.

Kaltetuak izaten ari diren eta neurriokin are gehiago kaltetuko diren sektoreentzako, merkataritza, ostalaritza eta turismo sektoreentzako, bereziki haiei zuzendutako laguntza programei eusteko asmoa agertu du Lehendakariak. "Kaltetutako sektoreekin zuzeneko harremanetan jarraituko dugu, planteatzen diren beharrei hobeto erantzuteko".

Hemen azaroaren 7tik aurrera indarrean izango diren neurri berriak. Zehaztasun gehiago esteka honetan dituzue: Eusko Jaurlaritzaren neurri berriak

NEURRI BERRIAK

  1. Gaueko 22:00etatik goizeko 06:00etara pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzea.
  2. Jarduera sozioekonomikoak 21:00etatik aurrera mugatzea. Merkataritza-establezimendu guztiei eragingo die; farmaziei eta gasolindegiei izan ezik.
  3. Kultu jardueretan aforoa %35-ekoa izango da.
  4. Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak itxiko dira. Kanpoan geratzen dira hoteletako eta beste ostatu batzuetako jantokiak, egoiliarrei zerbitzua emateko. Jatorduak etxez etxe prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte. Gasolindegietan, osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola-jantokietan, lantegi eta jantoki sozialetako zerbitzu-guneetan sartzen diren jatetxe-zerbitzuak kanpoan geratzen dira.
  5. Kultura-jarduera, -ikuskizun edo -ekitaldi oro gaueko 21:00-k baino lehen bukatu beharko dira. Musika- eta ahots-entsegu kolektiboak edo dantza-entsegu kolektiboak, profesionalak ez direnean, bertan behera gelditzen dira.
  6. Taldeko edozein kirol-jarduera etetea, lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik. Debekatuta dago kirol-ekitaldietara joatea. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea jarduera fisikoa edo kirola hiri-inguruneetan egiten denean.
  7. Ikastaroak edo programatutako jarduerak gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan egin daitezke; betiere maskararekin egiten badira, gehienez sei laguneko taldeetan eta gehienez %40ko aforoarekin.

Joko- eta apustu-establezimenduak eta -lokalak ixtea; eta

  1. Gaueko 22:30ak izango dira garraio publikoa lurralde historikotik ateratzeko gehieneko ordutegia. Salbuetsita dago taxia edo gidaria duen ibilgailuaren alokairua.