Telefono dei salatzaile batek Aitzagako jardun politikoa eten du

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 16a, 14:45

Ertzaintza indarrez sartu zen igandean Aitzaga Elkartera, salaketa dei bat jaso ostean. Aurkitu zutena ordea, ez zen elkarte gastronomiko batean jardunean zebilen lagun koadrila bat. Zilegitasun osoz, azaroaren 28ko Gazte Eguna egungo osasun krisialdira egokitzeko antolaketa lanetan zebilen herritar talde bat baizik. 

Igande arratsaldeko 17:00ak aldera Ertzaintzaren zenbait patruila bertaratu ziren Aitzaga Elkartera. Indarrez sartu ziren. "Ertzainek atea indarrez ireki dute eta barrura sartu dira begiratzera", azaldu dute hainbat eragileek sinatu eta NOAUA!ra helarazi duten adierazpenean. Ertzainek elkarte gastronomikoa hutsik aurkitu zuten, taberna itxita. Inor ez. "Elkartea hutsik eta ilunpean aurkitu dute-logikak eskatzen duen bezala-ezin baita  jarduera gastronomikorik egin". 

Elkartearen sarreran beste ate bat egon eta beheko solairuan "lokal batzuk zeudela" ere ohartu zen Ertzaintza. Behean bai, 10 herritar zeuden modu arduratsuan bilduta, ez ordea aisialdiko ekintza batean parte hartzen, jardun politikoan baizik. "Aztarrika Gazte Asanbladako ordezkariak ziren eta Gazte Egunaren berrantolaketan zebiltzan, egoera berrira egokitu asmoz", argitu dute aipatu adierazpenaren sinatzaileek; Aitzaga Elkarteak, Usurbilgo Sortuk, Usurbilgo Ernaik, Kafe-tertuliako nesken* taldeak, Aztarrika Gazte Asanbladak eta Xauxar Txosna Batzordeak. 

Bilera, Aitzaga Elkarteak beheko solairuan eragile ezberdinek jardun politikorako baliatzen duten aretoan ari ziren egiten. Telefono dei batek eragin zuen guztia. Lotsagarritzat eta salagarritzat jotzen dute "gazte batzuk elkartzen ikuste hutsagatik Ertzaintzari deitzea, kriminalizatuz bai gazteak, lekua bera seinalatuz eta txibato alproja bezala jokatuz". Onartezintzat jotzen dute "estatu polizial batean bilakatzea gure herria".

Ertzaintzak gazteok salatu ditu "6 pertsona baino gehiago egotegatik bilduta, elkarte gastronomiko batean". Aipatu herri eragile guztiok kaleratu duten adierazpenean iragarri dutenez, "errekurritu egingo ditugu Ertzaintzak bertan ziren norbanako bakoitzari jarritako salaketak".