Koronabirusa

Covid19ak eragindako inbertsioetarako Udalari laguntzak eskatzeko ostiralera arteko epea dute ostalariek

10 egun itxita daramate ostalaritza guneek. Covid19-aren hedapena murrizteko Eusko Jaurlaritzak agindutako debeku bat da honakoa. Koronabirusaren eraginez hain zuzen, sektore honetako Usurbilgo establezimenduek egin beharreko inbertsioak diruz laguntzeko lerro bat zabalik du Udalak. Interesdunek eskabideak aurkezteko ostiralera arteko (azaroak 20) epea dute.

Urriaren 16an Usurbilgo Udalak Tokiko Gobernu Batzarrak covid19-ak kolpatutako Usurbilgo merkataritza eta ostalaritza sektoreak lagundu eta indarberritzeko "jarduera ekonomikoa prestatzera bideratutako inbertsioak diruz laguntzeko oinarriak onartzea erabaki zuen". Hala dio, Udalak berak urriaren 27ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen iragarkiak. Interesdunek eskabideak aurkezteko aukera izango dute azaroaren 20ra arte.

Laguntza hau covid19-ari aurre egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua da. Onuradunak herrialdeko Udalak dira, "baina helburua merkataritza eta ostalaritzako sektoreetako inbertsioak finantzatzea da, Covid-19ari aurre egiteko jarduera ekonomikoa prestatzeko".  Usurbilgo Udalak guztira 28.006 euroko dirulaguntza jaso du. "Laguntza hauen xedea da, Covid-19ak eragindako egoera berrira egokitzeko Usurbilgo merkataritza eta ostalaritza establezimenduek egin beharreko inbertsioak, ekipamenduak jartzea eta/edo inbertsio horiek egiteko ikerketak diruz laguntzea. Dirulaguntzen xedea da tokiko jarduera sustatu nahiz suspertzea eta, bide batez, sektoreen jarduera ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna mantentzea, Covid-19 edo koronabirusaren krisiak eragindako ondorioei aurre egin ahal izateko".   

Covid19-ak beharturiko inbertsioetarako
Udalak ohartarazi duenez, "dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako jarduketaren aurrekontuaren % 100 artekoa izango da, eta diruz lagun daitekeen gastua, lehenengo banaketan, gehienez ere, 2.500 eurokoa izango da establezimendu bakoitzeko".

Diruz lagundu ahalko dituzte inbertsioak eta ekipamenduak:
-Lokalak eta laneko moduak egokitzea.
-Segurtasun eta osasunaren irizpideak/protokoloak betetze aldera, merkataritza eta ostalaritza-lokalak moldatzeko inbertsioak eta ekipamendua.
-Bezeroekin eta erakunde hornitzaileekin harreman berriak antolatze aldera, laneko moduak egokitzeko inbertsioak eta ekipamenduak.
-Establezimenduren sarrera-irteerak kontrolatu edota aforoa mugatzeko obrak, seinaleak, altzariak edota bestelako elementuak.
-Pertsonen arteko distantziak mantentzeko, lokalak egokitzeko edo osasun segurtasunerako neurriak bermatzeko obrak, altzariak, materialak eta instalazioak, establezimendu barruan nahiz kanpoan (manparak, janariak babesteko bitrinak, hidrogel dispensadoreak, lokala edo produktuak desinfektatzeko ekipoak, terrazak egokitzeko inbertsioak...).       
-Bezeroekin komunikatzeko edota bezeroekin lan egiteko modu eta zerbitzu berriak martxan jartzeko egindako inbertsioak (QR kodigo bidezko menua, etxera eramateko zerbitzua, online zerbitzuak, eta abar...).
-Covid-19ak eragindako egoera berrira egokitzeko bestelako inbertsioak.

Eskabideak telematikoki bideratzea aholkatzen du Usurbilgo Udalak, usurbil.eus atariko diru-laguntzen atalean edo Udalean aurrez hitzordua eskatuta, 943 371 951 telefono zenbakian.

Informazio gehiago, astearte honetako (urriak 27) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jaso daiteke.