NOAUA!ren Kulturaldia

Orbeldi Dantza Taldeak aldi baterako azken emanaldia eskaini du Sutegin

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 22a, 09:02

Covid19-aren hedapena murrizteko Eusko Jaurlaritzak azaroaren 7an indarrean jarritako neurriek Orbeldi Dantza Taldekoen jarduna eten zuten. Emanaldi profesionaltzat hartu zutelako eskaini ahal izan zuten Korrontzirekin batera, NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiko ikuskizuna. Aldi baterako azkena.

"Bertan behera geratzen dira musika- eta ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak". Horrela zioen, covid19-aren hedapena geratu asmoz, Eusko Jaurlaritzak azaroaren 7an indarrean jarri zituen neurri murriztaileetako batek. Argi denez, EAE osorako debeku horrek Usurbilen ere eragin zuzena izan zuen; Orbeldi Dantza Taldekoen jarduna etetea ekarri zuen. Ahalegin itzela egina zuen, ezohiko ikasturte berri hau, covid19-ak eragindako osasun krisialdira egokitzeko. Gaztetxoen entsegu saioak ere atzeratu behar izan zituzten, ezarritako segurtasun baldintzak beteko zituen espazio berriak bilatzeko ere lanean jardun zuten...

Neurrietara egokitu berritan heldu zen, jarduna erabat etenarazi zien azaroaren 7ko debekua. Bitarte horretan gainera, larunbat honetan, NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiaren baitan Korrontzikoekin eskaini duten ikuskizuna ere prestatzen hasiak ziren. Jaurlaritzaren azaroaren 7ko neurri murriztaile berriek kolokan jarri zuten emanaldia. Ia bertan behera geratzekotan zen, baina azkenean, neurriotan ere salbuespenak badaudenez, Korrontziren parte hartzea tarteko, emanaldi profesionaltzat jo zuten atzokoa; eta Orbeldikoek ikuskizun hau behintzat prestatzen segi ahal izan dute asteotan. Gainerako jardun osoa ordea bertan behera utzi behar izan dute; gaztetxo zein helduen ikastaroak...

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiaren baitan larunbat honetan eskaini duten ikuskizunarekin agur edo egokiago adierazita, "gero arte" modukoa esan digute Orbeldikoek. Merezi moduan, Sutegira joandakoen txalo zaparrada eta publikoaren babes osoarekin irten ziren auditoriotik.