Elkarretaratzea larunbatean

"Marokok Mendebaldeko Saharako su-etena apurtu izana salatuko dugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 19a, 10:01

Marokok Mendebaldeko Saharako su-etena apurtu duela salatzeko elkarretaratzea deitu du herritar talde batek larunbat eguerdiko 12:00etan Mikel Laboa plazan. Egunotan saharar herria jasotzen ari den elkartasun ekimenekin bat egingo du baita udalerri honek, azaroaren 21ean.

Etenik gabekoak izaten ari dira egunotan, saharar herria jasotzen ari den elkartasun mezuak. Euskal Herriko hainbat txokoetatik egin duten moduan, Usurbilek ere aldarri honekin bat egingo du larunbatean (azaroak 21); herritar talde batek elkarretaratzea deitu du eguerdiko 12:00etan Mikel Laboa plazan. "Marokok Mendebaldeko Saharako su-etena apurtu izana salatuko dugu", iragarri dute NOAUA!ra helarazitako idatzian.

Horrekin batera, "Espania zein nazioarteko komunikateari argi exijituko diegu 1991 urtetik atzeratu egin den autodeterminazio erreferenduma behingoz antolatu dezaten".

DEITZAILEEN OHARRA

ELKARRETARATZE BATERATUA MENDEBALDEKO SAHARAKO SU-ETENAREN URRAKETA SALATZEKO
Larunbata, azaroak 21, eguerdiko 12:00etan [Usurbil]

Usurbilek bat egin du, Euskal Herriko beste hainbat txokoetatik ere saharar herriari elkartasuna adierazteko aldarriekin. Horrenbestez, herritar talde batek elkarretaratze deialdi batera gonbidapena luzatzen du; larunbatean, azaroaren 21ean, eguerdiko 12:00etan Marokok Mendebaldeko Saharako su-etena apurtu izana salatuko dugu Mikel Laboa Plazan.

Aldi berean, Espania zein nazioarteko komunikateari argi exijituko diegu 1991 urtetik atzeratu egin den autodeterminazio erreferenduma behingoz antolatu dezaten.

Marokok duela 29 urte gerrari amaiera eman zioten Akordio Militar zein Bake Akordioak urratu ditu; pasa den azaroaren 13an saharar zibilek urriaren 21etik itxitako Guerguerateko pasabidea berriz irekitzeko tropak mugiarazi baitzituen.

Lotsaren harresian zehar liskar armatuak berrekin diren testuinguru honetan, saharar herriari ematen diogun babesa berresteko unea da, duela 45 urtetik bere lurraldearen okupazioa eta nazioarteko komunitatearen axolagabekeria jasaten ari baita. Elkartasun hori adierazteko, Espainiako Gobernuari afrikar kontinenteko azken lurralde ez-autonomoa deskolonizatzeko ardura bere gain hartzea eskatuko diogu, eta, MINURSOrekin batera, zuzen dezala saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzen duen erreferenduma.

Aldi berean, Nazio Batuen, Erreferendumerako bere Misioaren eta nazioarteko gainerako komunitatearen ekintza eza agerian utzi nahi dugu, Marokok urteotan egindako Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa guztien aurrean, bai eta saharar herriak bide baketsuen alde egindako apustu eztabaidaezinaren eta nazioarteko legeriari erakutsitako errespetuaren aurrean agertutako axolagabekeria ere.

Euskal Herria herri solidarioa izan da beti saharar herriarekin eta bere borrokarekin. Beste behin ere, gurekin egotea espero dugu eta, horretarako, larunbatean herri eta hiri desberdinetan eguerdiko 12:00etan modu bateratuan egingo dugun mobilizazioan parte hartzeko gonbita luzatzen dizuegu.