NOAUA!ren Kulturaldia

Orbeldi Korrontzirekin larunbatean dantzan ikusteko sarrerak badira oraindik

Berezia izango da larunbateko emanaldia, denboraldi batean azkena, Covid19-aren hedapena murrizteko Eusko Jaurlaritzaren azken neurriek jarduna erabat eten baitie Orbeldi Dantza Taldekoei. NOAUA!ren Kulturaldirako lantzen ari ziren ikuskizunari debekuen gainetik eutsi ahal izan diote ordea. Korrontzi folk musika taldekoekin batera igoko dira hilaren 21ean auditorioko oholtza gainera; bitan, 17:30etan eta 19:30etan. Emanaldiotarako sarrerak 10 eurotan aurrez Lizardin eta NOAUA! K.E.-ren egoitzan. 8 eurotan aurrez NOAUA! K.E.-ko bazkideek NOAUA! K.E.-ren egoitzan. Ez ezazue gal, herriko dantzariak aldi baterako azken aldiz ikusteko aukera. 

Nondik sortu da Korrontzirekin elkarlanean aritzeko aukera hau?
Orbeldi Dantza Taldea: 
Korrontzik dantzen proiektua du. Joaten diren herri horretako dantza taldearekin harremanetan jartzen dira. Beraien musika eta koreografiaren bueltan ikuskizuna prestatu eta eskaintzen dute, herri horretako dantza taldearekin. Normalean hiruzpalu hilabeteko tartean egiten den prestaketa guk hilabetean landu ditugu haiek irakatsitako koreografiak. Eta baldintza berezietan. Eusko Jaurlaritzaren neurri murriztaile berriekin ahots eta dantza talde ez profesionalek entseatu eta edozein emanaldi eskaintzeko debekua etorri zen duela aste batzuk. Guk jada lana eginda, eskaintzeko aukerarik ez genuela izango ikusita, pena handiz.

Emanaldia ia bertan behera geratzear egon zen.
Bai. Bai NOAUA! K.E.-ri eta Udalari eskerrak eman, emanaldia babestu dutelako. Gu profesionalak izan ez arren, ekitaldi profesionaltzat hartu gaituzte eta horrek entseatzen jarraitu eta emanaldia eskaintzea ahalbidetu du. Badakigu gainera, puxka batean azkena izango dela, ezingo dugula beste emanaldirik egin.

Orbeldiren jarduna emanaldi honekin etengo da ezta?
Printzipioz bai.

Ezohiko ikasturtea hasi eta berehala etenaldia.
Haurren ikastaroetan bi asteetara. Astebetez izan genituen entseguak eta hurrengo astean jada ezin zen entseatu. Halere umeei harrera egin eta nolabaiteko gero arte bat prestatu genien. Helduek hilabetez entseatu ahal izan dute. Neurri murriztaile berriekin helduen ikastaroak ere bertan behera geratu dira.

Nolakoa izan zen agurra?
DBH-n adibidez, neurri berriena kontatu genien, eta triste, azkenean dantzarako gogoa zuten. Distantziekin eta musukoekin ia dantza ezin zuten egin galdetzen zuten. Gaztetxoek baldintzak bete behar dituztela oso barneratua dute, orduan ulertzen ez dutena da baldintza guztiak betetzen baditugu zergatik ezin den jarduna egin. Guk berdina diogu, esandako guztia egin dugu eta halere debekua etorri da.

Jarduna eteteko agindua jaso zenutenean zertan zineten?
Ohiko jarduna berreskuratu nahian. Kontuan izan, aurrez aurre entseatu gabe ginen martxotik. Urrian aire librean hasi ginen entseatzen Agerialdeko frontoietan. Eta gure ohiko errutinara bueltatzen, espazio guztiak egokitu behar izan ditugu. Urte ilusionagarria behar zuen, egoitza berrian, Zumarteko ganbaran. Baina aforoak murrizten zihoazen, beste espazio bat bilatu behar izan genuen. Martxa hartuta genuenean etorri da debekua.

Korrontzi eta Orbeldiren arteko elkarlana nola plazaratuko duzue Sutegin?
Korrontziren emanaldi bat izango da. Emanaldi horretan zenbait piezetan guk dantzatu egingo dugu. Ostegunean dugu entsegu saio orokorra. Larunbaterako dena prest egotea espero dugu, debeku berririk ez bada tartean.

Denboraldi batean azkeneko aldiz ikusiko dugu Orbeldi dantzan. Nola eragingo dio honek aurrera begirako zuen dinamikari?
Ez dugu horri buruzko hausnarketarik egin. Egoera honi nola eutsi pentsatzen aritu gara, aurrera begira baino. Orain derrigorrezko geldialdi bat egin beharko dugu eta gero ikusiko dugu. Guk azkenean beti gustuko duguna da gauzak talde osoarekin egitea. Zerbait egin behar badugu ahal duten pertsona gehienek parte hartzea. Gure ikuskera aldatu beharko dugu, denbora luze batean ezingo baitugu parte hartzaile askoko ekimenak antolatu eta horrek guri sorkuntza prozesu desberdin bat eskatuko digu. Bestalde, orain arte umeek dantza udako jaietan ikusten dute. Iaztik dantzak plazan ikusi gabe gaudenez, asko izen ematera ez dira animatu.

Larunbateko emanaldia beraz, inoiz baino bereziagoa izango da.
Mimo eta gogo askorekin ari gara prestatzen eta ahal dugun guztia emango dugu. Jendeari gustatzea espero dugu. Polita izango da. Tabernak itxita askoz gauza gehiago ez dago egiterik, animatu beraz!