Merkataritza Hizpide

Enar Estetika: “Udaberrian eta udan uste baino hobeto aritu gara”

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 11a, 08:26

Pandemia hilabeteeotan bizi duten egoeraz galdetu dio aste honetako "Merkataritza Hizpide" atalerako NOAUA!-k Enar Estetika guneko arduradunari.

NOAUA! Nola gogoratzen dituzu konfinamenduan bizitako momentuak?
Enar Estetika: Konfinamendua amaitzear zela, Estetizisten Elkartetik informazioa bidali ziguten irekiera nola egin behar genuen adieraziz eta hartu beharreko neurri guztiekin. Abisua eman zigutenean nahi genuenean irekitzeko, asteburuan dena txukundu eta berehala ireki egin genuen.

Informazioaz gain, laguntza ere eskaini dizuete Estetizisten Elkartetik?
Bai, informazioaz gain materiala ere bidali ziguten segurtasun neurriak behar bezala betetzeko. Profesionalak formatzeko kurtsoak egiteko asmoa zuten aurten, baina egoerak hala eskatuta diru hori babes materialera bideratu zuten. Dena behar bezala prestatuta eta informazio guztiarekin ekin genion konfinamendu osteko aro berriari.

Nolako erantzuna jaso zenuten bezeroengandik?
Hasiera-hasieratik jendea segituan animatu zen tratamenduekin jarraitzera, eta oso gustura hartu genuen jendearen harrera hori. Urte sasoi ona izaten da apiriletik uda amaiera artekoa, udara begira lan egiten dugulako. Bagenuen beldurra jendearen erreakzioarekiko, baina lehen momentutik lasaitu ginen bezeroen erantzun ona ikusita. Garai onak izan ziren urteroko erritmoan aritu ginen, eta zentzu horretan ez daukagu kexatzeko arrazoirik.

Behin uda pasatuta, nola daude gauzak orain?
Iraila eta urria orokorrean ez dira hilabete indartsuak izaten guretzat. Haurrak eskolara hasten dira, jendea lanera itzultzen da eta jendeak beste lehentasun batzuk izaten ditu orokorrean. Ikasturte hasierako beldur horiek ere izan dute eragina gure sektorean, baina uste baino apalagoa izan da hori ere. Bazen bigarren konfinamendu baten beldurra, baina azkenean uste baino hobeto joan da. Gainontzeko urteetan baino zerbait gutxiago agian, baina ez da gehiegizko beherakada izan.