Liburuzain laguntzaile lanpostua betetzeko onartu eta baztertuen zerrenda kaleratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 19a, 08:00

Liburuzain laguntzaile lanpostua hornitzeko onartu eta baztertuen behin-betiko zerrenda onartu du Usurbilgo Udalak. Ostegun honetako (azaroak 19) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu du.

Liburuzain laguntzaile lanpostua hornitzeko urrats berri bat eman du Usurbilgo Udalak; behin-betiko onartu du onartu eta baztertuen zerrenda. Ostegun honetako (azaroak 19) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu du. Horrekin batera, hautagaiei zuzenduriko lehen hitzordua finkatu du Udalak; "lehenengo froga 2021eko urtarrilaren 21ean Oiardo Kiroldegian izango da". 

Udal liburuzain laguntzaile lanpostua
Usurbilgo Udalaren liburuzain laguntzaile lanpostua oposizio-lehiaketa aske bidez betetzeko oinarriak eman zituen argitara Udalak, martxoaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. "Deialdi honen xedea ondorengo hau da: lehiaketa-oposaketa irekiaren bidez, Udal honetako funtzionarien plantilan hutsik dagoen Liburuzain Laguntzaile lanpostua betetzea. Plaza hau Administrazio Bereziko Eskalan, Teknikari laguntzaile Azpieskala, C sailkapen taldean eta C1 azpitaldean dago kokatuta".

Udalak gaineratzen duenez, "lan-jarduna urtero Udalak zehazten duena izango da eta, edozein dela ere, horretarako lanpostuaren izaera eta behar bereziak izango ditu kontuan". Izendatu gabeko izangaiekin lan-poltsa osatuko dute, "lortu duten puntuazioaren araberako hurrenkerarekin".

Hemen eskaintzen den lanpostuaren ezaugarrien berri:
-Lanpostuaren maila: 14.
-Ordainsaria: Usurbilgo Udalaren ordainketa taulako 12. maila.
-Berariazko osagarria: 18.490,82 euro.
-Hizkuntz-eskakizuna: 3. H.E. (derrigorrezkoa).
-Plaza kopurua: 1.

Besteak beste, lanpostu honetan, erabiltzaileari arreta eskaini beharko da, zerbitzua ongi erabiltzen dela ziurtatu, liburuak eta maileguak kudeatu, funtsen erosketa, katalogazio eta sailkapenean lagundu, irakurzaletasuna bultzatu...