Euskaraldia

Euskaraldia girotzeko hitzordu sorta abenduaren 4ra arte

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 21a, 13:39

Ahobizi nahiz Belarriprest guztiok, entitateek baita, bi asteko jardunari ekin diote. Datorren hamabostaldi honi begira, hitzordu ezberdinen agenda josi du Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den herri batzordeak abenduaren 4ra arte.

Txupinazoarekin ekin diote ostiral honetan. Baina izango da gehiago ere; antzerkia, hitzaldia eta musika Usurbilen, abenduaren 4ra bitartean. Hitzorduotan parte hartzearekin batera, ez ahaztu Euskaraldikoen gonbita; jantzi txapa soinean eta euskara, gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egunotan.

EUSKARALDIA USURBILEN
Azaroak 28, larunbata
19:00 "Esnatu naiz" kabareta Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Euskaraldiko egitarauaren barruan, Donostiako Poltsiko Antzerkiko Sorkuntza Deialdian aipamen berezia jasotako ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Elurrek Londresko The Pink flamingo klubean egiten du lan. Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende asko joaten da bera ikustera. Harrigarria izan da Elurren eraldaketa. Izan ere, duela 10 urtera arte baserrian bizi zen bere familiarekin. Nola demontre lortu du baserritan euskaldun honek underground mugimenduko modako artista izatea Londresen? Zer bizipen izan ditu Elurrek azken 10 urte hauetan? Eta zergatik da Beyoncé honen guztiaren erruduna? "Esnatu naiz" antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen showa da. Identitatea, giza-harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, besteak beste, baina batez ere, gure nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbita egiten digu".

Sarrera: doan azaroaren 26a baino lehen, usurbilkultura.eus atarian.
Edukiera: 78 pertsonentzako lekua.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskaraldia.

Abenduak 1, asteartea: "Mikel Laboa gogoan"
Egun osoan: 12 urte dira Mikel Laboa zendu zela. Usurbilen hainbeste maite genuen Mikel gogoan izango dugu, egunean zehar bere musika entzunez. Bestalde, azaroaren 30etik abenduaren 6ra bitartean, Mikeli idazteko Erregistro Liburua herritarren eskura egongo da Sutegi liburutegian.

Abenduak 3, osteguna: Euskararen Eguna
19:00 "... nahi dugu hitz eta jolas" bertso saioa. Sustrai Colina eta Jone Uria bertsolariak euskararen erabilerari buruz jolasean jarriko ditu Imanol Artola "Felix" gai-jartzaileak, hizkuntzarekin eta hizkuntzatik. Euren bizipenak bertso-saio tematikoan kantatuko dituzte: seriotik, umoretik, sakonetik, azaletik...

Antolatzailea: Euskaraldia Usurbil.