"Andatza: errotarriak, mugarriak eta aztarna arkeologikoak" jardunaldien hasiera gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 19a, 09:00

Andatzan azken urteotan egindako aurkikuntzen berri emango duen ekitaldia antolatu du Usurbilgo Udalak ostegun honetarako, azaroaren 19rako Sutegiko auditorioan. "Andatza: errotarriak, mugarriak eta aztarna arkeologikoak" jardunaldien lehen hitzordua izango da. Joseba Alonsok, Javi Castrok eta Asier Agirresarobek eginiko azterlanaren emaitzak aurkeztuko dituzte osteguneko eta abenduaren 17ko saioetan. Aurkikuntzak gertutik ikusteko aukera izango da aurrerago.  

Azaroaren 19rako du iragarria aurkezpena Usurbilgo Udalak, arratsaldeko 18:30etan Sutegiko auditorioan. Sarrera doakoa izango da baina aurrez eman beharko da izena usurbilkultura.eus atarian. 78 pertsonentzako lekua egongo da.

"Aranzadi zientzia elkartea azterketa arkeologikoak egiten ari da Andatza mendian azken urteotan. Horren ondorioz Txangostako Dolmenaren azterketan sakondu eta Irigaineko erromatar garaiko aztarnak topatu dira. Horiek aurkeztuko dizkigute Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek, azaroa eta abenduan Andatza mendiaren inguruan antolatuko diren ekintzen barruan", iragarri du Usurbilgo Udalak. 

Joseba Alonsok, Javi Castrok eta Asier Agirresarobek ikerlanaren aurkezpen ekitaldia Usurbilgo Udalak antolaturiko "Andatza: errotarriak, mugarriak eta aztarna arkeologikoak" jardunaldien baitan ospatuko da. Bigarren saio bat iragarri du Udalak abenduaren 17rako aipatu hiru ikerlariokin; "errotarriak eta mugarriak izango dituzte hizpide Alonsok, Castrok eta Agirresarobek". Horrez gain, "osasun egoerak ahalbidetzen duenean, horiek guztiak bertatik bertara ezagutzeko ibilaldiak egingo dituzte, ikerlarien laguntzarekin".

"ANDATZA: ERROTARRIAK, MUGARRIAK ETA AZTARNA ARKEOLOGIKOAK" JARDUNALDIEN HASIERA
Eguna: azaroak 19, osteguna.
Ordua: 18:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrera: doan azaroaren 19a baino lehen, usurbilkultura.eus atarian.
Edukiera: 78 pertsonentzako lekua.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.