Euskara ahotan gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hartzeko aukera eskaini nahi du azaroaren 20tik abenduaren 4ra iragarri den 2. Euskaraldiak. Prestatzen hasteko garaia da jada. Batetik, balkoietan jartzeko banderatxoak plazaratu dituzte. Usurbilgo Eroski Cityn eta Laurok liburudendan topatuko dituzu, 5 eurotan salgai. Eta bestela, Euskaraldiaren web orrialdeko dendan, Elkar dendetan edota Berria egunkaria saltzen duten kioskoetan.
Euskaraldiko banderatxoa zure etxeko balkoian jartzen baduzu, Euskaraldiko produktu-loteen zozketan parte hartzeko aukera izango duzu. Hauek dituzu lehiaketako arauak:
- Atera argazkia Euskaraldiko zure banderatxoarekin.
- Igo zure Facebook, Instagram edo Twitter kontura.
- Ez ahaztu etiketatzea #JantziKaleak
- Listo. Zorte on Euskaraldiko produktu loteen zozketan.
Izen ematea
Inskripzioak bideratzeko garaia da. Entitate parte hartzaileak izango ditugu batetik; erakunde nahiz lantoki, talde, elkarte edota herri eragileak. Ariguneen edo euskaraz lasai aritzeko guneen bidez parte hartuko dute datorren Euskaraldian. Iraila amaieran itxi zuten haiei zuzenduriko izen ematea. Estreinako edizioan bezala, oraingoan ere norbanakoek parte hartuko dute; Ahobizi (lehen hitza beti euskaraz. Euskaraz ulertzen duten guztiekin beti euskaraz) eta Belarriprest-ek (euskaraz dakienari euskaraz aritzea eskatuko dio, egoeraren arabera euskara erabili). Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 19ra arte.
Izen emate eta txapa banaketa mahaia
2. Euskaraldia erakartzen ari den parte hartzearen adierazle argiak diren zenbait datu segidan; 421 udalerri eta 6.737 entitateek bat egin dute ekimenarekin Euskal Herri osoan. Entitateok 8.174 egoitza dituzte eta 25.091 arigune sortzeko prozesua abiarazi dute. Norbanakoei dagokienean, jada ia 70.000 herritarrek ere Ahobizi nahiz Belarriprest gisa parte hartzeko inskribatu dira.
Usurbilen Euskaraldia bideratzeko hilabeteak lanean daramatzan herri batzordea mahaia jartzera doa egunotan gune desberdinetan. Bi helbururekin; batetik, ekimenean izen emateko aukera egongo da eta era berean, txapa ere aldi berean jaso ahalko da. Lehen edizioko txapa jasoa baduzu hura berrerabil dezakezu datorren edizioan, bestela herri batzordearen mahaian eskatu, egun, toki eta orduotan:
Azaroak 7, larunbata
19:00-20:00 Kaxkoan, Sutegi alboan.
Azaroak 8, igandea
12:30-13:30 Artzabalen.
18:30-19:30 Sutegi alboan.
Izen emateko beste bideak eta informazio gehiago:
QR kodearen bidez
izenematea.euskaraldia.eus
usurbil.euskaraldia.eus
Bi “rol” aukeran
-Belarriprest:“Lekua, gaia edo egoeraren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, ez dut beti euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan”.
-Ahobizi:“Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila den arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean”.
Izen-emateko baldintzak
- 16 urte baino gehiago izatea
- Konpromisoa adieraztea