Koronabirusa

Neurri berrietara egokitzeko xehetasunak datorren astean jakinaraziko ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 7a, 10:48

Covid19-aren hedapena geldiarazteko Eusko Jaurlaritzak indarrean jarri dituen neurri murriztaile berriek hainbat moldaketa egin beharra eragingo dio Usurbilgo Udalari udalerri honetan; datozen egunotan jakinaraziko dituzte aldaketok. Ostalaritza sektorearen itxierari buruz udal-gobernu taldeak neurri gogortzat jo du eta sektorearentzako kolpea izango dela. Gogoan izan, covid19-aren eraginez jarduerok egin beharreko inbertsioetarako diru-laguntza lerro berezi bat duela martxan Udalak. Horrez gain, sektorea laguntzeko aukera ezberdinak aztertzen ari direla adierazi dute udal-gobernu taldetik.

Gauerdiaz geroztik indarrean dira Eusko Jaurlaritzaren neurri murriztaile berriak. Etxeratze-agindua 22:00etara aurreratzearekin batera, aipatzeko moduko erabaki nabarmenenak ostalaritzari eragingo dio, sektorea gutxienez abendura arte ixtea erabaki baitu Jaurlaritzak. Neurri gogortzat jo du Usurbilgo udal-gobernu taldeak jatetxe eta tabernen itxiera, "sektorearentzako kolpea" izango da gaineratu dute.

Egoera honen aurrean, udal-gobernu taldea ostalaritza jardureak laguntzeko "aukera ezberdinak aztertzen" ari dela berri eman dute Udaletik. Gogoan izan, martxan duela merkataritza eta ostalaritza guneei zuzenduriko diru-laguntza lerro berezi bat; covid19-aren eraginez egin beharreko inbertsioetarako hain zuzen. Eskabideak azaroaren 20ra arte aurkez ditzakete interesdunek.

Argibide gehiagoren zain
Eusko Jaurlaritzak gaurtik indarrean jarri dituen gainerako neurri murriztaleen artean dira besteak beste, kultur ekitaldiak 21:00etarako amaitu behar izatea, musukoaren erabilera derrigortua eremu guztietan, tartean kirol jardueretan, musika- eta ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak eten beharra...

Erabaki berri guztioi buruzko argibide gehiago jaso zain da Usurbilgo Udala, zehazkiago esanda, "musikari, kulturari eta kirolari dagozkion hainbat neurriri dagokionez".  Adibide moduan jarri ditu kirol instalakuntzetan egin beharreko moldaketak. "Gimnasioan, esaterako, maskara erabili beharko da derrigor eta aldagelak ez dira erabilgarri izango gimnasioko erabiltzaileentzat". Hainbat moldaketa egin beharko dituela jakinarazi du Udalak, xehetasunak datorren astean eskainiko ditu.