Euskaraldia

Kabaret eta bertso saioak, hitzaldia eta musika, Euskaraldia girotzeko

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 24a, 09:20

Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den herri batzordeak, ostiralaz geroztik abian den ariketa kolektiboa girotzeko ekitaldi sorta antolatu du egunotarako. Adi, hainbat hitzorduetarako izena aurrez bideratu beharko baita usurbilkultura.eus atarian. Hemen duzue egitarau osoa.

EUSKARALDIA USURBILEN
Azaroak 28, larunbata
19:00 "Esnatu naiz" kabareta Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Euskaraldiko egitarauaren barruan, Donostiako Poltsiko Antzerkiko Sorkuntza Deialdian aipamen berezia jasotako ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Elurrek Londresko The Pink flamingo klubean egiten du lan. Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende asko joaten da bera ikustera. Harrigarria izan da Elurren eraldaketa. Izan ere, duela 10 urtera arte baserrian bizi zen bere familiarekin. Nola demontre lortu du baserritan euskaldun honek underground mugimenduko modako artista izatea Londresen? Zer bizipen izan ditu Elurrek azken 10 urte hauetan? Eta zergatik da Beyoncé honen guztiaren erruduna? "Esnatu naiz" antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen showa da. Identitatea, giza-harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, besteak beste, baina batez ere, gure nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbita egiten digu".

Sarrera: doan azaroaren 26a baino lehen, usurbilkultura.eus atarian.
Edukiera: 78 pertsonentzako lekua.


Abenduak 1, asteartea: "Mikel Laboa gogoan"
Egun osoan: 12 urte dira Mikel Laboa zendu zela. Usurbilen hainbeste maite genuen Mikel gogoan izango dugu, egunean zehar bere musika entzunez. Bestalde, azaroaren 30etik abenduaren 6ra bitartean, Mikeli idazteko Erregistro Liburua herritarren eskura egongo da Sutegi liburutegian.


Abenduak 3, osteguna: Euskararen Eguna
19:00 "... nahi dugu hitz eta jolas" bertso saioa Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: Sustrai Colina eta Jone Uria bertsolariak euskararen erabilerari buruz jolasean jarriko ditu Imanol Artola "Felix" gai-jartzaileak, hizkuntzarekin eta hizkuntzatik. Euren bizipenak bertso-saio tematikoan kantatuko dituzte: seriotik, umoretik, sakonetik, azaletik...
Sarrera: izena eman abenduaren 1a baino lehen usurbilkultura.eus atarian.
Edukiera: 78 lagunentzako lekua.

 
Abenduak 4, ostirala: 
18:00 Onintza Enbeitaren "Non gelditu gara gu?" hitzaldia Sutegiko auditorioan. 
Zehaztasunak: "Euskalgintza, feminismoa eta pandemia aztergai: “Mundua bere buruari begira gelditu den honetan, gure borroka txikiek zail daukate euren burua erakusten. Helmuga betikoa da orain ere: Euskal Herria euskalduna eta feminista. Zein izango dira ordea estrategia berriak? Egoeraren irakurketa kolektiboarekin hastea onena".
Sarrera: abenduaren 2a baino lehen usurbilkultura.eus atarian. 

Edukiera: 78 lagunentzako lekua.

Antolatzailea: Euskaraldia Usurbil.