Koronabirusa

Indarrean diren Eusko Jaurlaritzaren neurri murriztaileak, arloz arlo

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 7a, 09:27

Gauerdiaz geroztik indarrean dira covid19-aren hedapena geldiarazteko Eusko Jaurlaritzaren neurri murriztaile berriak. Segidan arloz arlo laburbildu ditugu asteotan eguneroko bizimoduan eragina izango duten erabaki guztion zerrenda; etxeratze-agindua 22:00-06:00 artean, ostalaritza guneen itxiera, kultur ekitaldiak 21:00etarako amaitu beharra, azken garraio zerbitzuak 22:30etan, musukoen derrigorrezko erabilera baita lantokietan ere...

Neurrion indarraldia
Eusko Jaurlaritzaren neurri murriztaile berriak larunbat honetatik (azaroak 7) indarrean izango dira. "Dekretu honetan aurreikusitako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, gehienez ere 15 eguneko epean, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira."

Etxeratze-agindua

22:00-6:00 artean.

Musukoen erabilera
6 urtetik gorako herritarrek derrigorrez jantzi beharko dute musukoa, pertsonen arteko distantzia edozein delarik ere; bide publikoan, aire zabalean, erabilera publikoko edo jendaurreko espazio itxietan edota lantokietan.

Merkataritza guneak
Farmaziak eta gasolindegiak izan ezik, gainerakoek 21:00etan itxi beharko dute.

Kultu-lekuak
%35eko edukierarekin zabaldu ahalko dira. Gehieneko edukiera zehaztu beharko da gunean bertan, ikusteko moduan.

Ostalaritza guneak (tabernak, jatetxeak, txokoak, elkarte gastronomikoak)
Guneon itxiera agindu du Eusko Jaurlaritzak, "hoteletako eta ostatu hartuta dauden bezeroen zerbitzurako beste ostatu batzuetako jantokietan izan ezik. Etxez etxeko otorduak prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, edo bertan jasotzeko aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte". Itxieratik kanpo geratuko dira: "gasolindegietako eta zerbitzuguneetako jatetxe-zerbitzuak errepidez zirkulatzen ari diren pertsonentzat, osasun-zentro eta -zerbitzuetakoak, zerbitzu sozio-sanitarioetakoak, eskola-, lan- eta unibertsitate-egoitzetako jantokiak eta izaera sozialeko jantoki-zerbitzuak.". Itxitako ostalaritza guneek etxeetarako otorduak prestatu eta zerbitzu ahalko dituzte 21:00ak arte. Kafetegi zerbitzua eskaintzen duten okindegi edo gozotegiek kafea eramateko baino ezingo dute zerbitzatu.

Kultur jarduerak, ikuskizunak
21:00etarako amaitu beharko dira. Bertan behera utzi beharko dira "musika- eta ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak, musikako graduko ikasketen edo baliokideen prestakuntza arautuari dagozkionak izan ezik. Debekatuta dago gozokiak, freskagarriak edo antzekoak saltzea eta kontsumitzea horrelako jarduerekin lotutako instalazioetan".

Kirol jarduerak
Taldeko kirol jarduerak (entrenamenduak eta lehiaketak) bertan behera geratzen dira. "Salbuetsita daude, eta egin daitezke lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak. Era berean, gimnasio, kirol-talde, igerileku eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahal izango dira, eskola-kirola izan ezik, baldin eta maskara erabiliz egiten badira, sei laguneko taldeetan gehienez, eta edukiera ehuneko 40ra mugatuta badago".

Kirol instalakuntzetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, kirol jarduerak ikustera ezingo da joan. Kirola bakarka edo bizikideekin soilik egin ahalko da. Igerilekuetan ezik musukoa jantzita hiri-inguruneetan.

Joko eta apustuetarako lokalak
Itxita egongo dira.

Garraio publikoa
Azken zerbitzuak 22:30etan. Debeku horretatik salbuetsiak geratuko dira taxiak "edo gidaridun garraio-ibilgailuz eginiko garraioa".

Eusko Jaurlaritzaren dekretu osoa...
Esteka honetan irakurgai: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak