#covid19

Ostalaritzaren itxierak sektorea gogor kolpatu eta herri giroa itzali du

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 7a, 13:33

Taberna eta jatetxeetako pertsianak jaitsita, terrazak bilduta, kalean ia inor ez... Covid19aren hedapena eteteko Eusko Jaurlaritzak gaurtik indarrean dituen neurri murriztaile berrien artean, gehien nabarmendu dena ostalaritzaren itxiera izan da. Martxoko konfinamendua lehenbizi, neurri murriztaile zorrotzekin lan egin behar gero, eta bigarren itxiera orain. Sektorea gogor kolpatzen ari da bizi dugun ezohiko egoera.

Isiltasuna, giro benetan tristea larunbat honetan Usurbilen. Herritar gutxi batzuk frontoi edo parkeetan jolasean nahiz kirol jardueraren bat egiten, batzuk korrika, txirrinda gainean nahiz paseoan udalerria inguratzen duten herri-bideetan. Herritarrak aurkitzekotan, larunbat honetan zabalik zeuden denden atarietan baino ez zeuden; covid19 garaiotan ohikoan bilakatu diren ilaretan, norberari erosketak egiteko txanda noiz helduko zain.

Gehienen ahotan, bizi dugun osasun krisialdia noski; covid19-aren hedapena murrizteko Eusko Jaurlaritzak ostegunean iragarri, ostiralean dekretu batez plazaratu eta larunbat honetan bertan indarrean jarri dituen neurri murriztaile berriak. Neurrion artean, lehendik ere ahul izan eta martxotik maiatzerako konfinamenduak, gerora ezarritako baldintza zorrotzek eta gaurtik berriz ere aurre egin behar izan dioten itxialdiak ezin gogorrago kolpatu duen ostalaritza sektorea. 

Tabernak, jatetxeak, txokoak itxita esnatu dira gaur, pertsianak jaitsita. Terrazak bilduta. Inor ez taberna barruan jan nahiz edatekoa eskatzen, inor ezta lagun edo senitartekoekin kanpoan mahaietan eserita, larunbateko patsadaz gozatzen. Soilik etxerako janaria prestatu eta zerbitzatu dezakete.

Taberna eta jatetxeetako langileek neurriak ezin zorrotzago bete dituzte hilabeteotan. Zegokiena bikain bete dute. Halere dirudienez ez da aski izan, eta lan jarduna eten zaie berriz. Langile mordoa egoera ezin delikatuagoan aurkituko zen lehendik, are gehiago gaurtik. Betidanik herri bizitza suspertzen ezinbesteko funtzioa bete duen ostalaritza, covid19 garaiotan herritarrak biltzeko gune bakarrenetarikoak itxita gaurtik, dirudienez azaroa amaierara arte gutxienez.