Usurbil Sahararekin

"Duintasunez bizi nahi dugu, munduko gainerako herriek bezala"

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 21a, 13:59

Duintasunez, aske bizitzeko nahiak bizirik dirau, eta horren alde borrokan segitzen du saharar herriak. Oso argi utzi dute gaur eguerdian, Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzean Usurbilen bizi diren sahararrek. 

Esker ona adierazi diote gure artean bizi diren sahararrek Usurbilgo herriak gaur eta orain arte, urte luzez adierazitako babesagatik, udalerri honetan bizitzen denbora daraman Fatimetuk zioen moduan, "justua den kausa honetan". Hitza hartzea eta burujabetasuna, hamarkada luzez eragozten ari zaien autodeterminatzeko eskubidea aldarrikatzen dute. "Duintasunez bizi nahi dugu, munduko gainerako herriek bezala". 

Ez dute gerrarik nahi, bakean eta aske bizi nahi dute. "Saharar herria herri baketsua da, ez ditu gerrak gustuko". Baina argi utzi du, "gure lurra defendatzera derrigortuak gaude".  Hori lortzeko ari dira borrokan. "Gure herriaren alde borrokatuko dugu, gure gorputzeko azken odol tanta bota arte". Ez badute lortzen, Fatimetuk zioenez, hilerria bihurtuko da euren herria eta hara joaten direnak jabetuko dira, bazela behin, diktadore eta erregeen mandatuetatik at, "duintasunez bizi nahi izan zuen herri bat".

Usurbilen bizi den beste saharar batek, Mohamedek ere hitza hartu du, Fatimetuk adierazitakoa berresteko. "Ez dugu gerra gustuko, oso herri baketsua gara, ia 30 urtez erakutsi dugu hori". Bizi duten gatazka, 1991n saharrarei autodeterminatzeko eskubidea aitortzen zien erreferendum libre baten bidez konpontzea adostu zen. Hiru hamarkada igaro dira ordea eta ezer ez. "29 urte daramatzagu zain". 

Bide politikoetatik lortu nahi dute herriaren askatasuna, "inor mindu gabe, inork gu mindu gabe. Baina ezinezkoa izan da". Marokok 1991tik indarrean zen su-etena hautsi du. Historiara jota, ez da bakean eta aske bizi nahi duen herriak sufritutako bidegabekeria bakarra. Mohammedek XIX. mende amaieratik bizitakoa laburbildu du.

100 urtetik gora borrokan dihardute eta. Baina azken hamarkada hauetan gertatu bezala, Mohamedek zioenez, "munduak Sahararen arazoari entzungor egin dio, nazioarteko ordezkari politikoek ez ikusiarena egin dute". Saharar herriarentzat egoera jasangaintza izatera heldu da. Oihu artean, "Sahara askatu!" eskatu dute eguerdian, eta espainiar estatuari gogorarazi diotenez, "Sahara ez dago salgai".

Ondoko bideoan dituzue bere eta Fatimeturen adierazpenak.