Koronabirusa

Azken autobus eta tren zerbitzuak 22:30etan gaurtik

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 7a, 08:09

Gauerdiaz geroztik covid19-aren hedapena eteteko Eusko Jaurlaritzak indarrean dituen neurriek garraio zerbitzuei ere eragingo diete, mugikortasunari alegia. Batetik, gogoan izan, etxeratze-agindua 22:00etara aurreratu dute. 22:00-06:00 artean ezingo da etxetik atera, ohiko salbuespen kasuetan izan ezik. Horrekin batera, azken garraio zerbitzuak 22:30etan abiatzea baimendu du Jaurlaritzak. Hortik aurrera, gauean zehar taxiek edota gidaridun garraio-ibilgailuek soilik lan egin ahalko dute. Lerrootan Eusko Jaurlaritzaren neurri murriztaile berriek Usurbildik igarotzen diren garraio zerbitzuetan izango duten eragina.

Lurraldebus
Zumaia-Donostia (UK09)
Larunbat honetatik, azaroaren 7tik aurrera, "azaroaren 6ko Lehendakariaren 38/2020 agindua jarraituz, Lurraldebusen lineetan gehieneko irteera ordua 22:30 izango da", berri eman du Lurraldebusek. Usurbil zeharkatzen duten autobus zerbitzuei dagokienean, neurri berri honek Urola Kostako zerbitzuari (UK09) ez dio eragingo lan egunetan. Usurbildik Donostiara azken zerbitzua 21:45ean igarotzen da udalerri honetatik. Ostiral gauetan 22:35ean baina Zumaiatik 22:00etan abiatzen da.  

Larunbat, igande eta jai egunetan ordea eragingo dute neurri berriek; gaueko 22:00etan irtengo da Donostiatik azken zerbitzua, 22:30etan helduko da Usurbila. 22:45ean Donostiatik abiatuko dena etenda geratuko da. Zumaiatik Donostiarako noranzkoan aldaketarik ez da izango asteburuetan. Azken zerbitzua hain zuzen 22:30etan abiatzen da Zumaiatik, Usurbila 23:05ean heltzen da gero Donostiara joateko. Gogoan izan, irailaz geroztik etenda dagoela gauetako autobus zerbitzua.

Aginaga-Usurbil-ospitaleak (T2)
Aginaga, Usurbil, Lasarte-Oria eta ospitaleak lotzen dituen T2 zerbitzuko joan etorriei ez die eragingo neurri berriak. Astelehenetik larunbatera eskaintzen den zerbitzu honetan, azkena 22:37an abiatu ohi da Aginagatik. Igande eta jai egunetan azkena 21:20an Usurbildik ospitaleetara. 

Kontrakt noranzkoan, ospitaleetatik Usurbil eta Aginagarantz azken zerbitzua 22:10ean abiatu ohi da astelehenetik igandera.

Usurbil-Zubieta-Hernani (T6)
Usurbil, Zubieta, Lasarte-Oria eta Hernani lotzen dituen T6 zerbitzuari ere ez die eragingo Eusko Jaurlaritzak indarrean jarritako neurriek. 21:15ean abiatzen da Usurbildik Zubieta eta Hernanirantz azken zerbitzua astelehenetik igandera. Hernanitik Zubieta eta Usurbilerantz, 21:45ean.

Informazio gehiagorako:
lurraldebus.eus
900 300 340 (astelehenetik igandera, 8:00-20:00 artean).

Euskotren
Garraio zerbitzuak 22:30etan eteteko Eusko Jaurlaritzaren aginduak trenen joan etorrietan ere eragingo du. "Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa den Euskotrenek, bihartik (larunbata, azaroak 7) aurrera, garraio-zerbitzu guztien (Trena, Metroa, Tranbiak, Autobusak eta Larreinetako Funikularra) amaitzeko ordua aldatuko du", ohartarazi du Euskotrenek. Zehaztu dutenez, "Euskotrenek bere ordutegiak Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordearen bileraren ostean, ostegunean, onartutako neurrietako batera egokitu ditu, mugikortasuna eta kontaktuak are gehiago mugatzeko, birusaren transmisioa eten ahal izateko". 

Honenbestez, larunbat honetatik aurrera, "Euskotreneko garraio publikoko zerbitzurik ez da aterako jatorrizko geltokitik edo geralekutik gaueko 22:30etatik aurrera". Usurbildik igarotzen diren tren zerbitzuei ez die eragingo. Donostiatik azken tren zerbitzua 21:50ean abiatzen da Usurbilerantz egunero. Usurbila 22:04an heltzen da. Zumaiatik aldiz azken trena juxtu 22:30etan abiatzen da, Usurbila 22:54an heltzen da astelehenetik igandera.

Informazio gehiagorako:
euskotren.eus
944 333 333

Taxi-zerbitzuak
Garraio zerbitzuak gaueko 22:30etan eteteko agindutik salbuetsita geratuko dira taxi zerbitzuak "edo gidaridun garraio-ibilgailuz eginiko garraioa". Kasuotan, gauean zehar ere lanean jarraitu ahalko dute.

Taxibusa
Landa-eremua, auzoak eta herri erdigunea lotzen dituen udal zerbitzuari ere ez diote eragingo Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurri berriek. Gogoan izan, ibilbide eta ordutegi berria estreinatu ditu Taxibusak. 3 ibilbide osatuko ditu aurrerantzean astelehenetik ostiralera, egunero bost aldiz. Hemen Usurbilgo Udalak kaleraturiko ordutegi eta ibilbide berria. Gogoan izan, Udalaren ohar hau; "ohi bezala, adinagatik edo mugikortasun arazoak dituztelako geltokira hurbildu ezin dutenek 630 64 35 96 telefonora deitu eta etxeko atarian jasoko ditu Taxibusak".