Usurbildik ere saharar herriari babesa adierazi diote

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 16a, 09:08

Marokoko soldaduek Guergerateko muga pasabidea ixten ari ziren herritarrak erasotu ditu asteburuan. Euskal Herriko txoko askotatik elkartasun osoa jasotzen ari da saharar herria. Baita Usurbildik ere.

Usurbilek ere bat egin du, Euskal Herriko beste hainbat txokoetatik ere saharar herriari elkartasuna adierazteko aldarriekin. Bi herrien ikurrak elkarri eskua emanda agertzen diren albiste honi atxikitako irudia jaso dugu whatsappez. Tadamun Elkargune Internazionalistak sare sozialen bidez adierazi duenez bestalde, "marokoar erreinuaren erasoen aurrean berriro armak eskuetan hartu beharrean aurkitu da saharar herria. Urteak pasa dituzte bake faltsu baten menpe". Fronte Polisarioari babesa adierazten zion kartela plazaratu dute, "herriak bakarrik salba dezake herria" ohartaraziz. "Gure birotzak zuekin ditugu!", adierazi diote saharar herriari.

Marokoko soldaduek Guergerateko muga pasabidea ixten ari ziren herritarrak erasotu ditu asteburuan.  "Marokok 91tik indarrean zen su etena apurtu eta Mendebaldeko Sahara militarki erasotu du lurraldearen hegoaldean den #Guerguerat-eko muga ilegala ixten ari ziren herritarren aurka. Saharako Askapenerako Herri Armadak erasoari erantzun eta herritarrak babestu ditu", zioen Askapenak asteburuan. Gertaturikoa gogor salatu dute baita Komite Internazionalistek. "Marokok Saharako posizio zibilen aurka egindako erasoa, Guerguerat pasabidean, onartezina da. NBEren pasibotasunaren eta Europar Batasunaren isiltasunaren aurrean, argi salatzen dugu Marokoko gobernuaren jarrera eta eraso hau. Babes osoa Saharako herriari!". 

Asteburuan hainbat mobilizazio egin dira, astelehen honetarako ere, Usurbildik gertuen elkarretaratzea deitu dute Komite Internazionalistak, Diasporak, Saharar Herriaren Aldeko Elkarteek edota Askapenak, Donostiako Bulebarrean arratsaldeko 18:30etan.