"Izan bidea"

Preso eta iheslarien auzia konpontzearen aldeko martxa egin dute

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 23a, 13:43

Sarek deituta, preso eta iheslarien auzia konpontzearen aldeko martxa egin dute igande goiz honetan herrian barrena, udaz geroztik abian duten "Izan Bidea" dinamikaren baitan.

"Bidea gara, bidean gaude" zen mobilizazioaren aldarria. Ezin nabarmenago goraipatu dute herritarrek osaturiko mobilizazio luzeak. Usurbilgo Sarek antolatutako martxa Mikel Laboa plazatik abiatu da. Kalezar, Zubieta eta Santuenea zeharkatu ditu. Covid19 garaiotako gainerako ekimenen antzera, parte hartzaileek musukoak jantzita, segurtasun tartea errespetatu duten bi ilaretan. 

Bidea egiteko lagunak behar, eta bidelagun ilara luzea osatu dute Sarek deitutako martxan. Guztiak, preso eta iheslariaren auzia konpontzearen eta salbuespen legedia amaitzearen alde urratsak ematen herrian barrena. Usurbilen bezala ekimen anitz egin dira asteburuan zehar Euskal Herri luze zabalean. "Guztiak norabide berean; herritarren aktibazioa piztu, preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jarri eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak emateko", Sareren esanetan.

Bilboko manifestazioaren ordez, mobilizazioak herriz herri
Bizi dugun osasun krisialdia tarteko, Sarek urte hasieran Bilbon antolatu izan duen manifestazio masiborik ez da izango bi hilabete barru. Horren ordez, urtarrilaren 9an herrietan mobilizatzeko deia egin du arratsaldeko 17:30etan, "osasun-segurtasunerako neurri guztiak errespetatuta. Leku zabaletan, non guztiok izango dugun aukera bakea, konponbidea eta bizikidetza aldarrikatzeko".