Udal bilkurak egunotan, herriko airearen kalitateaz eta kontrolaz

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 14a, 10:46

Eusko Jaurlaritzaren ingurumen sailburuordearekin eta Jose Maria UCIN SA enpresarekin bildu da udal-gobernu taldeko ordezkaritza bat egunotan. Airearen kalitatea eta kontrola hartu dituzte ahotan, baita azken hilabeteotan herritarrek gai honi lotuta Udalari helarazitako salaketa mezuak ere.

Gaion bueltan bi bilkura izan dituzte egunotan udal gobernu taldetik aditzera eman dutenez. Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Amaia Barredorekin. Azken hilabeteotan hainbat herritarrek helarazitako salaketez jardun zuten. “Salaketa horien aurrean Eusko Jaurlaritzak zein neurri hartuko dituen galdetu zioten. Berriki Jaurlaritzak ingurumen baimen bateratu berrian ezarritako emisio mugen eta horien kontrola hobetzeko neurrien inguruan ere hitz egin dute, elkarlana eta dagokien erantzukizunari heltzea eskatzeko. Jaurlaritzako ordezkariek, euren aldetik, hitz egindako gaien inguruan erantzuteko konpromisoa hartu dute”, berri eman dute Udaletik.

Horrez gain, Udalak gogorarazi duenez, “aire kalitatearen jarraipenaren haritik, iaz hasi zen udala UPCrekin elkarlanean, Kataluniako UPC unibertsitatearekin. Hain zuzen ere, udala UPCrekin lantzen ari den udalerriko aire kalitatearen modelizazio lanak egiteko beharrezko duen informazioa lehenbailehen igortzeko ere eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Herriko emisio-foku guztiak aintzat hartuta, modu bateratuan Usurbilgo aire kalitatean zein eragin duten ikustea ahalbidetuko du modelizazioak. Hain justu, herriko aktibitate potentzialki kutsakorrenen azken urteetako emisioen neurketen datuak eskatu dizkiote Jaurlaritzari, modelizazioa egiteko ezinbestekoak baitira”.

Gai bera, herritarren salaketak ere hizpide izan zituen udal gobernu taldeak Jose Maria UCIN SA enpresarekin eginiko bileran. “Herritarrek egindako salaketak eta kezkak zuzenean adierazi zizkieten. Egindako obren inguruan eta aurrez udalak ezarritako baldintzez ere hitz egin zuten, aurrera begirako pausoak zehazteaz gain”, Udalaren esanetan.