Koronabirusa

15 egunez luzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, indarrean diren neurri murriztaileak

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 19a, 07:18

Egoera lasaitzeko modukoa izan ez arren, hoberantz doala ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak. Indarrean diren neurriak egoki zein proportzionaltzat jo ditu osasun sailburuak ostegun iluntze honetan egin duen agerraldian. Horiei eustea erabaki dute beste 15 egunez. Covid19-aren hedapena murrizteko neurri berberek segiko dute indarrean honenbestez, abenduaren 5era arte gutxienez.

"Ondo goaz, baina ez gaude ondo". Halaxe adierazi du Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburu Gotzone Sagarduik, ostegun iluntze honetan eskainitako prentsaurrekoan. Euskadiko babes zibilaren aholku batzordeak (LABI) eginiko bileraren amaieran agertu da hedabideen aurrera. Honenbestez, argi zioen, "datuak ez dira neurriak lasaitzeko bezain onak ezta neurriak areagotzeko bezain txarrak". Bere esanetan, "transmisio oso altuarekin segitzen dugu", positibotasun tasak hoberantz egin arren altua izaten segitzen du eta ospitaleetako presioak ere handia izaten jarraitzen du. Halere, egoera pixkanaka onerantz egiten ari bada, osasun sailburuaren esanetan, indarrean diren neurriei esker da eta neurriokiko "gizarteak izan duen erantzun ona" giltzarritzat jo du.

Horregatik, egokitzat eta proportzionaltzat jo ditu Eusko Jaurlaritzak indarrean dituen neurri murriztaileak. Eragina izaten ari direnez, oraingo neurriei eutsiko diete gutxienez beste 15 egunez. Hala erabaki du Eusko Jaurlaritza aholkatzen duen batzordeak. Honenbestez, ostiral honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak sinatutako dekretua argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak. Dekretu berri hau, larunbatean (azaroak 21) jarriko da indarrean; printzipioz 15 egunerako, abenduaren 5era arte gutxienez. Bi egun lehenago, hilaren 3an bilduko da berriz LABI, une horretako egoera epidemiologikoa eta asistentziala zertan den aztertzeko. Egoeraren arabera, indarrean diren neurriekin zer egin erabakiko dute. Momentuz, datozen bi asteotan orain arteko neurri berberek segiko dute indarrean. "Datuek erakusten dute hartutako erabakiak egokiak direla", adierazi du Sagarduik. 

Baina zuhurtzia eskatu, neurriak betetzeko deia egin du. Gizartea sentsibilizatzeko, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta EUDELek sustaturiko kontzientziatze kanpaina berria aurkeztu du osasun sailburuak. Aldarria: "Eskuak, maskarak, distantzia. Denok dakigu nola saihestu", eta hitzokin irudi bat; covid19az gaixoturiko pertsona bat UZI-an. Gutako bakoitzak eta guztiok dugun erantzukizunaz ohartarazi nahi dute kanpaina berri honekin. Erlaxazio egoerei aurre egin nahi diote eta "gaixotasun honek ospitalera, UZIra eta heriotzara eraman ahal gaituela ohartarazten du".