Koronabirusa

Gaztetxoentzako eskolaz kanpoko kirol jarduerak etenda gaurtik aurrera

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 16a, 08:32

Covid19-aren hedapena murrizteko neurri zorrotzagoak hartzea adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek astelehen honetatik aurrera. Oraingoan, kirol jarduerei lotutako erabakia hartu dute; 6-16 urte arteko gaztetxoentzako eskolaz kanpoko jarduera guztiak etetea. 

Covid19-aren hedapena geratzeko neurri murriztaile berriak adostu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek. Eskolaz kanpoko kirol jarduerei begirako murrizketa berriak iragarri dituzte; astelehenaz geroztik, azaroaren 16tik indarrean izango direnak. Batetik, "bertan behera geratzen dira eskola-kiroleko jarduera guztiak, hau da, eskolaz kanpoko ordutegian eta 6-16 urteko eskola-umeentzat egiten diren kirol-jarduera guztiak, barnean harturik ikastetxeek, kirol-klubek, udalek nahiz beste edozein erakundeek antolaturikoak".

Erabaki honek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri guztiei eragingo die. Baita honenbestez, Usurbili ere. Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, "bertan behera geratu dira 6-16 urte artekoei zuzenduriko ikastaroak; LH1, 2, 3 eta 4ko igeriketa ikastaroak eta zumba gazte taldea. HH4 eta HH5ekoen igeriketa saioak bai, mantendu egingo dira. Igeriketa ikastaroak etenda daudenez, “gainerako erabiltzaileek ordu horietan txanda eskatu ahal izango dute”.

Horrekin batera, bada neurri berri bat ere; Oiardo Kiroldegiko igerilekuko aldageletan ezingo da dutxatu. Igerilekuko dutxetan kloroa kendu, aldageletan lehortu eta aldatu baino ezingo da egin, eta maskara jantzita une oro.