Eragile anitzen adierazpena

"Jendea eta bereziki gazteak seinalatzea doan? Estatu polizialik ez!"

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 16a, 14:21

Telefono dei salatzaile batek Ertzaintza Aitzaga Elkartean indarrez sartzea eragin zuen igandean. Barruan, bileretarako baliatzen duten gunean, Gazte Eguna antolatzen ari ziren 10 herritar salatu ditu Ertzaintzak. Gertaturikoa irmoki salatu dute Aitzaga Elkarteak, Usurbilgo Ernaik, Usurbilgo Sortu, Kafe Tertulia neska* gazteen taldeak, Aztarrika Gazte Asanbladak eta Xauxar Txosna Batzordeak NOAUA!ra helarazi duten adierazpenean. Salagarritzat eta lotsagarritzat jotzen dute pairaturiko jazarpen poliziala eta baita Ertzaintzari egindako telefono deia. Herriko 10 gazteon aurkako salaketok errekurrituko dituztela iragarri dute. Adierazpena segidan duzue osorik.

Jendea eta bereziki gazteak seinalatzea doan? Estatu polizialik ez!
Azaroak 15, igandea, 17:00ak inguru zirela salaketa dei baten ondorioz hainbat Ertzain patruila azaldu dira Aitzaga Elkartera. Ertzainek atea indarrez ireki dute eta barrura sartu dira begiratzera. Elkartea hutsik eta ilunpean aurkitu dute-logikak eskatzen duen bezala- ezin baita jarduera gastronomikorik egin.

Ohartu dira beste ate bat dagoela sarreran eta behean lokal batzuk daudela. Bertara jaitsi eta hamar gazte aurkitu dituzte bilera bat egiten. Hauei, salaketa jarri diete 6 pertsona baino gehiago egoteagatik bilduta, elkarte gastronomiko batean zeudela esanez.

Aitzaga Elkarte Kultural bat da eta elkarteaz gain behean lokal ezberdinak ditu herriko eragile ezberdinak beraien jardun politikoa gauzatu dezaten. Tartean, Ezker Abertzaleko kide politikoak zein hala eskatzen duten herriko eragileak biltzen dira. Eragile horien artean, Aztarrika Gazte Asanblada, Kafe Tertulia neska* gazte taldea zein Xauxar txosna batzordea daudelarik. Hamar gazte hauek Aztarrika Gazte Asanbladako ordezkariak ziren eta Gazte Egunaren berrantolaketan zebiltzan egoera berrira egokitu asmoz. Bilera hori, jardun politikoa da, ez da aisialdiko ekintza bat. Horregatik, errekurritu egingo ditugu Ertzaintzak bertan ziren norbanako bakoitzari jarritako salaketak.

Bestalde, lotsagarria iruditzen zaigu gazte batzuk elkartzen ikuste hutsagatik Ertzaintzari deitzea, kriminalizatuz bai gazteok, lekua bera seinalatuz eta txibato alproja bezala jokatuz. Ardura kolektiboa dugu eta baita indibiduala ere garai zail hauetan, baina, onarkaitza da estatu polizial batean bilakatzea geure herria. Ezin dugu jendea seinalatzen ibili, zer gertatzen den jakin gabe. Gainera, kasu honetan gazteak estigmatizatuz eta seinalatuz. Modu arduratsuan bilduta zeudenean. Horregatik, gazteei eragindako kalteei erantzunez, jakin dezala salatzaileak salagarria iruditzen zaigula bere jarrera.

Hau dena esanda, egoera honen aurrean, irakurketa honen sinatzaileak osasun neurrien garrantziaz kontziente garela eta gure praktika politikoaren erdigunean kokatzen ditugula adierazi nahi dugu. Ez dugu jazarpen polizialak ez “txibatoek” gure jarduna oztopatzea onartuko eta aurrean izango gaituzue. Herriarekiko dugun konpromisoan berresten gara eta horretan lanean jarraituko dugu.

Soilik herriak salba dezake herria!

Sinatzaileak:
Aitzaga Elkartea
Sortu Usurbil
Ernai Usurbil
Kafe Tertulia neska* gazteen taldea
Aztarrika Gazte Asanblada
Xauxar Txosna Batzordea