Usurbilgo Udalak eskainiko duen zerbitzu berria Artzabalen duen lokalean kokatuko da. “Energiaren inguruan hezkuntza lana egingo du, energiaren aurrezpen eta eraginkortasunaren garrantzia azpimarratuz, baita energia berriztagarrien inguruko zalantza eta aholkularitza eskainiz eta probrezia energetiko egoeran daitezkeenei lagunduz ere”, Udaletik aditzera eman dutenez.
Horrekin batera, “udalaren energia kudeaketa hobetzea” izango du beste lan ildoetako bat, beti ere “udaleko hirigintza eta zerbitzuetako sailekin harremanetan”. Eremu honetako hainbat lanketa ere bideratuko ditu bulego honetako udal teknikari berriak: “udal-argiteriaren inbertsio plana diseinatu, udal-energia inbentarioa osatu eta jarraipen prozedura zehaztu, udal-eraikinen auditoretza energetikoak gauzatu eta inbertsio plana proposatu, energia berriztagarrien jarraipena egin eta sorkuntza aukeren bideragarritasuna egin”.
30 urtetik beherako teknikariaren hautaketa
Zortzi hilabeterako kontratazioa egitea aurreikusten du Udalak, baina “zerbitzuaren balorazioa ona bada”, jarraikortasuna emateko prest da. “Udal-energia inbentarioa osatu eta jarraipen prozedura zehaztu, udal-eraikinen auditoretza energetikoak gauzatu eta inbertsio plana proposatu, energia berriztagarrien jarraipena egin eta sorkuntza aukeren bideragarritasuna egin…” lanok burutu beharko ditu.
Teknikari lanetarako 30 urtetik beherako gazteagoa kontratatuko du Udalak hasiera batean zortzi hilabeterako eta lanaldi osorako, Covid19-ak eragindako osasun krisiak dakarren ekonomia krisiak “gazteen lan-egoeran sor ditzakeen arazoak kontuan izanda, eta udal-gobernuak gazteen enplegua bultzatzeko duen konpromisoari eutsita”. Abendutik uztaila arte luzatuko da kontratazioa. Hautaketa prozesua Lanbidetik bideratuko du Udalak, lanbide.eus atarian eman beharko da izena. Deialdi honetan parte hartzeko, 30 urte baino gutxiago izateaz gain, baldintza hauek bete beharko dituzte interesdunek:
-Enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea Lanbiden.
-Ingeniari titulua edo gradua izatea.
-Hirugarren hizkuntza eskakizuna eta EGA.
-Kontratua abiatu aurreko egunean, Gazteen Bermerako Sisteman inskribatua egotea.
Informazio gehiago bideotatik: 943 371 951 /usurbil.eus