Argitu da Olatz Lasagabasterren egoera. Gogoan izan, 3. gradua aplikatu eta duela astebete Aranjuezko espetxetik irten ahal izan ziren Olatz eta Patxi Uranga asteburuko baimenarekin. Usurbilen igaro ahal izan zituzten hiru egun; eta gainera, ez zuten gero Aranjuezera itzuli beharrik izan, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Orokorrak bi herrikideak Martutenera kartzelaz aldatzea erabaki zuelako.
Astelehenean, Usurbilen Nahi Ditugu eta Sare taldeek berri eman zutenez, Olatz eta Patxi Martuteneko espetxean aurkeztu zuten euren burua. Patxiri dagokionean, astean lau gau, astelehenetik ostegunera Martuteneko kartzelan igaro beharra agindu zioten. Olatzi ostegunera arte luzatu zioten espetxetik kanpo egoteko baimena. Zergatia Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo Sare taldeek argitu zuten; iragan astean aurreratu zuten moduan, Maddi haurtxoarekin Martutenen egoteko baldintza egoki falta. Ostegun honetan, "erabaki finkoago bat hartu beharko dute bere egoeraz", iragarri zuten Sarek eta Usurbilen Nahi Ditugu taldeek.
Eta erabaki dute; argitu da Olatzen egoera. Lasagabasterrek ez du Martuteneko espetxera bueltatu beharrik izango. "Pultsera jarriko omen diote datorren astean", berri eman dio NOAUA!ri Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. "Bitartean telefono bidezko kontrola" eziarriko diotela zehaztu dute.
Neurri berdinak gainerako euskal presoentzat
Urte luzez exijitu dute aipatu eragileek, hainbat erakunde eta taldeek, Olatz eta Patxiren senide, lagun eta herritarrek, "espetxea legeria arrunta aplikatzea. Hamaika ahaleginen ostean, beren kasuan bederen, gauzatzen hasi da behingoz. Espero dezagun bide hori urratzen segitzea eta laster biek ala biek baldintzapeko askatasunean gure artean izatea", zioten aste hasieran Usurbilen Nahi Ditugu eta Sare taldeek.
Bi herrikideon familiak "esker ona adierazi nahi die beren interesa eta zoriona helarazi dieten herritar guztiei". Gogoan izan, iragan ostiralean "Madrilgo espetxera joan zen bien eta beraiekin zegoen Maddi alabaren bila. Orduak pasa zituzten atean noiz aterako zain baina, azkenean, denok ikusi ahal izan dugun argazki hunkigarria egia bilakatu zen. Hilabeteak ikusi gabe zuten Xuarekin familia osatua, laurak irrifar erraldoi batean batuta. Larunbateko ordu txikitan iritsi ziren Usurbilera. Asteburu oso berezia igaro dute elkarrekin".
Gertaera honek poz handia eragin duen arren, Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo Sare taldeek gogorarazi dutenez, "alferrikako sufrikarioa eten eta sentimendu berbera errepikatzea nahi dugu, behar dugu hobe esanda, gainerako euskal preso politiko guztien kasuan. Horregatik eta horretarako lehenik eta behin preso gaixo, adin handikoei eta baldintzapean berehala kaleratuak izan daitekeenei legeria arrunta aplikatzea exijitzen jarraituko dugu. Euskal preso guzti-guztiak behin betiko etxeratuak izateko lehen urrats bezala".