Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzaren egungo neurri murriztaileak abenduaren 10era arte gutxienez indarrean

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 21a, 08:00

Indarrean da gaurtik, covid19-aren hedapena murrizteko Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria. Ez dakar ordea aldaketarik. Azaroaren 7tik, nahiz lehendik ere indarrean diren neurri murriztaileak gutxienez abenduaren 10era arte luzatzea erabaki dute. Dekretua Euskadiko babes zibilaren aholku batzordeak (LABI) ostegunean eginiko bileraren biharamunean, ostiraleko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu zuen. Aipatu moduan, ez dakar neurri murriztaile berririk. 15 egun barru LABI bilduko da berriz, une horretako egoera aztertu eta neurri gehiago hartu edo ez erabakitzeko. 

Hemen duzue ostiral honetan plazaratu duten lehendakaritza dekretua bere osotasunean. Aipatu moduan, gauerdian jarriko da indarrean neurri berririk ez dakarren dekretua. "Dekretu honetan aurreikusitako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, 2020ko abenduaren 10etik aurrera neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, kontuan hartuta data hori baino lehen edozein berregokitze egitea egokia edo beharrezkoa ere izan daitekeela", ohartarazten du aipatu dekretuak.

Neurri murriztaileetan egunotan izan den aldaketa bakarra; kafea edota alkoholik gabeko edariak eramateko zerbitzatu ditzaketela tabernek.

LEHENDAKARITZA

39/2020 DEKRETUA, azaroaren 20koa, lehendakariarena, zeinaren bidez bigarrenez honako dekretu hau aldatzen baita: 36/2020 Dekretua, urriaren 26koa, lehendakariarena, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak –SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duenak– birusaren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriak aurreikusten ditu, eta horien erabilgarritasuna egiaztatuta geratu da, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo baitute; hori guztia Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin bat etorriz. Azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera hori luzatu egin zen, eta 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatzeko aurreikuspena egin zen.

Testuinguru horretan, lehendakariak bere eskumenez baliatuz emandako urriaren 26ko 36/2020 Dekretuan, adierazpen orokor batez gain, eranskin bat ere zehaztu zuen, eta, horren bidez, osasun publikoaren arloan jada hartutako neurri espezifikoak zehatz-mehatz eguneratuta, oinarrizko eskubideei eragiten dieten eta alarma-egoeraren erregulazioan kokatzen duen aurreikuspen espezifiko bat duten hainbat neurri zehazten dira, agintaritza eskudunak osasun publikoaren krisi-egoerari aurre egiteko ezinbestekoak diren modulazio egokiak ezarri ahal izan ditzan, haren larritasun handiarekin proportzionalak, oinarrizko eskubiderik eten gabe, Konstituzioaren 55. artikuluak eskatzen duenaren arabera.

Lehendakariaren 36/2020 Dekretuan konpromisoa hartu zen neurrien ebaluazio jarraitua eta jarraipena egiteko, neurri horiek egoera epidemiologikora egokitzen direla bermatzeko. Horren ondorioz, azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuaren bidez egindako lehen aldaketa batean egin ziren zehaztapen berrien panela eman zen. Aipatutako ebaluazio- eta jarraipen-prozesua etenik gabe egiteak beste erabaki bat hartzea dakar, Labiren foroko zehaztapen eta neurri sakonak aztertu ondoren, kasu honetan, hartutako neurrien luzapena islatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariari dagokio, agintaritza eskuordetu gisa, alarma-egoeran eraginkortasunez ezartzen den zehaztapena onartzea.

Horrenbestez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoaren arabera, honako hau

XEDATZEN DUT:

Luzatu egiten dira urriaren 26ko 36/2020 Dekretuan –azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuak aldatua– egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko hartutako neurriak, alarma-egoeraren adierazpenaren esparruan prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dituztenak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan aurreikusitako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, 2020ko abenduaren 10etik aurrera neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, kontuan hartuta data hori baino lehen edozein berregokitze egitea egokia edo beharrezkoa ere izan daitekeela.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek 2020ko azaroaren 21eko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko azaroaren 20an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.