Usurbil Sahararekin

"Erreferenduma berehala bideratu dezatela eskatzen diegu"

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 21a, 14:05

Espainiako Gobernuari deskolonizatzeke dagoen saharar herriarekiko erantzukizuna bere gain hartzea, eta Nazio Batuen Erakundearekin batera, herri honen "autodeterminazio-eskubidea aitortzen duen erreferenduma berehala bideratu dezatela". Hortxe, larunbat eguerdi honetan, Marokok 1991ko su-etena hautsi izana salatzeko eta saharar herriaren askapenaren alde eguerdian Mikel Laboa plazan egindako elkarretaratzea deitu duen herritar taldeak mobilizazio amaieran egin dituen eskakizunetako batzuk. Gogor salatu dute, Marokoko Erresumak 1991tik indarrean zen su-etena apurtu izana. Herri sahararrari eta Fronte Polisarioari erabateko elkartasuna adierazi diete. Lerrootan, eguerdiko mobilizazioko deitzaileek plazaratu duten adierazpena osorik.

ADIERAZPENA
Sahara Euskadi mugimenduak, Euskadiko Fronte Polisarioaren Ordezkaritzarekin batera, saharar lurraldearen egoerarekin kezkatuta, indarrak batu eta elkarrekin jardutea erabaki du. Horrela, koordinazio-prozesu bati ekin zaio eta azaroaren 21ean, larunbata, Euskadi osoan gauzatzen ari den elkarretaratze hauxe egitea erabaki dugu.

Pasa den azaroaren 13an (ostirala), Marokoko Indar Armatuek nahita urratu zuten 1991tik indarrean zegoen bi aldeek adostutako Su-Eten Akordioa. Marokoko Erresumak indar militarrak bidali zituen Guerguerateko legez kanpoko pasabidearen ekialdera, duela lau astetik, bertan, manifestazioak egiten ari ziren saharar herritarren kontra.

Mobilizazio horiek 2001ean Marokok Guergerat-en legez kanpoko arrakala ireki zuela salatzen zuten, Nazioarteko Zuzenbidea urratuz. Nazio Batuen oniritzia duen Bake Akordioan (1988), eta Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko akordio militarretan jasotzen den bezala, Marokoko harresi militarrean ezin da pasabiderik ireki.

Marokoko eraso militarraren aurrean, su-etenaren haustura izanik, Fronte Polisarioak bidezko defentsa egin zuen saharar biztanleria zibila babesteko. Eraso honek Marokoko harresian zehar liskar batzuk hasi zituen, 29 urteren ondoren berpiztu zen gerra bat deklaratuz. 

Horiek kontutan izanik, honakoa eskatzen dugu euskal elkartasun-mugimendutik:
-Herri sahararrarekiko eta haren legezko ordezkari den Fronte Polisarioarekiko zalantzarik gabeko elkartasuna berresten dugu.
-Marokoko Erresumari egozten diogu 1991ko Su-Etena apurtu izana.
-MINURSO eta Nazio Batuak inguru horretan segurtasuna mantentzeko eta azaroaren 13ra arte modu baketsuan manifestatzen ziren saharar herritarrak babesteko gai ez direla adierazi nahi dugu, bai eta azken 45 urteetan ezer egin ez dutela.
-Espainiako Gobernuari eskatzen diogu bere gain har dezala deskolonizatzeke dagoen Afrikako azken lurraldearekiko erantzukizuna.
-Nazio Batuen Erakundeak eta Espainiako Gobernuak saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea aitortzen duen erreferenduma berehala bideratu dezatela eskatzen diegu.

Elkartasun mugimendu gisa, herri sahararra bere kausa legitimoari irtenbidea bilatzeko bakea eta elkarrizketa nahi dituen herria dela azpimarratzen dugu. Herri nekatu, zapuztu eta gogaitu bati ezartzen zaion guda berri bat da hau. 45 urte hauetan bete gabeko hamaika promesa jasan behar izan dituena. Eragindako urraketen aurrean, Marokok eta bere laguntzaileek, saharar herriaren bakearekiko eta konponbide baketsuarekiko konpromisoa ahuleziarekin nahasi dute.

Euskal Herria herri solidarioa izan da beti saharar herriarekin eta bere borrokarekin. Beste behin ere, gaur bezala, datozen egunetan Euskadiko herri eta hiriburuetan antolatuko diren mobilizazioei adi egoteko gonbita egiten dizuegu. 

Sahara Euskadi Mugimendua

Euskadirako Fronte Polisarioaren ordezkaria M. Limam Mohamed Ali