Koronabirusa

Zumarte Musika Eskolak 21:00etan etengo du ohiko jarduna

Covid19-aren hedapena geldiarazteko Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurri murriztaileek ordutegian eragingo dio Zumarte Musika Eskolari. Aurrerantzean, kultur jarduera eta ekitaldiak amaitzeko finkatu den ordutegian, 21:00etan etengo du bere ohiko jarduna.

Eusko Jaurlaritzak gaurtik indarrean jarri dituen neurri murriztaile berriek kultur eremuari zuzenean eragingo diote. Arlo honetako ekitaldi nahiz ikuskizunak iluntzeko 21:00etarako amaitzea agindu du gaurtik. Horrekin batera, bertan behera uztea, besteak beste, "musika- eta ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak, musikako graduko ikasketen edo baliokideen prestakuntza arautuari dagozkionak izan ezik".

Azken neurri honek ordea Zumarte Musika Eskolari ez dio eragingo. Eskolak duen zumarte.eus atariaren bidez argitu duenez, "Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adierazi digu, dekretuko eranskinaren 7.1. puntua kontutan izanik, musika eskolak, araubide bereziko irakaskuntzen barne gaudela". Eta honenbestez, orain arteko jarduerari segida emateko aukera izango dutela asteotan, beti ere noski, beste eremu guztietan bezala, beharrezko prebentzio eta segurtasun neurriak hartuta. "Jarduera guztiarekin jarraitu ahal izango dugu: musika mintzaira, musika txokoa, instrumentu klaseak, abesbatza eta baita talde instrumentalak ere (mota guztietakoak)", iragarri dute Zumartetik.

Baliteke ordutegiren bat egokitu behar izatea
Prebentzio neurriekin batera ordutegia aintzakotzat hartu beharko dute musika eskolakoek. Kultur ekitaldi eta ikuskizunak amaitzeko finkatu den orduan, iluntzeko 21:00etan eten beharko dute euren eguneroko jarduera. "Beraz, agian ordutegiren bat moldatu beharko dugu", iragarri dute Zumartekoek.

Segidan duzue, Eusko Jaurlaritzaren neurri murriztaile berrien harira, musika eskolak zumarte.eus bidez kaleratu duen oharra osorik: 


ZUMARTE MUSIKA ESKOLAREN OHARRA
Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren inguruan gaur argitaratu eta bihartik aurrera indarrean jarriko diren azken neurrien inguruan:

– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adierazi digu, dekretuko eranskinaren 7.1. puntua kontutan izanik, musika eskolak, araubide bereziko irakaskuntzen barne gaudela.

– Musika eskolak bere jarduerarekin jarraitu ahal izango dugula beti ere  ezarritako segurtasun-protokoloak betez. Jarduera guztiarekin jarraitu ahal izango dugu: musika mintzaira, musika txokoa, instrumentu klaseak, abesbatza eta baita talde instrumentalak ere (mota guztietakoak).

– Musika eskolako jarduera 21:00etan eten beharko dela derrigorrez. Beraz, agian ordutegiren bat moldatu beharko dugu.

Zaindu gaitezen!!