NOAUA! Martxoan nola harrapatu zintuen konfinamenduak?
Anais Estetika Zentroa: Aste batzuk lehenago konturatuta nengoen zerbait gertatzen zela, eta ez ninduen horren bapatean harrapatu. Egun batzuk lehenago ere, Zaharren Egoitza itxi zuten eta beste leku batzuk ere bai. Gogorrena izan zen ez jakitea noiz eta nola itzuliko ginen lanera, eta bezeroek nola erantzungo zuten.
Maiatzean lanera itzultze hori nola gogoratzen duzu?
Lehenengoetarikoak izan ginen irekitzen. Ilusioz ekin nion batez ere, bezeroak ikusteko gogoarekin eta haiek pasatutako esperientziak entzuteko gogoarekin. Urduri ere banengoen, zalantza neukan bezeroek nola erantzungo ote zuten, batez ere lehenengo hilabete hartan.
Gertuago kanpainak lagundu dizu negozioan?
Bai, niri oso ekimen ona iruditu zait. Bezeroei diru pixka bat aurrezten laguntzen die, eta nire kasuan bezero berriak egiteko aukera eman dit. Bereziki oso gazteak ez diren bezeroak ditut, batez ere, eta beldur gehiago dute egoera honengatik guztiagatik ilepaindegira etortzeko. Aukera eman dit zentzu horretan jendea gehiago ezagutzeko eta bezero berriak egiteko. Ni Urnietan bizi naiz, eta han ere gisa honetako ekimen bat martxan jarri dute, baina ez dira berdin egiten ari eta nahiago dut hemen, Usurbilen, egiten ari garen modua. Errazagoa eta probetxu gehiago ateratzeko modukoa da hemengoa.
Egoera berriz ere okerrera doa. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Orain arduratuago nago martxoan edo maiatzean baino. Biharko egunean lan egiten jarraitzeko aukerarik izango dugun edo ez, horrek beldurtzen nau gehien. Gainera, nik lanean jarrai badezaket, baina jendeak ia etxetik ezin badu atera bezerorik ez dut izango. Orduan ia okerragoa da egoera. Irekita jarraitzen badut, baina inor ez badator gastua ari naiz egiten. Beherakada txiki bat ere nabarmendu dut azken hilabete honetan, nahiko ohikoa izaten da urte sasoi honetarako, baina beste urte batzuetan baino handiagoa izan dela iruditzen zait pandemiarengatik.