NOAUA!ren Kulturaldia

“Ura sartu zen” laburmetraia eta “Nor zara zu?” diskoa aurkeztuko du gaur Peru Galbetek

“Ura sartu zen” laburmetraia eta “Nor zara zu?” diskoa aurkeztera dator Peru Galbete usurbildarra NOAUA!ren Kulturaldira, larunbatean (azaroak 14) 19:00etan Sutegira. Covid19-aren hedapena geldiarazteko Eusko Jaurlaritzaren neurri murriztaile berriak tarteko, ordubete aurreratu behar izan dugu emananaldia. 19:00etan izango da eta ez 20:00etan iragarria zegoen bezala.

Usurbildarrei hurbilekoa izango zaie zure laburmetraia?
Peru Galbete: 
Dokumentala ez fikziozko laburmetrai bat da. Gai ezberdinak jorratzen ditu. Usurbilen 1997ko ekainaren 1ean izandako uholdeetan oinarritua dago. Juxtu guri tokatu zitzaigun, Troia auzoan bizitzen geundelako. Urak harrapatu zuen auzoa. Beste gai batzuei buruz ere hitz egiten du, ez era tradizionalean, pieza esperimentalagoa da; uholdeari lotutako lekukotzak, nire txikitako oroitzapenak… Asko hitz egiten du memoriaz, denborak nola eraldatzen duen memoria. Diapositiba batzuekin dago eginda laburmetrai osoa eta audio batzuk ere bai.

Sortze lan honen bidez egilea bera hobeto ezagutzeko parada izango dugu.
Nahiko pertsonala da baina jendeak antzekotasunak aurki ditzake bere esperientziekin.

Zurea den sortze lan hau jendearekin partekatzean zer jaso duzu?
Pandemia aurreko asteetan Punto de Vista jaialdian estreinatu nuen. Lagun artean denak batera pantaila handian ikustea oso ederra izan zen. Usurbilen proiektatzea oso berezia da niretzat, nire etxea izan baita urte askoan.

Lan honen plazaratzea baldintzatuko zuen covid19ak?
Bai, orain arte dena geldirik egon da. Badirudi orain aktibatzen ari dela kontua eta baditut dokumentala proiektatuko duten pare bat jaialdi konfirmatuak. Alor guztietan bezala, baina batez ere kultur edo arte arloan zuzenean aurkezteko beharra dugu, jendeak ikus dezan eta horretan covid19-ak asko eragin du noski. Halere zorteduna sentitzen naiz; ikusten dut badagoela behar bat baita ere publikoaren partetik eta hor ikusten dut funtzio bat duela artistak.

Are gehiago garaiotan.
Bai eta beharra zentzu askotan; emozionala, hartzaile bezala ere gustura ikusiko nituzke emanaldiak. Artistak ere badu jateko beharra. Garai hauetan lehen gaizki zegoen sektorea okerrera joan da baina behintzat espero dut honi buelta ematea eta kultura, artea baloratzea.

Eta musika baita ere. Gutxitan bezala, sortzaile berdina ikusiko dugu ekitaldi berean bere ikus-entzunezko bat proiektatzen eta segidan kontzertu bat eskaintzen.
“Nor zara zu?” diskoari lotutakoa. Azkeneko urteetan banebilen kanta batzuk lantzen. Konfinamendua zen juxtu eta lana sarean jartzea erabaki nuen. Oso harrera ona izan zuen. Egia esan une horretan horrela kaleratu nuen, zuzenekorik eskaini ahalko nuen jakin gabe, noiz, nola. Beti ere bai bakarrik ibili izan naiz musika egiten eta kantak horretarako aukera ematen zutenez taldean eskaintzea pentsatu nuen konfinamendua bukatu ostean. Uharten bizi naiz. Iruñeako bi laguni proposatu nien eta oso gustura gaude, Santi Etxeberria (kontrabaxua), Idoia Arizaleta (gitarra) eta ni (txarangoa, ukelelea eta ahotsa). Eta ematen diote beste bizi bat kantei zuzenekorako aproposa.

Ikus-entzunezkoen mundutik zatoz baina musikaren bidea gailentzen ari da?
Bai. Halere beti hor nabil biak uztartzen. Musikak eta bideogintzak ematen didate jatekoa eta aldi berean gustura sentiarazten nauten proiektuak egiten saiatzen naiz.

Nolakoa da artista baten agenda covid19 garaiotan?
Azkenean egia da covid19a etorri zenean agenda oso betea egon arren, hutsean geratu zela. Baina pixkanaka baditut proiektu ezberdinak eta askotan gainera ez dauzkadanean sortu egiten ditut. Disko hau bezala, etxean grabatua izan zena. Une honetan beste laburmetrai batekin nabil. Kanta batzuk ere lantzen ari naiz. Baditut bestelako proiektu batzuk gehiago jaten ematen didatenak. Oraintxe diskoaren barrurako liburuxka bat egin dut eta bukatzeko denbora juxtua emango dit.
 
Zure emanaldia asteburuan Sutegin.
Berezia izango da laburmetraia Usurbilen ematea. Jende asko agian identifikatua senti daiteke. Elkarrizketak Usurbilen grabatu dira eta niretzako bertan ematea zerbait berezia izango da, Sutegin gainera. Nahiko polita izango da, azkenean askotan ez direlako bi formatu nahasten.


PERU GALBETEREN "“Ura sartu zen” laburmetraia eta “Nor zara zu?” LANEN AURKEZPENA
Eguna: azaroak 14, larunbata.
Ordua: 19:00. 
Zehaztasunak: "Urte hasieran, Peru Galbetek “Ura sartu zen” laburmetraia aurkeztu zuen Punto de Vista zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdian. Artean ume zela, uholde izugarria izan zen Usurbilen. “Troiako auzotarrak onik atera ginen; ez, ordea, etxabean gordetzen genituen oroitzapen asko. Nire aitak diapositibak erreskatatu zituen eta banaka-banaka garbitu ere egin zituen”. Urak beste esanahi bat eman die irudiei eta horretan datza laburmetraiak. Proiekzioaren ondoren, "Nor zara zu?" diskoa aurkeztuko du bere taldekideekin batera".
Sarrerak: 6 euro Lizardin eta NOAUA! K.E.-n aldez aurretik. NOAUA!ko bazkideek sarrera bat 4 eurotan aurrez NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.

Ura Sartu Zen Barrura - Trailer from Peru Galbete on Vimeo.