Koronabirusa

Eskola Kirola eta klub federatuen jarduna bertan behera

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 10a, 09:30

Eusko Jaurlaritzak larunbataz geroztik indarrean dituen neurri murriztaile berriek zuzenean eragingo diote Usurbilgo bizitzari, baita kirol jardueren esparruan ere. Usurbilgo Udalak covid19-aren hedapena murrizteko Jaurlaritzaren aginduek herriko martxan izango duten eraginaz ohartarazi dute. Besteak beste, Eskola Kirola edota klub federatuen jarduna etenda geratu da. Kirol ikastaroei eutsiko zaie momentuz.

Honela dio gai honi buruz Eusko Jaurlaritzak iragan ostiralean plazaraturiko dekretuak: "Taldeko edozein kirol-jarduera eten egiten da, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta egin daitezke lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak.

Era berean, gimnasio, kirol-talde, igerileku eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahal izango dira, eskola-kirola izan ezik, baldin eta maskara erabiliz egiten badira, sei laguneko taldeetan gehienez, eta edukiera ehuneko 40ra mugatuta badago. Kirol-instalazio mota guztietako aldagelak eta dutxak ixtea erabaki da. Debekatuta dago jendea kirol-ekitaldietara joatea. Bakarka edo bizikideekin bakarrik egin ahal izango da kirola. Betiere, igerilekuetan izan ezik, banakako jarduera fisikoa edo kirola maskaraz egin beharko da hiri-inguruneetan".

Kirol jarduerak musukoekin beti
Covid19-aren hedapena murrizteko Jaurlaritzaren neurri guztiok indarrean dira larunbataz geroztik eta Usurbilgo kirol jardunari eragingo diote bete-betean. Beharrezko zehaztasunak jaso ditu Udalak. Eragina modu honetan islatuko da:
-Eskola Kirola eta klub federatuen jarduna bertan behera geratu da.
-Kirol ikastaroak egin ahalko dira, saio guztietan musukoa jantzita (igerilekuan salbu noski), gehienez ere seiko taldeetan.
-Aldagelak ezingo dira erabili, igerilekukoak salbu.
-Farmaziak edota gasolindegiak salbu, gainerako establezimenduen itxiera ordua 21:00etarako finkatu da. Oiardo Kiroldegia ere ordu horretan itxiko dute.
-Gainerako udal-zerbitzu eta agendari eutsiko dio Udalak, beharrezko egokitzapen eta segurtasun neurriekin: "esaterako, zahartze aktiboa sustatzeko udalak antolatutako saioek aurrera jarraituko dute, eta azarorako iragarritako kultur eskaintzari ere eutsiko zaio".