Erosketak egiterakoan, lantokian, ikastetxean, etxean, dugun aisialdi tarte apurrean… Baina euskaraz. Eta euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan. Geure hizkuntzarekiko konpromiso argia eskatzen zaigu, ostiral honetan hasi eta abenduaren 4ra arte luzatuko den Euskaraldian. 2018ko edizioarekin alderatuta, indartuta dator aurtengoa.
Ez baita duela bi urtekoaren antzera, norbanakoen arteko ariketa soila izango. Ariguneak osatu dira erakunde, elkarte, talde edota denetariko eragileetan. Euskaraz lasai ederrean aritzeko guneak lirateke. 15 egunez, barne komunikaziorako darabilten hizkuntza-ohituretan, nahiz kanpora begira, izan bezeroak, erabiltzaileak, herritarrak… haiekiko hartuemanetan eragitera dator Euskaraldia. Entitate guztiok iraila amaierara arte zuten inskripzio epearen baitan, barne nahiz kanpo ariguneak identifikatzeko tartea, datorren hamabostaldiko ariketa egoki egin ahal izateko.
Entitateek hartutako konpromisoari, norbanakoena batuko zaio. 2018an bezala, bueltan izango ditugu asteotan Ahobizi eta Belarriprestak. Kasu honetan, zeure burua jendaurrean identifikaraziko zaituen txapa eskuratu eta soinean jantzita izatea eskatzen da. Hartara, gutako bakoitzarekin hartuemanetan jarriko den edonork jakingo du, hasteko Euskaraldian parte hartzeko konpromisoa hartu dugula. Ahobizi edo Belarriprest garela adieraziz gainera, zer modutan eskuhartuko dugun jakinaraziko diegu gainerakoei.
Hortik aurrera, testu honen hasieran aipaturikoa; euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan ahotan hartzera. 15 egun ditugu, ostiral honetan hasi abenduaren 4ra arte. Baina gogoan izan, euskaraz bizitzeko urteak 365 egun ditu. Euskaraldiak ere horretan eragin nahi du; ariketa honek, gerora arrastoa uztea, geure eguneroko hizkuntza-ohiturak benetan aldarazi, euskaldundu eta ohitura hauei urte osoan eusteko erronka du.
2. Euskaraldia
Noiz: azaroaren 20tik abenduaren 4ra.
Parte hartzeko moduak:
-Norbanakoek:
-Belarriprest: “Lekua, gaia edo egoeraren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, ez dut beti euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan”.
-Ahobizi: “Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila den arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean”.
-Entitateek: Ariguneen bidez.
Izen ematea: entitateena itxita.
Ariguneen ezaugarriak
-Denetariko entitateek parte hartuko dute: erakundeek, herri eragileek, elkarteek, denetariko kirol edota kultur taldeek...
-Ariguneak=entitateen baitan dauden euskaraz aritzeko gune babestuak dira. Arigunea osatzen duten kide guztiek euskara ulertzeaz gain, euskaraz hitz egin nahi dutenekiko aldekotasuna adierazten dute.
-Bi arigune mota sortuko dira: barne-ariguneak (entitateen barne funtzionamenduan euskararen erabilera babesteko sortutakoak) eta kanpo-ariguneak (herritarrekiko harrerarako edo kanpo harremanetarako sortuko direnak).
-Entitateen ardura: ariguneak sustatu eta babesteko neurri praktikoak hartzea.
-Ariguneek izena emateko, entitate bakoitzak "ariguneak non dituen identifikatu beharko du eta kideekin adostasuna hitzartu".
Informazio gehiago eta antolaketan parte hartzeko izen ematea:
usurbil.euskaraldia.eus
usurbil@euskaraldia.eus